Erasoak

Mutiko gazte bati egindako eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza Bilbon

Duela zenbait egun gertatu zen, Ibarsusi kirol klubeko instalazioen kanpoaldean. Biren artean eraso zioten, eta beste batek bideoz grabatu zuen. Gertakariak oihartzuna izan du sareetan, eta samina eragin du.

Bilboko argazki orokor bat, artxibotik hartua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2022ko martxoaren 25a
10:14
Entzun

Mutikoak 13 urte ditu. Biren artean eraso zioten, Bilboko Txurdinaga auzoan. Zehazki, Ibarsusi kirol klubeko instalazioen kanpoaldean gertatu zen, erasoa jasan zuen mutila klub horretako kide baita. Beste mutil batek gertaera bideoz grabatu zuen. Irudiak ziztu bizian zabaldu dira sareetan, eta, bertan ikusten denez, erasotzaileetako batek bi ostikada eman zizkion mutikoari. Horren ondoren, grabatzeari utzi zioten.

Ertzaintza gertaera ikertzen ari da, baina zehaztu du oraindik ez dutela gertakariari buruzko berririk. Halaber, gaineratu dute erasoan adin txikikoak daudela, eta, beraz, ez dutela ez xehetasun gehiagorik emango ez eta erasoaren inguruko adierazpen gehiagorik egingo ere.

Klubeko kideak, atsekabetuta

Ibarsusi kirol klubeko ordezkariek ere hitz egin dute gertaera lazgarriaren inguruan. Jon Bilbao Garaizar Ibarsusi kirol klubeko presidenteak ohar batean adierazi duenez, gertakariaren berri izan eta berehala jarri da harremanetan erasoa jasan duenaren gurasoekin: «Zuzendaritza batzorde gisa, adingabearen gurasoen zerbitzura jarri gara, egin nahi duten edozein jardueratan laguntzeko».

Agintariekin, Bilboko Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin ere harremanetan jarri direla adierazi du Bilbaok, eta aurreratu du argitzen bada erasotzaileak Ibarsusi kirol klubeko kideak direla behar diren «diziplinazko neurri egokiak» hartzeko prest daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.