Urteurrena izan du aurten EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, 25.a. Ospatzeko arrazoi gutxi izan du, ordea; izan ere, diru laguntzak jaitsi dizkio Jaurlaritzak: hiru urtean, erdira apaldu dio aurrekontua. 2012a are zailagoa izango dela dio presidenteak, Batiste Ezeizak (Donostia, 1985).
Mende laurden bete duzue aurten, eta murrizketak izan dituzue ahotan. Nola amaituko duzue urtea?
Egoera ez oso onean; eta hurrengoa okerrago hasiko dugu. Eusko Jaurlaritza murrizketa handiak egiten ari zaigu, eta hurrengo urtean handiagoak izango dira. Hiru urtean, ia erdira murriztu da gure aurrekontua. Gure arazoa da diru publikoz hornitzen garela; Jaurlaritzaren zuzeneko laguntzaren bidez jasotzen dugu aurrekontuaren %80. Hori da murrizten ari zaiguna: langileei pagatzeko erabili behar duguna. Horrek kolokan uzten gaitu gure lana aurrera ateratzeko.
Jaurlaritzak dio krisiagatik dela.
Azken urteetan erraza da aitzakia hori jartzea: «Krisian gaudenez, denoi dagokigu murrizketak jasatea». Ados, badakigu zein den egoera. Baina kezkagarria iruditzen zaigu Jaurlaritzak Gazteria Zuzendaritzaren aurrekontua murriztu izana, gazteria nola dagoen ikusita —langabezia handia, lan prekarioak...—. Baina, areago, zuzendaritza horrek guri ezartzen dizkigun murrizketak ez dira proportzionalak. Zuzendaritzari murrizten zaion adinakoa guztiei jaitsiko baliete, ados geundeke; baina ez: sail batzuena asko murriztu dute —gurea, esaterako—, beste batzuenari eutsi egin diote, eta beste batzuena handitu ere egin dute. Murrizketen aitzakiak ez digu balio; batzuk igo egin dira. Norbaitek erabaki du guri jaistea.
Jaurlaritzak iragarritako murrizketak handitu ditu legebiltzarrak.
Mugimendu bereziak izan dira. Murrizketa oso handia aurkeztu zuen Jaurlaritzak, 30.000 eurokoa; baina, gero, talde sozialistak berak zuzenketa bat aurkeztu zuen, EGKrentzako laguntzatik beste 60.000 euro kentzeko. Murrizketa bat aurkeztu, eta hori areagotzea proposatu du PSEk. PPren laguntzaz atera du aurrera. Datorren urtera begira, gutxienekoen azpitik utzi gaituzte: aurten baino 90.000 euro gutxiago izango ditugu. Hiru urtean, PSE gobernuan dagoenetik, etengabe jasan ditugu murrizketak.
Ez da krisia soilik, hortaz?
Ziur gaude asmo politiko bat dagoela; gazteriaren lege proiektuarekin lotzen ditugu murrizketak. Tirabirak izan ditugu Jaurlaritzarekin. Kontseiluaren egitekoa ez dute zehaztu; azaletik aipatzen dute soilik. Gazteriaren institutu bat sortu nahi dute, baina inork ez daki zer gertatuko den eskumenekin. Institutuari eman nahi dizkiote gehienak. Eskumenak institutuari emanda eta guri baliabide ekonomikoak murriztuta, non nahi gaitu Jaurlaritzak? Kontseiluak soilik defenda ditzake gazteen interesak erakundeen aurrean. Nola egingo dugu hori, kontseilua deuseztatzen ari badira?
Gazteentzako institutua sortzeak zertan aldatuko luke egoera?
Berez, gazteentzako politikek garrantzi handiagoa hartuko lukete horrelakoekin. Kultura Sailaren barruan ez litzateke egongo, baizik Lehendakaritzaren gain. Arazoa da institutu horri ematea eskumen mordoa; ez dute zehaztu beste eragileek izan ahalko ote dituzten eskumen berak. Beste eragile batek gazteria politikak egin nahiko balitu, bikoiztu egingo litzateke lana; hori ez bada asmoa, guztia institutuak egingo du. Non geratuko da beste eragileen lana?
Kontrolatzeko nahia du Jaurlaritzak?
Guk uste dugu baietz. Azken batean, gu, arlo ekonomikoan ez, baina bestela independenteak gara. Jaurlaritzak ezin du esku hartu gure erabakietan; elkarteek agintzen dute. Hori ez zaie gustatzen, eta asmo bat dago kontseiluari kontrol mekanismoak ezartzeko.
Hitz egin duzue Jaurlaritzarekin?
Harreman zuzena daukagu Gazteria zuzendariarekin. Murrizketen kontuan, haiek erantzuten dute dirua gutxitu dietela eta haiek ere berdin egin behar dutela. Guri gehiago kendu digute, «egokiena» hori dela esanda. Eta, Eusko Legebiltzarrean azken orduan murrizketa areagotzeaz galdetuta, erantzuna da horren bidezez dituztela murriztu elkarteei eman beharreko diru laguntzak. Baina hori ez da egia. Pentsa, murriztu dizkiguten 90.000 euroetatik 30.000 gastatuko dituzte jardunaldi bakar batean. Ematen dizkiguten arrazoiek ez digute balio.
Moldatzeko prozesu bat hasi duzue.
Beharrezkotzat jo dugu: ez soilik dugun egoerarengatik, baizik eta garai berrietara egokitu behar dugulako. Orain 25 urteko legeekin gabiltza lanean, eta aldatu egin dira gazteen eta elkartegintzaren ezaugarriak: boluntariotza gain behera doa, baina gora doaz gaztetxeak, jai batzordeak, gazteen batzarrak, auzo elkarteak... Horiek ezin dira kontseiluko kide oso izan, legea tarteko. Horiek ere barruan egon behar dute. Jaurlaritzak esan digu kontseilua berriz antolatzen ari garenez ondo etorriko zaigula murrizketa. Baina guk geuk erabaki beharko genuke berriz antolatzea, ez kanpotik inposatuta. Korrika ari gara.
Noiz beteko dira lehen neurriak?
Datorren astean bertan, urtarrila da eta. Bederatzi langiletik zazpiri murriztuko zaigu lanaldia, postu bat ez dugu beteko, proiektu ugari utzi beharko ditugu, parte hartzen dugun plataforma askotan ezingo gara aritu, argitalpen kopurua murriztuko dugu... Nabarituko da gure jardunean.
Babesa agertuko dizuete gaur.
Oso pozik gaude jasotako babesarekin, kontuan izanda denbora gutxian jaso dugula. 70 elkarte baino gehiagoren babesa dugu, eta 300 banakorena baino gehiagorena —politikariak, hautetsiak, irakasleak...—. Badago jendea EGK beharrezkotzat duena eta haren lana baloratzen duena.
Batiste Ezeiza. EGK-ko presidentea
«Murrizketen aitzakiak ez digu balio; norbaitek erabaki du guri gutxitzea laguntzak»
Mende laurdena izan arren, ospatzeko gutxi izan du aurten Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Aurrekontua erdira jaitsi zaio hiru urtean, Jaurlaritzaren murrizketengatik. Ezeizak dio erabaki «politikoa» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu