45 urte igaro dira Espainiako Poliziak German Rodriguez eta Joseba Barandiaran hil zituenetik. Aurten ere, 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak omenaldia antolatu du, «egia, justizia eta erreparazioa» ardatz izanik. Eta hainbat musikarik Ahotsak eta musika inpunitatearen aurka manifestua sinatu dute. Haien artean dira Skabidean, Zopilotes Txirriaos, Fermin Balentzia, La Chula Potra eta Sustrai Colina. Sabino Cuadra elkarteko bozeramaileak jakinarazi duenez, orotara 31 musika talde eta bakarlari izango dira omenaldian. Askotariko musika estiloak entzun ahal izango dira ekitaldian: punka, txistulariak, jotak... La Chula Potra abeslariak adierazi du «egia, justizia eta erreparazioa» aldarrikatzen duten musikariei esker ona adierazteko urtea dela hau.
78ko Sanferminak Gogoan elkarteak azaldu duenez, zer gertatu zen transmititzeko erreminta nagusietako bat izan da musika. Abesbatzek, rap kantariek, jota kantariek, bertsolariek, abeslariek, musika taldeek eta abarrek berreskuratu eta abestu baitute, urtez urte, isilarazi nahi izan zuten egia. Gainera, txistulari taldeak, gaiteroak, fanfarreak, eta txarangak lagun izan dituzte beti aldarrikatze ekitaldietan.
Skabidean taldeko Antonio Iriarteren arabera, German Rodriguezen kasua eta 5.000tik gora torturatuenak gogora ekartzeko «erantzukizuna» du haren taldeak, jarraitzaile gazteak dituelako. «Kantuen hitzek zerbait aldarrikatu behar dute, belaunaldi gazteek jakin dezaten gertatutakoa gure erantzukizuna ere badela».
Elkarteak gogoratu du 1978ko uztailaren 8an polizia bortizki sartu zela Iruñeko zezen plazan, eta jendea jo eta tiroak bota zituela. Beste horrenbeste gertatu zen kalean. German Rodriguez tiroz hil zuten. Elkarteak salatu duenez, gobernua, Polizia eta epaileak gertatutakoa isilarazten saiatu ziren, eta «huts egiteak» izan zirela esan. Plazan zeuden 20.000 lekukoek, ordea, ezeztatu egin zuten hori. Ez zen «ustekabekoa» izan, «nahita egindakoa» baizik, elkartekoek esan dutenez.
Gertatutakoaren harira, hainbat protesta antolatu ziren Euskal Herrian. Urte bereko uztailaren 11n, Poliziak Joseba Barandiaran hil zuen Donostian, tiroz, protesta batean. «Estatu krimenak» izan zirela salatu du elkarteak.