Mutil gazteak gero eta gehiago urruntzen ari dira mugimendu feministatik, EAEko Arartekoak erran duenez

'Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean' izeneko txostena aurkeztu du gaur arartekoak.

Euskal Herriko mugimendu feministaren agerraldia, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Euskal Herriko mugimendu feministaren agerraldia, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko urriaren 1a
15:30
Entzun

Euskal Herriko gazteak bertze belaunaldiak baino hurbilago daude feminismotik. Hala erakusten dute azken urteotan egin diren ikerketek, eta hori erakutsi dute Euskal Herrian egin diren hamaika mobilizaziok. Hurbiltasun hori, baina, nabarmen aldatzen da nesken eta mutilen artean, eta hala baieztatu du EAEko Arartekoaren azkeneko txostenak. Bertan ageri denez, 2020an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi ziren neska gazteen erdiek baino gehiagok «oso feministatzat» zeukaten beren burua; erantzun bera eman zuten mutilen kopurua, baina, nabarmen apalagoa da: %32 inguru. Are gehiago, txostenak dioenez, mutil gazteak gero eta urrunago daude mugimendu feministatik, «seinalatuta» sentitzen direlako.

Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean du izena dokumentuak, eta gaur egin dute aurkezpena, Gasteizen. Bortz ataletan banatu dute lana: berdintasun eta feminismo politikak; genero estereotipoak eta gizarte presioa; bikote harremanak eta sexualitatea; emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta diskriminazio sexista; eta emakumeen kontrako indarkeria matxista. Horietako bakoitzean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen errealitatearen laburpen bat egin dute, eta tartean Espainiako zenbait datu ere txertatu dituzte.

Berdintasun eta feminismo politiken atalean, gazteek mugimendu feministaren inguruan duten jarrera aztertu dute, eta desberdintasun argia topatu emakumeen eta gizonen artean. Izan ere, gizon gazteek uste dute aldarrikapen batzuk «urrunegi» eramaten ari direla, eta diskurtso feministak «errua» beraiei egozten diela. «Argudio hori bereziki zabalduta dago gizon gazteen artean, baina emakume gazte batzuk ere bat datoz», dio dokumentuak.

Horrekin batera, txostenaren arabera, «manosferaren» presentzia nabarmena da: «Askotariko eremu birtualak ugaritu dira, mugimendu feministaren akreditazioa galtzen laguntzen duten mezu erabat sexistak eta misoginoak aldarrikatzen dituztenak».

Genero estereotipoei dagokienez, txostenak dio gizartean dauden imajinario tradizionalak onartzen dituztela gazteek; maskulinitateari eta feminitateari lotutakoak guztiak. Halere, eredu hegemoniko horien inguruko jarrera kritiko eta disidenteak ere badaudela baieztatu dute. 

Alde horretatik, identifikatu dute itxura fisikoaren eta irudiaren gaineko kezka areagotu egin dela gazteen artean, eta hori dela haien «presio» nagusietako bat. «Emakume gazteek gizartean ezarritako itxaropenen eta edertasun estandarren ondorioz jasan ohi duten presioa askoz ere sendoagoa da, eta eragin handia du haien autobalorazioan», zehaztu dute dokumentuan. Horrekin batera, gazteek uste dute «agindu heteronormatiboak» urratzearen estigmak «eragin zuzentzaile handia» duela.

Indarkeria matxista

Gazteek lehen mailako arazo gisa jarri dute indarkeria matxista, txostenak dioenez. Halere, kasu horretan ere nabarmenak dira desberdintasunak: emakume gazteek gizonek baino argiago baitute indarkeria horren garrantzia. «Azken urteetan, emakume gazteek arazo horrekiko duten kezka areagotu egin da, eta gizon gazteen artean, berriz, alderantzizko joera ikusi da».

Gazteek lehen mailako arazo gisa jarri dute indarkeria matxista, txostenak dioenez. Halere, kasu horretan ere nabarmenak dira desberdintasunak.

Indarkeria mota batzuk «arinki» hartzen direla dio dokumentuak, eta «kezkagarria» dela gazte batzuek erakusten duten jarrera: «Testuinguru batzuetan saihetsezina dela esatea, adibidez». Bide horretatik, EAEko Arartekoak zailtasunak ikusi ditu gazteen artean indarkeria matxistaren adierazpen batzuk detektatzeko, batez ere nerabezaroan. 

«Nabarmen gutxitu dira erasotzaileen eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen inguruko mito faltsuak —emakumearen errua, erasotzailearen gaixotasun mentala—», erran dute. Zehaztuta gazteek mito faltsu horietako batzuk onartzen dituztela oraindik. 

Sexualitateaz

Gazteek sexualitatea ulertzeko duten modua aurreko belaunaldiek dutenetik nabarmen aldendu da, txostenak dioenez. Alde horretatik, «sexu moral» berri bat identifikatu dute: «Genero araudi berri baterantz aldatzea sustatzen du, zeinaren arabera emakumeek beren burua askatu eta sexua maitasunetik bereizi behar duten». Azaldu dute jokabide hori «emakumeentzako askapen gisa» aurkezten dela, baina ez dituela haien premiak kontuan hartzen; bai, ordea, «sexua ikuspegi maskulinoago batetik uler dezaten sustatzea, gizonen helburuetarako hobeto balio izan dezan».

Horrez gain, sexuari buruzko informazio iturri nagusia Internet dela baieztatu dute. Pornografiak gero eta rol garrantzitsuagoa du gazteen hezkuntza afektibo-sexualean, eta gero eta goizago hasten dira halako edukiak kontsumitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.