Sindikatuek mobilizatzera deitu dituzte sare publikoko irakasleak, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ezarri nahi dituen murrizketen kontra. Atzo Iruñean egindako agerraldian, hezkuntzan ordezkaritza duten bederatzi sindikatuek (AFAPNA, ANPE, APS, CCOO, CSIF, ELA, EILAS, LAB eta UGT) gobernuaren jarrera salatu zuten. Gainera, ohartarazi zuten hurrengo ikasturterako hartu diren neurriek jaitsi egingo dutela Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea. Hilaren 6rako batzarrera deitu dute Iruñean, eta bilera horretan erabakiko dute mobilizazioak zer- nolakoak izanen diren.
Azken hilabeteetan, sindikatuak hezkuntzako eragile ugarirekin batzartu dira egoeraren larritasuna aztertzeko. Bertzeak bertze, zuzendarien elkarteekin (ADI, ADIPNA eta NIZE) eta beste hainbat eragilerekin (Herrikoa eta Sortzen) egin dituzte bilerak. Aditzera eman dutenez, hezkuntza komunitateak murrizketei dien gaitzespena egiaztatu ahal izan dute bilera horietan guztietan. Halaber, iragarri dute bilera gehiago eginen dituztela datozen egunetan. LABeko ordezkari Expe Iriartek argi utzi du dei zabala egiten ari direla ahalik eta eragile gehien batzeko: «Egoera honetan denok batera lan eginez gero, gauzak lor ditzakegu».
Lehendabizi, Nafarroako Parlamentuko talde guztiekin batzartu ziren. Bertan, hezkuntzan egin nahi diren murrizketak salatu zituzten talde politikoen aurrean. Murrizketa garrantzitsuena eskola orduak gehitzea —astean 17 ordutik 18 ordura— eta 200 langile inguru kaleratzea iruditzen zaie. Sindikatuen datuen arabera, neurri horiekin bi milioi euro aurreztuko dituzte hiru hilabeteean. Ikasturte osoan, berriz, zortzi eta bederatzi milioi euro artean aurreztu ahal izanen dira.
Harago ere egin dute beren kezkak plazaratzeko orduan, Iriartek aditzera eman duenez: «Talde parlamentarioei azaldu genien kezkaturik gaudela 2012ko aurrekontuetan zer-nolako murrizketak eginen ote diren». Izan ere, aditzera eman dutenez, ezkor izateko arrazoi batzuen berri izan dute: UPNko Carmen Gonzalezek murrizketak egonen direla onartu ziela azaldu dute sindikatuetako ordezkariek. «Horrela izanen bada, jakin nahi dugu zein izango diren murrizketa horiek guztiak; ttipienetik handienera».
Hezkuntza kontseilari Jose Iribasekin izan dituzten kontaktuetan eskari zehatzak egin dituzte sindikatuek; negoziazio prozesuari ekiteko, esaterako, aurre-baldintza batzuk jarri dituzte. Horien artean, adibidez, 2012. urteko aurrekontuetan irakaskuntza publikoko murrizketa gehiagorik eginen ez dela bermatzea. Aniztasuna mantentzeko neurriak ere eskatu dituzte, eta gobernuak hartutako neurri murriztaileak behin-behinekoak izateko eskatu dute. Iriartek azaldu duenez, baldintza horiek guztiak ezinbesteko urratsak dira «irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetu» eta hartu beharreko neurrietan aurrera egiteko: «Eta ez atzera».
Gobernuaren bilera
Jose Iribas hezkuntza kontseilariak departamentua osatzen duten zuzendari nagusiekin bildu zen atzo. Bertan, Iribasek Nafarroako Gobernuaren ildo estrategikoen berri eman zien Hezkuntzako goi karguei eta departamentuaren oinarrizko ildoak aurkeztu zituen.
Sindikatuak, ostera, kexu dira Nafarroako Gobernuaren posturarekin. «Departamentuari eskatu genion informazio zehatza ukatu eta oso datu orokorrak eman zizkigun», gogora ekarri du Iriartek. Sindikatuen arabera, gobernuaren «funtsik gabeko proposamenak» baino ez dituzte jaso. Etorkizunera begira ezkor izateko motiboak daudela diote; sindikatuen aburuz, gobernuaren proposamenek 2012ko aurrekontuetara begira ez dute inolako bermerik eskaintzen.
Ataka honetan, datorren asteartean batzarra egingo dute Gurutze Plazako institutuan, 13:00etan. Batzar horretara hezkuntza sistema guztiko irakasleak deitu dituzte. Jos Elizalde CCOO sindikatuko ordezkariak parte hartzeko deia egin du, hemendik aurrerako urratsak erabakitze aldera: «Ezin da aurrera pausurik eman hezkuntzako zutabe guztien iritzia jakin gabe».
LAB sindikatuak atzo ohar bat plazaratu zuen, oro har, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak krisiari aurre egiteko proposatu dituen neurriak kritikatzeko. Bereziki kezka azaldu du hezkuntzan eta osasun alorrean izango direlako murrizketarik handienak: «Barcinak porlanean xahutuko du hezkuntzako eta osasungintzako dirua, eta, gainera, enpleguaren izenean egin nahi du». LABen ustez, AHT abiadura handiko trena egitea baino premia handiagoak badira, eta adibide zehatzak eman ditu, horietako zenbait hezkuntzaren alorrarekin zuzenean lotutakoak: «AHTaren 8,5 kilometrotan xahutuko dutenarekin, mila irakasle berri baino gehiago kontratatu daitezke. 0-3 zikloa dohainik eskaini ahalko litzateke behar duen ororentzat».
Murrizketen aurka mobilizatzeko eskatu diete irakasleei Nafarroan
Nafarroako irakasleekin hilaren 6an eginen duten batzarrean erabaki asmo dute sindikatuek zer protesta eginHezkuntzan ordezkariak dituzten sindikatu guztiak batuta ari dira murrizketen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu