Aingeru Astui

«Museoak izango du arrantza kultura bizirik mantentzeko funtzioa»

Lau hamarkada eman ditu Aingeru Astuik Bermeoko Arrantzaleen Museoko zuzendari karguan. Aurrez, marinel ere aritu zen. Afizioa eta ofizioa, biak uztartzeko aukera eman dio itsasoak.

jarraia225974.jpg
Zihara Jainaga Larrinaga.
2023ko martxoaren 24a
12:03
Entzun

“Ezeren faltarik gabe, erretiro atsegina” disfrutatzen ari da Aingeru Astui (Bermeo, 1958). 38 urtez Bermeoko Ertzilla dorrea izan du haren bigarren etxea: Arrantzaleen Museoko zuzendaria izan da urte horietan guztietan. Kostaldekoa izanik, txikitatik izan du harremana itsasoarekin, eta, bereziki, bapore arrantzarekiko afizioak erakarri izan du. Astui 1983. urtean boluntario gisa sartu zen museoan, jendea behar zelako hura kudeatzeko, eta, lanpostu publikoa lortuta, haren eskuetatik igaro da museoaren bilakaera oro. 75. urteurrena ospatzen ari da aurten museoa. Lehorrean hankak jarri aurretik alta, hainbat ontzitan aritu zen lanean, kapitaina da ofizioz baina pilotu lanak betetzen zituen, nagusiki. Bermeoko portuan berrehun itsasontzi pasa zeuden garaian hazi zen, eta egun nolabaiteko penaz begiratzen dio arrantzaren desagertzeari. Hala ere, “sasoian sasoiko loreak” daudela dio, ez zaio atzera begiratzea gustatzen; dioenez, azkar moldatzen da egoera berrietara, eta pozik dago bizitzea tokatu zaionarekin. Kuriositateari tiraka, kultura izan du beti jomugan. “Kalean ibiltzekoa naiz”. Hala, Bermeoko Udalean ia bi hamarkada egin zituen zinegotzi, herriaren alde betiere.

Ia berrogei urtez zure bigarren etxea izan zenuen Bermeoko Arrantzaleen Museoa. Elkarrizketarako bertan jarri duzu hitzordua. Honen mira duzu?

Oro har, ez dut ezeren falta sumatzen. Gauza batzuetaz gogoratzen naiz bai, baina, orain nire bizitzako beste aldi batean nago. Hala ere, harremana mantentzen dugu. Herrian bizi naizenez, sarritan etortzen naiz, tokia gustuko dudalako edo bertakoek deitzen nautelako. Baina ardurarik ez izatearen abantaila dut orain.

Ertzilla dorreko talaiatik dauden ikuspegiak begiratzera ere etorriko zara noizbehinka.

Erakusketak ikustera ere etortzen naiz. Afizio asko ditut —marraztea, esaterako—, eta batean eta bestean aritu behar naiz. Aitona ere banaiz; biloba bat daukat eta harekin denbora igarotzea gustatzen zait. Horregatik, egunek berez egiten didate ihes. Erretiratu nintzenean, erabateko deskantsua hartzea erabaki nuen; orain hasi naiz berriz mugimenduan.

Nola iritsi zinen museora?

Kasualitatez izan zen. Frankismo garaiaren ostean, espazioa zaindu gabe zegoen, hemendik pasatzen zer inork ez zekien barruan zer zegoen. Ondorioz, lehen udal demokratikoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak aholkulari batzorde bat eratzea erabaki zuten. Agintariek ez ezik, herritarrek ere osatzen zuten batzordea, eta ni ere partaide nintzen. Kapitain ikastaroa gaindituta, itsasoratzeko zain nengoenean, museoko zuzendariak postua uztea erabaki zuen, eta batzordeko kideek galdetu zidaten ea ardura har nezakeen. Bi urte egin nituen egoera horretan, aldundiak oposizioak atera zituen arte. Ostean, funtzionario postua lortu nuen, eta hemen gelditu nintzen.

Aurrez, marinel aritu zinen. Bermeotar petoa izanik, arrantzara lotuta halabeharrez. Ume zineneko zein oroitzapen duzu?

Asko egoten nintzen museoan. Liburutegia zegoen hemen, eta aurrera eta atzera ibiltzen ginen herriko haurrak. Nerabe garaian ere jarraitu nuen etortzen. Belaontzi eta barkuekiko afizio handia izan dut beti, eta anabasa handi baten erdian hemen hainbat pieza zeuden, asko apurtuta egoten ziren, eta konpontzea gustatzen zitzaidan. Bestelako ikasketak egiteko aukera izan nuen arren, itsasozaletasunak tiratu ninduen. Familian marinel eta arrantzale ugari zeuden; aita marinela nuen.

Merkataritzako ontzidiko kapitaina eta yateko kapitaina zara ofizioz. 1983an lehorreratu zinen behin betiko. Nabigazioa utzi izanaz damutu izan zara noizbait?

Damutzeko eta antzekoetarako joerarik ez dut izaten. Pasatu dena pasatu da, onerako zein txarrerako. Gauzak etorri behar direlako datoz. Merkataritzako ontzidiko kapitaina eta yateko kapitaina naiz, baina ez naiz sekula aritu; beti pilotu ibiltzen nintzen.

Hortaz, egun tentaziorik ez duzu izango itsasora itzultzeko, ezta?

Aukera dudanetan joaten naiz lantzean behin, baina ez daukat ontzi propiorik. Gustatzen zait, baina ez dut amorrurik ere.

Zer duzu nahiago, ontziak ala autoak gidatzea?

Ez daukat autoa gidatzeko baimenik; ez dut sekula ateratzeko ilusiorik izan.

Zer bilakaera izan du Arrantzaleen Museoak urte hauetan?

Anabasa handia aurkitu nuen iritsi nintzenean. Gauza garrantzitsuak zeuden, baina erakusketak egiteko, adibidez, ez zegoen irizpiderik. Hala, baliabide oso gutxirekin ordenatzen saiatu nintzen; arotz lanak ere egin behar izan nituen behin edo behin. Jendeak asko eskertu zuen eraldaketa. Itsas etnografia gaiak lantzen dituen Europako aldizkari garrantzitsu batek artikulu batean Arrantzaleen Museoaren aldaketen berri jaso zuen. Alemaniako beste batean ere goraipatu gintuzten, bi orrialdeko erreportajean. Ostean, obra egin eta behar zen moduko museografia jarri zen martxan. Espainiako Estatuan ikusi beharreko hamar museo bitxienen zerrendan ere egon zen. Zerbait ondo egiten ari ginen seinale. Ordutik aurrera gorakada izan zuen museoak, gero eta jende gehiago zetorren, urtean hirurehun bisitari genituen hasieran, eta 30.000 bistari gero. Bultzada hori baliatu genuen aurrera egiteko, erakusketak eta hitzaldiak antolatzeko. Lantaldean ere gero eta gehiago ginen. Egun, museoa erreferentzia bihurtu da.

Nazioartean lortu zuen sona. Ertzilla dorrea, baina, nolabait disimuluan igarotzen da Bermeoko portuan. Behar duen garrantzia ematen zaio?

Baietz uste dut. Bisitari gehienak euskal herritarrak dira; bizkaitarrak, nagusiki. Eskaintza askotarikoa da, haurrentzako eta familientzako makina bat ekintza antolatzen dira, adibidez. Bestalde, Bermeon estropadak antolatzen direnean, epaileak eta dopatzearen aurkako azterketak egiten dituzten medikuen batzarrak museoan egiten dira.

Zer esangura du museoak herrian?

Asko ematen dio. Egun, turistikoki Bermeo neurri handi batean Gaztelugatxeren eraginez da ezagun, baina, horren aurretik, museoaren eragin handia zuen. Bisitariek, museoa ikusteaz gain, herria ere bisitatzen dute.

Aurten 75 urteurrena ospatzen ari da museoa. Arrantzari hertsiki loturiko museo bakarrenetakoa da Euskal Herrian. Zergatik behar du egon Bermeon horrelako eskaintza batek?

Orain sekula baino garrantzitsuagoa da, arrantza laster desagertuko baita. Arrantzaren alderdi profesionala baino ez da gelditzen, itsasoan dabiltzan langileak. Gehienez ere, 10-15 urte iraungo du sektoreak, baina museoak arrantzaren inguruko jakituria eta kultura kontserbatuko ditu, herritarrei transmitituz. Ondare garrantzitsua da, arrantza kultura galdutzat ematen den honetan, museoak izango du hori guztia bizirik mantentzeko funtzioa.

