Suteak

Mutrikun erretako eraikina eraitsi edo ez erabakiko dute datozen orduetan

Atzo gertatutako suteak kalte handiak eragin dizkio egurrezko egiturazko blokeari, eta erortzeko arriskuan dago. Bost lagun zauritu dira.

Suhiltzaileak lanean, atzo, Mutrikun. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Suhiltzaileak lanean, atzo, Mutrikun. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko uztailaren 22a
08:45
Entzun

Atzo goizean su hartu zuen Mutrikuko (Gipuzkoa) Barrenkale kaleko eraikin batek, eta ezbeharrak kalte larriak eragin dizkio egiturari. «Oso kaltetuta dago, eta argi dago osorik berritu beharko dela; kontua da nola», aitortu du Joseba Palenzuela alkateak, eta iradoki litekeena dela eraikina eraistea ere. Teknikariek 72 orduko epea jarri dute eraikina bota edo ez erabakitzeko, eta, bitartean, kalea itxita dago.

Bost lagun zauritu ziren suaren ondorioz. Horietako bik erredurak izan zituzten, eta Gurutzetako ospitalean artatu behar izan zituzten. Sua Barrenkale kaleko 6. zenbakiko hirugarren solairuan hasi zen, eta hustu egin behar izan zituzten eraikin hori eta ingurukoak. 

Sutea hasi eta berehala erori egin zen, esaterako, solairuak elkarren artean lotzen dituen eskailera, eta horrek zaildu egin zituen erreskate lanak. Funtsezkoa izan zen kalean zebiltzan herritarren eta garbiketa zerbitzuen esku hartzea. Behin hara iritsita, suhiltzaileek azkar kontrolatu zuten egoera, berehala mobilizatu baitziren Markina-Xemeingoak, Iurretakoak (Bizkaia), Zarauzkoak, Eibarkoak eta Azpeitikoak (Gipuzkoa).

Erortzeko arriskuan

Suhiltzaileen arabera, erortzeko arriskuan dago egurrezko egitura duen blokea. Litekeena da lehen bi pisuak salbatzea, baina datozen orduetan argituko dute hori. Ikertzen ari dira sutea zerk eragin zuen.

Inguruko etxeetako bizilagunak, behintzat, ezingo dira euren etxeetara itzuli pare bat egunez, eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta Mutrikuko Udala herritar horiekin harremanetan dira, bermatzeko badutela behin-behinean lo egiteko tokia. Irune Berasaluze Gobernantza diputatuaren arabera, oraingoz inork ez du laguntzarik behar izan, badutelako gaua non pasatu.

Suhiltzaileak, atzo, Mutrikun (Gipuzkoa). JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Suhiltzaileak, atzo, Mutrikun (Gipuzkoa). JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Hustu duten eraikinetako bat Olazaharra Mizkia jauregia da, XVII. mendearen amaieran eraikitakoa, eta monumentu historiko-artistiko izendapena duena. 

Ezusteko ezatsegin batekin hasi dira malenak Mutrikun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.