NaBaik 2010eko biktimen legea aldatzera deitu ditu PSN, Bildu eta Ezkerra

Nafarroako Gobernuak dio proposamena «ideologikoa» dela, eta ez dituela «biktimak eta terroristak bereizten»

joxerra senar
Iruñea
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
2010eko apirilean, UPN, PSN, CDN, IU eta orduan NaBain zegoen Joseba Ezeolazaren (Batzarre) botoekin aurrera atera zen Terrorismoaren Biktimen Legea. Bi urteren ondoren, Nafarroa Baik uste du lege hori «zaharkituta» geratu dela, eta frankismoaren garaian ezarritako irabazle eta galtzaileen arteko eskemari erantzuten diola. Hori horrela, foru legea moldatzeko proposamena aurkeztu du. «Proposamenaren oinarrizko mezua da berdintasuna. Ez badago berdintasunik, ez dago demokraziarik», dio Patxi Zabaletak. Proposamenaren arabera, motibazio politikoko indarkeria jasan duen biktima orok izan behar du tokia. Horregatik, foru legea aldatzera dei egin die Bilduri, PSNri, IUri eta Batzarreri: «Ordua da parlamentariok ere egiazko ekarpena egin dezagun bakegintzan».

Proposamenak gogorarazten du lege hori onartu zenetik «funtsezko aldaketa» bat izan dela, eta ETAk behin betiko bere indarkeriaren amaiera iragarri duela. Haren ustez, foru legeak ez dio erantzuten egungo errealitateari, eta horren adibide da udan Parlamentuan egin zen erakusketa. Zabaletak zenbait alderdik gaiaren inguruan egiten duten erabilera politikoa salatu du, eta legea «propagandarako» erabili dela salatu du. Haren ustez, «egia eta memoria» exijitu behar dira, biktima guztien mina aitortu eta kalte-ordaina egon behar du, eta legeak motibazio politikoko biktima oro berdin tratatu behar ditu.

Gobernuaren ezadostasuna

Berez, legea aldatzeko proposamena irailaren hasieran aurkeztu zuen taldeak Parlamentuan, eta Eledunen Mahaian onartu ondotik, gobernuari igorri zitzaion, erantzun bat eman zezan. Nafarroako Gobernuak atzo bertan «erabateko ezadostasuna» azaldu zion egitasmoari. Haren ustez, «erabat politikoa eta ideologiakoa» da, «biktimen eta terroristen artean bereizten ez duelako». ETAren biktimei «mespretxua» azaldu diela deritzo. Behin erantzun hori jasota, proposamena Parlamentura itzuliko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.