Musika ez da kultura bakarrik, botika ere bada, eta edozer izan daiteke. Nola bideratzen duzun da kontua». Xabier Lizaso Loidi piano jotzaileak «frogatutzat» du musika, era egokian erabilita, «botika ere» izan daitekeela. Izan ere, Do re ni izeneko metodoak zahartze «osasungarri eta aktiboa» izateko balio duen ikertu du; bera da metodoaren arduraduna eta ikertzaile nagusia. Hori jakiteko, diziplina anitzeko neuroestimulazioa erabili dute, musika, dantza eta antzerkia uztartuz. Osasun mentalean eta kognitiboan duen eragina neurtu dute.
2019an hasi ziren ikerketa diseinatzen. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak froga zientifikoak behar zituen metodoa eraginkorra zela ziurtatzeko, eta gaur egun erabiltzen dena baino «hobea eta merkeagoa» dela egiaztatzeko.
Horretarako, sei hilabeteko estimulazioa egin nahi zuen; guztira, 60 saio. Hiru neurologori aholkua eskatu, eta hirurek esan zioten ez zuela datu kognitiborik lortuko; estimulazioa egongo zela, baina ez zuela topatuko: «Garunean 80.000 milioi neurona daude; kristoren labirintoa da. Une oro daude konexioak».
Lizasori esan ziotenez, lau edo bost urteko estimulazioa beharko zuen, ez sei hilabetekoa bakarrik,eta gutxienez dementzia bat zuten 70 urtetik gorako pertsonak ikertu beharko zituen: «Itxuraz, garun gaixoetan askoz errazagoa da zerbait topatzea, garun sanoetan baino».
Jasotako erantzunekin «lur jota» gelditu zen Lizaso. Sei hilabeteko estimulazioa egin nahi zuen, baina pandemiara eta lortutako finantzaketa «txikira» moldatu behar izan zuen. «Esan ziguten sei hilabetean ez genuela lortuko, eta azkenean bost aste izan ditugu; 25 saio guztira», azaldu du Lizasok. Gaineratu duenez, emaitza «ikaragarriak» lortu dituzte.
Do re ni metodoan musika, dantza eta antzerkia uztartu dituzte, bi orduko saioetan; izan ere, musikak garuneko «ia zati guztiak» batera jartzen ditu lanean.
60 urtetik gorako 106 boluntario inguruk hartu dute parte ikerketan. Horiek bi taldetan banatu zituzten, eta bakarrak parte hartu du esperientzian. Bost astez 44 bat pertsonak musikal bat sortu dute «hutsetik». Denbora «gutxi» zegoenez, estimulazio «ikaragarria» behar zuten. Musikalak «indar handiko» gaia izan behar zuela erabaki zuen, emozioekin lotutako zerbait. Horrela, antzezlanak «egiatik eta fikziotik» dauka, eta boluntarioak «emozionalki hurbildu» dira gaira, haien inguruan «antzeko istorioak» bizi izan dituztelako.
Boluntarioen osasun mentala eta kognitiboa ikertzeko, esperientzia hasi aurretik eta bukatu ondoren, hiru test egin dizkiete: bi osasun mentala neurtzeko eta bat osasun kognitiborako. Lizasok ez zuen daturik espero osasun kognitiboan, eragindako estimulazioa topatzea «loteria tokatzea baino zailagoa» zelako. Hala ere, datu «garrantzitsuak» lortu ditu: parte hartu dutenen %26tan topatu dituzte onurak osasun kognitiboan; 44tik 12 pertsonatan, hain zuzen ere. Osasun mentalari dagokionez, berriz, onurak atzeman dituzte pertsona guztietan.
Lizasoren arabera, lortutako emaitzek ekonomikoki «bultzada ikaragarria» ekar dezakete;metodologia aplikatuta, osasun sistema publikoak «askoz ere gastu eta gaixo gutxiago» izango bailituzke.
Emaitzei babesa
Abenduaren 18an aurkeztu zituzten ikerketaren emaitzak, eta ekitaldian, Lizasorekin batera, parte hartu zuten, besteak beste, Jose Manuel Lepez Bragado Osakidetzako psikiatrak eta ikertzaile laguntzaileak, Jose Felix Marti Masso neurologoak, Javier Yanguas gerontologoak, eta Miriam Albusac Jorge Grandako Unibertsitateko neurozientzian adituak.
Musikaren bidez osasuna hobetzen
Antzerkia, dantza eta musika uztartuz, 'Do re ni' deituriko metodoak adinekoen egoera mentalean eta kognitiboan duen eragina ikertu du Xabier Lizaso piano jotzaileak. Funtzionatu egiten duela egiaztatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu