Muturrak ertz izateari utzi dio

Eskuin muturraren gorakada instituzioetan duten tokitik harago doa, eta lekua hartzen ari da eztabaida politikoan; batez ere, hura sare sozialetan egiten denean.

BERRIA
BERRIA
Iosu Alberdi.
2024ko abenduaren 29a
05:00
Entzun

Donald Trump, Javier Milei, Giorgia Meloni, Marine Le Pen, Santiago Abascal… Eskuin muturraren olde berriaren aurpegi ezagunenetako batzuk dira. Horietako zenbaitek estatuetako instituzio nagusiak kontrolatzen dituzte jada, eta beste batzuek nabarmen areagotu dute beren eragin politikoa. Gorakada hori aurpegi jakin batzuetatik edo erakundeetan duten lekutik harago doa, ordea, eta bada lortzen ari diren beste helburu bat ere: euren markoak ezartzen ari dira, eta gizartean ezarriak ziruditen zenbait oinarri hausten.

Nola iritsi da, ordea, eskuin muturra eztabaida politikoaren ertz batetik gero eta espazio gehiago bereganatzera? Galderak ez du erantzun sinple eta bakar bat. Hor daude 2008ko krisi ekonomikoa eta harekin batera ezarritako austeritate politikak, egungo gerra testuingurua, politika instituzionalarekiko atxikimendu falta... Eta horiekin batera, EHUko irakasle Igor Ahedok egungo sistemaren oinarri diren bi ildo politiko nagusien —sozialdemokratak eta demokristauak— «ofentsiba arduragabeak» ere aipatu ditu. Batetik, hain zuzen, atxikimendu falta eragiteagatik. Bestetik, krisi ekonomikoaren ondorioz indar hartu zuten «erresistentzia identitateekin» izan duten jarreragatik.

Izan ere, EHUko irakaslearen esanetan, testuinguru hartan, identitate irekiek hartu zuten indarra lehenik; besteak beste, M-15 mugimenduak. Eta erabiliz definitu ditu halakoak: «Ni eta besteak». Sistemaren erantzuna, baina, haiek «suntsitzea» izan zen. Eta lur antzu horretan, bestelako identitate batzuk hazi dira. Edo. «Gureak edo besteak».

Musk, Milei eta Trump, Floridan, azaroan. ARGENTINAKO PRESIDENTETZA / EFE
Musk, Milei eta Trump, Floridan, azaroan. ARGENTINAKO PRESIDENTETZA / EFE

Halere, Ahedoren esanetan, ez da nahikoa 2008ra atzera egitea egungo eskuin muturraren oinarrietara iristeko. Zortzi hamarkadako jauzia egin du, Friedrich Hayek ekonomistak planteatutako diseinura: «Bigarren Mundu Gerraren ostean sozialismoak hartutako rolaren aurka planteatzen duen kontraerasoa».

Ildo hura 1980ko hamarkadan iritsi zen gorenera, Margaret Thatcher eta Ronald Reagan hurrenez hurren Erresuma Batuko eta AEBetako gobernuen buru zirela. Eta, hain zuzen, Ahedok gogora ekarri ditu Thatcherrek Woman’s Own aldizkariari egindako adierazpenak: «Historiara pasatu da esan zuelako gizartea ez dela existitzen, baina oharkabean igaro zen amaieran esan zuena: ekonomia bizitzaren erdigune bihurtzea zuela helburu».

Hau da, ekonomia da lehentasuna, eta bigarren mailako afera da kapitalismo neoliberalaren garapen horri bide emango dion eredu politikoa. Berdin balio dezake eredu demokratiko batek edo autoritario batek. Eta hala egin du Ahedok jauzi berriz ere egungo testuingurura, neoliberalismoaren «mutazio autoritarioari» erreferentzia eginda: «Eredu bigunak, Tony Blairrek sustatutako neoliberalismo sozialdemokratak, funtzionala izateari utzi dio, eta eredu gogorraren inguruan artikulatu da: Mileiren eta Trumpen neoliberalismo populista eta libertarioa».

«Neoliberalismo sozialdemokratak funtzionala izateari utzi dio, eta eredu gogorraren inguruan artikulatu da: Mileiren eta Trumpen neoliberalismo populista»

IGOR AHEDOEHUko irakaslea

Autoritarismoa eta populismoa aipatu ditu Ahedok. Hain zuzen, Cas Mudde politologo herbeheretarrak eskuin muturraren ildo politikoaren oinarritzat jotzen dituen hiru elementuetatik bi. Hirugarrena natibismoa da: muturreko nazionalismo baztertzailea.

Halere, Deustuko irakasle Miren Gutierrezek «zentrala» den beste bat ere batu du zerrendara, laugarrena: antifeminismoa. Hala frogatu du NUPeko ikertzaile talde batek, Voxen diskurtsoa aztertuta. «Analisiak agerian uzten du generoaren erabilera estrategikoa dela, adibidez, immigrazioaren arloan egiten dituen proposamen murriztaileak legitimatzeko», zehaztu du irakasleak.

Gorrotoa, tresna gisa

Nola lortzen dute gizartearen sektore gero eta zabalagoek ideia horiek barneratzea? Gutierrezen esanetan, eskuin muturra gaitasuna erakusten ari da «hainbat gai kritikotan» bere interpretazio esparruak inposatzeko, hala nola migrazio, klima larrialdi eta segurtasun gaietan. Eta diskurtso ongi egituratu baten bidez egiten du.

Horri erreparatuz, Gutierrezek hiru osagarri bereizi ditu eskuin muturraren komunikazio estrategian: «Mezuak errepikakorra, emozionala eta sinplea izan behar du». Hala, errepikatzearen poderioz, ohiko hiztegian txertatzen dituzte zenbait kontzeptu eta hitz, eta horrekin pentsatzeko modu bilakatzen. Era berean, «jendearen beldurra, gorrotoa, nahiak eta itxaropena» erabiliz, lotura emozionalak sortzen dituzte.

Hain zuzen, beldurra da eskuin muturraren diskurtsoetan presente dauden emozio nagusietako bat. Zer gertatuko den ez jakiteak eragindako «ziurgabetasunak eta kapitalismo harrapakariak» aktibatzen duen beldurra, Ahedok zehaztu duenez.

Meloniren grafiti bat, Napolin. STRINGER / EFE
Meloniren grafiti bat, Napolin. STRINGER / EFE

EHUko irakasleak, baina, beste hiru faktore emozional ere nabarmendu ditu, Eva Illouz soziologoaren La vida emocional del populismo (Populismoaren bizitza emozionala) liburuari erreferentzia eginda. Batetik, nazka. Zerbaiten edo norbaiteganako mespretxua, eta, horrekin batera, deshumanizazioa. Bestetik, erresumina. Boteretsuentzat erabilgarria izan arren, herriaren defendatzaile gisa azaltzeko gaitasuna: «Mekanismo erreaktibo bat eratzen du, jendeak erresumina sentitu dezan beraren aspirazioak ase ezin dituen elitearekiko».

Azkena maitasuna litzateke. «Statu quo sozialdemokrataren kontrakoak» batzen dituen taldearenganako maitasuna, EHUko irakasleak adierazi duenez. Izan ultrakontserbadore edo ultraliberal. «Hala ulertzen da Kapitolioaren kontrako oldarraldian bat egitea bisontez jantzitakoek eta Gadsdenenbanderadun libertarioek».

Beste tresna bat «ainguraketa efektu» deritzona da. Hau da, iritzi publikoan gehienek onartuko ez lituzketen gehiegizko aldarriak egiten dituzte. Hala, hortik abiatuta, onargarriago egiten dituzte horren gogortzat jotzen ez diren argudioak, lehendik ezarrita dauden mugak leherraraziz. «Aingura bada Cid Campeadorren itzulera eta errekonkista bat gauzatzea, onargarriagoa irudituko zaigu migratzaile batzuk kanporatzea», esan du Ahedok.

‘Fatxatuberren’ harrotasuna

Azken urteetan, gainera, sare sozialek «berebiziko garrantzia» hartu dute komunikazio estrategia horretan, Gutierrezen esanetan, oso baliagarri zaizkielako mezuak normalizatzeko eta hedatzeko. Izan ere, eskuin muturreko mugimenduek estrategia digitalera bideratu dute euren aurrekontuen parte handi bat: kanpaina tradizionalak baino merkeagoak dira, eta eraginkorragoak xede talde batera iristeko; hau da, gazteengana ailegatzeko «bozgorailu indartsuak» dira.

