Gasteizko BEI autobus elektrikoan zihoan gizon batek gidari bati eraso zion atzo 19:00 aldera, Zaramaga kalean. Gizonak bere ondoan esertzea ukatu zion beste bidaiari bati, eta gidariarekin eztabaidatzen hasi zen gero. Autobusetik kanporatua izan zenean, gidariari eraso egin zion.
Lekukoen arabera, autobusa ia beteta egon arren, gizonaren ondoko eserlekua hutsik zegoen. Beste gizon batek esertzeko baimena eskatu zion, baina hark ezetz esan zion, eta eserlekuan skate bat jarri. Orduan, bi gizonak eztabaidan hasi ziren, eta gidaria bitartekari lanak egitera joan zitzaien.
Ondoan zeuden beste bidaiari batzuekin hitz egin ostean, gidariak erabaki zuen eserlekuan patina jarri zuen gizona autobusetik kanporatzea. Kanpoan, baina, gizonak gidariari eraso zion. Bidaiari batzuek Poliziari deitu zioten, eta gertatutakoa azaldu. Gidaria ospitalera joan zen azterketa bat egitera eta lesio partea jartzera. Antza denez, ez zuen aparteko lesiorik jasan, eta gaur itzuli da lanera.
Tuvisako batzordeak gertatutakoa baieztatu zuen, eta garraio enpresa publikoaren zuzendaritzakoek iragarri zuten kamerak aztertuko dituztela, erasoaren aurreko eztabaidaren berri xehe-xehe jakiteko.
«Erabateko gaitzespena»
Langileen batzordeak «erabateko gaitzespena» adierazi du ohar baten bidez. «Gure kideari laguntza eman nahi diogu, gertakari arbuiagarri horren ondoren behar duen laguntza pertsonala eta lege aholkularitza emanez». Gainera, Tuvisako zuzendaritzari eskatu diote erasotzailearen aurka «legez» jarduteko, dagokion salaketa jartzeko, eta erasoa jasan duen langilearen eta Udal Elkartearen interesak defendatzeko.
«Tamalez, horrelako gertaerek indartu egiten dute Tuvisako eraso eta jazarpen protokoloak serioski hartzeko beharra», adierazi dute. Horretarako, baina, «aspalditik» eskatuak dituzten neurri «eraginkorrak» behar direla azaldu dute. Eta, neurriekin batera, langileen aurkako jazarpen protokoloak egunera ditzala eskatu diote enpresari, halako erasoei «azkar eta eraginkortasunez» erantzun ahal izateko.