Musika izango da protagonista Hamaika Gara egitasmoak uztailaren 3an egingo duen mobilizazioan

Zetak, Olatz Salvador, Dupla eta Itziar Ituño musikarien kontzertuak izanen dira Bilbon. Herritarren gehiengoak erabaki nahi duela ikusaraztea eta gehiengo hori burujabetzarako prozesuan inplikatzea da mobilizazioaren helburua. 

Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko ekainaren 4a
12:14
Entzun

Hamaika Gara erreferendumaren alde lelopean mobilizazioa antolatu dute Gure Esku-k eta bertze hainbat eragilek Bilbon uztailaren 3rako. Musika izango da egun horretako protagonista. Zetak, Olatz Salvador, Dupla eta Itziar Ituño, hain zuzen ere. Arratsaldeko 17:30etan, Bilboko ibaia agertoki bilakatuko da, eta jendea ibaiaren inguruan bilduko da: Areatzako pasealekuan, Erripako kaian eta Areatzako eta Udaletxeko zubietan. Musikari guztiek zuzeneko musika eskainiko dute Bilboko ibaian ibiliko den itsasontzi batetik. Musikarien kontzertuez gain, Duplak eta Itziar Ituñok espresuki Hamaika Gara egitasmorako sorturiko kantua lehen aldiz entzuteko aukera izanen da. 

Herritarren gehiengoak erabaki nahi duela ikusaraztea eta gehiengo hori burujabetzarako prozesuan inplikatzea da uztailaren 3ko egitasmoaren helburua. Mobilizazioan parte hartzeko ez da izena eman beharko, baina antolatzaileek gonbidapena egin diete parte hartu nahi dutenei konpromiso txartela eskuratzeko. Bortz euro balio du txartelak, eta Hamaika Gara-ren dendan eskura daiteke. Txartel horien bidez antolaketa erraztu nahi dute. Mobilizazioan parte hartuko dutenei burujabetzaren aldeko aldarriak eramateko deia egin diete antolatzaileek; nork bere kartela eramanez, edo horretarako Hamaika Garak espresuki sorturikoak eskuratuz.

 

Krisitik burujabeago irtetea

Gure Esku-k aldarrikatu du herritarrek eskura behar dituztela erabakitzeko tresnak krisia kudeatzeko eta krisitik nola irten erabakitzeko: «Autogobernu esaten dioten horrek ez digu osasun krisiari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzeko gaitasunik eman; autogobernua hau bada, onar dezagun zintzotasunez ez dela nahikoa».

Herritarrak burujabetzan inplikatu nahi ditu egitasmoak Hamaika Gara kanpainaren bitartez. Hala, herritarren gehiengoak «erabaki» nahi duela ikusarazi nahi du egitasmoak,  eta herritar horiek burujabetza prozesuan inplikatu nahi ditu. Herritarrei hiru erronka luzatu dizkie egitasmoak: erreferendumaren aldeko manifestua sinatu eta kanpainaren eskumuturrekoa janztea, inguruan sinadurak biltzea eta uztailaren 3an Bilboko mobilizazioan parte hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.