Hala, Deustuko irakasleak azaldu du Gab, Facebook, Tiktok, X, Telegram, Twitch, Youtube eta abar «gotorleku» bilakatu direla «diskurtso erradikalak» zabaldu eta publikoa «doktrinatu» nahi dutenentzat: «Fatxatuberrak eta ultraeskuineko beste influencer batzuk harro daude antifeministak, homofoboak eta arrazistak izateaz, eta haien eragina sareetatik kalera iristen da».

«Ultraeskuineko 'influencer'-ak harro daude antifeministak eta arrazistak izateaz, eta haien eragina sareetatik kalera iristen da»

MIREN GUTIERREZDeustuko irakaslea

Gainera, jarrera hori bi aldeentzat da mesedegarria. Batetik, Gutierrezek esan bezala, eskuin muturrak trebezia handia erakutsi duelako plataforma horietan «demagogia eta desinformazioa» erabiliz diskurtso arrazista, sexista eta LGTBIfobikoak adierazpen askatasunaren aitzakiapean ezkutatzeko. Bestetik, plataformek «eduki erradikal, bortitz eta polemikoak» hauspotzen dituztelako gorrotoa eta beldurra eragin, eta hala datu gehiago sortzeko. Hain zuzen, horiek monetizatzea da enpresa horien negozio eredua, Gutierrezek azaldu duenez.

Izan ere, plataformetako algoritmoak arreta harrapatzeko diseinatuta daude. Zehazki, Gutierrezek azaldu du untxiaren gordelekuak sortzen dituztela, eta «pixkanaka (des)informazio-unibertso paraleloak» osatzen: «Unibertso horiek elkar berresten duten iturri batzuez osatuta daude, eta horrek muturreko diskurtsoak indartzen eta normalizatzen ditu, erabiltzaileek gero eta muturreko eduki gehiago ikus ditzaten».

Erantzun bat

Bada, baina, halako diskurtsoei aurre egiteko modurik? Mundu digitaletik atera gabe, Gutierrezek azaldu du badirela erabiltzaileek har ditzaketen neurriak. Batetik, troll-ak blokeatzea eta salatzea. Bestetik, eduki eraikitzaileak eta interesgarriak zabaltzea, eta ondo jarduten duten erabiltzaileak sustatzea. Eta hirugarren bidea plataforma uztea bera da. «Emakume askok sendaketa gehiago eta giro hobea duten plataformak aukeratzen dituzte».

Voxen ekitaldi baten kontrako protesta, 2020an, Sestaon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Voxen ekitaldi baten kontrako protesta, 2020an, Sestaon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Eta hortik kanpo ere asko dago egiteko. Gutierrezek azaldu du ez dela nahikoa eskuin muturraren gezurrak agerian jartzea, eta neurri gehiago behar direla: «Adibidez, gertaeretan oinarritutako edukiak azkar eta eraginkor sortzeko ekinaldiak daude, gezurrezko eta gorrotozko edukiei erantzuteko eta horiei aurre egiteko».

Ahedoren esanetan, berriz, «ausardia» behar da, eta errealitatera egokitutako hizkera bat erabili behar da: «Ez du zentzurik garapen jasangarrirako helburuez hitz egiteak, iritsiko ez den ortzimuga bat bezala ikusten direlako helburuak. Garapen jasangarrirako emaitzez hitz egin behar da. Baina, horretarako, adierazpenak soilik ez: egitateak ere behar dira». Edo beste hitz batzuetan: «Marko kognitiboa aldatu behar da: desirez hitz egin beharrean, errealitateaz hitz egin, eta errealitatea eraiki».

Aldaketa horrek «mugimendu instituiente eta disruptibo demokratikoen» bidez iritsi behar duela azaldu du Ahedok. Izan ere, haren esanetan, marko kognitiboen arteko lehia bat dago. Batetik, elkartasunean oinarritutako eredu kooperatiboa: «Bizitza eta zaintza erdigunean jartzen dituena». Bestetik, muturreko neoliberalismoaren markoa: «Indartsuenak irauten duela dioen logika harrapakaria: Llados, Musk, kriptodirua...».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (6)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.