Iñaki Ugalde. Mutiloako alkatea

«Mutiloara hiri hondakinak ekartzea ezin du onartu udalak»

Gipuzkoako hiri hondakinak herrira eraman nahi dizkiete, baina, udalaren esanetan, ezin da hori egin. Mutiloako hondakindegiak soilik gai inerteak har ditzakeela azaldu du alkateak.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2016ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Laugarren agintaldia du Mutiloako alkate Iñaki Ugaldek (Mutiloa, Gipuzkoa, 1967). Mutiloako Herri Kandidatura hautagaitza independenteko hautetsia da —hark ditu udaleko zazpi zinegotziak—. Gorabeheratsuak izaten ari dira azken asteak herrian; industriako gaietarako hondakindegia dute herrian, eta hiri hondakinak hara eramaten hasi nahi du GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, zabortegiaren jabearekin ituna eginda. Inguruan kezka handia zabaldu du horrek. Donostian agerraldia egin zuten atzo udaleko ordezkariek, eta asmoa bideraezina dela ohartarazi zuten.

Mutiloako zabortegian ezin daitezke hiri hondakinak hartu, udalaren arabera. Zergatik ez?

Hiru arrazoi jarri ditugu mahai gainean. Lehenik, Mutiloako arau subsidiarioetan zehaztuta dagoelako zabortegian hondakin solido inerteak har daitezkeela. Bigarrenik, jarduera lizentzia daukalako zabortegiak, eta horretarakoxe dagoelako emana, hondakin solido inerteetarako. Eta hirugarrenik, enpresak, Cespak, gurekin hitzarmena sinatuta daukalako: solido inerteetara mugatzen da hori ere. 1997an sinatu zen hitzarmena, eta orain gutxi berritu da.

Badira aste batzuk hondakinak Mutiloara eramateko asmoa iragarri zutela, eta udalak argudio horiek jarri ditu mahai gainean. Jaso duzue inolako erantzunik?

Ez. Foru aldundiaren eta GHKren aurrean jarri ditugu arrazoi horiek, eta azterketa egitekotan geratu ziren. Ingurumen Sailarekin eta ahaldun nagusiarekin berarekin ere egon ginen. Geroztik ez dira gurekin harremanetan jarri. Faltan sumatzen dugu hori ere: pentsatzen dugu horrelako gai batek badaukala nahiko pisu gurekin hitz egiteko.

Hondakindegia daraman enpresarekin izan duzue harremanik?

Bai, enpresarekin bai. Proiektua orain aurkeztu dute, baina besterik ez dakigu. Haiei ere arrazoi berberak jarri dizkiegu mahai gainean. Esaten digute ingurumen aldetik baldintza guztiak betetzen dituztela, baina guk diogu ingurumen baldintzez aparte udalak badauzkala beste batzuk ere. Ez atzera ez aurrera dago kontua.

Aurreko asteburuan manifestazioa egin zuten, Mutiloara hiri hondakinak ez bidaltzeko. Kezka handia sortu da inguruan?

Bai, dudarik gabe. Plataforma bat eratu da, eta hor herritarrak daude; hori sortzeak erakusten du kezka badagoela. Udalari dagokio puntu batzuk begiratzea, zer egin daitekeen eta zer ez, baina herritarrak kontuan dauzka bestelako gaiak ere: bide berdea ingurutik pasatzen da, usaina, baserriak gertu daude, Ormaiztegiren kasuan trafikoa legoke... Zuzeneko eragina du herritarrengan.

Zein aukera ikusten duzue?

Orain daukaguna inerteen zabortegia da: bere jarduera lizentzia dauka, eta bere biziraupena. Bestea, ordea, beste gauza bat da. Gu ez gaude ados hiri hondakinak ekartzearekin. Eta ez da ados ez egote kontua: guk, udal gisa, araudiari begiratu behar diogu, eta udalak ezin du hori onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.