Arrantza kultura galduta dagoela diozu. Bermeok mantentzen al du arrantzale espiritua?

Ideologia eta mentalitate mota bat da arrantza. Arrantzale izan gabe ere, kofradiako sirena entzutean bermeotarrek jakiten zuten sasoiko arraina zetorrela. Arraina, makina bat eratara, etxe guztietan jan izan da, ez orain bezala. Egungo sukaldariek ezagutu ere egiten ez dituzten arrainak jaten ziren orduko hartan. Kofradiarako sarrera ez zen mugatzen: edonor sartu ahal zen. Egun, urrutira joan behar da halakoak ikusi ahal izateko, eta, kalean arrainen bati buruz galdetuta, belaunaldi berriek eta ez hain berriek ez dute ideiarik ere Bermeon zein beste hainbat tokitan.

Bereziki museoan egindako erakusketa edo ekitaldiren batek hunkitu zaitu?

50. urteurrenean zigiluen erakusketa bat antolatu genuen. Itsasoko gaiekin lotura zuten zigiluak ziren denak: itsasontziak, arrainak, mundu zabaleko paisaiak… ageri ziren. Bermeoko bildumagile bati esker lortu genuen osatzea. Oso polita izan zen. Horrez gain, Txileko bitxigintza tradizionalari buruzkoa ere gomutan dut. Txilerekin lotura estua eduki izan du Arrantzaleen Museoak.

Zuk esana da: “Museora datorrenak, irtetean jakin dezala jango duen txitxarroa nondik datorren”. Lortu duzu?

Bai. Museoko erakusketa egonkorrean argi ikusten da nork, non, nola, zerekin eta zertarako arrantzatzen den. Arrainarekin zer egiten den edota fabriketan zer tratamendu ematen zaien, besteak beste. Jakin beharreko oinarrizko kontuak transmititzea zen helburua. Jendeak jakin behar du antxoa bat ez dela amuarekin harrapatzen, sarearekin baino, eta multzotan. Hemen gertu harrapatzen da. Horrela, kontserba lata bat irekitzean, jakingo ditu produktuaren jatorria eta ibilbidea zein diren, gutxienez. Arrantza sasoi ezberdinak daudela jakitea ere ezinbestekoa da, batik bat arrandegira joandakoan engainatua ez izateko eta freskoa zer den jakiteko. Gutxieneko kontuak dira horiek.

Museotik udalera egin zenuen salto. Zinegotzi ere izan zinen zenbait urte Bermeon. Zer moduz politikaren lokatzetan?

Udalean hamasei urte egin ditut. Horietatik hamabi gobernuan, eta beste laurak oposizioan. Alde biak ezagutu ditut. Kultura alorreko zinegotzi izan nintzen; ardura exekutiboa zen, gehienbat. Gustura egon naiz urte horietan guztietan.

Zer ikasi duzu?

Ikasi dut jendeak, herritarrek, nola jokatzen duten. Gehienak aurrez ere ezagutzen nituen, baina udalak beste ikuspuntu bat eman dit kaleko jendeak nola funtzionatzen duen jakiteko. Munduan ekonomia krisi sasoiak zeudenean, udaletik bizi izan ditut, eta horrek aukera eman dit ikusteko garai latzetan zenbat jende dagoen herriaren alde egiteko prest. Jende horri ez zaio behar beste eskertzen. Herriko taldeei esker, ia dirurik gabe urte osoko kultur programazioa mantentzen dela ikustea ere ikaragarria izan da. Baina bizkarroiak ere badaudela ohartu naiz. Politikarien artean ere denetarik dago.

Kultura alorrari oso lotua egon zara beti, makina bat lan egin eta liburu idatzitakoa zara. Nondik datorkizu joera hori?

Kuriositate handia izan dut beti, eta kuriositateak mugitu nau egin ditudan gauzetan. Duela gutxi bukatu dut aspaldidanik gordea nuen 1965. urteko kromo bilduma bat, herrialde eta ohitura ezberdinei buruzkoa. 7 urte nituen hasi nintzenean, eta hiru kromo gelditzen zitzaizkidan bukatzeko. Lortu dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.