Murrizketei aurre egin ezinik, aurrez aurreko eskola batzuk kentzeari ekin diote UNEDen

Lanorduak gutxitzen ari dira maisu-maistrei, eta saioak ere bai; Bergaran, irakasleek doan emango dituzte galduriko saioak

Bergarako UNEDeko irakasleek agerraldia egin zuten atzo. JUANAN RUIZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Zerbitzuari eutsi ezin, eta aurrez aurreko eskola batzuk bertan behera uzten ari dira UNED Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitateak Hego Euskal Herrian dauzkan egoitzetan. Ikasleei kasu egiteko saioak astean behin egiteari utzi diote kasu batzuetan; bi astean behin-edo egingo dituzte. Bergaran (Gipuzkoa), kendutako eskolak dohainik ematea erabaki dute UNEDeko maisu-maistrek.

Erakundeek egiten dizkieten ekarpenekin menpekotasun handia dute UNEDen eskolek. Patronatuen bidez funtzionatzen dute, eta horietan partaide diren erakundeek urtean diru kopuru bat jartzen dute. Azken urteetan, ordea, etenik gabe ari dira ekarpena eskasten. Ikastegi askotan daukate gisa bereko egoera, eta, beharginei ez ezik, ikasleei eragiten hasi dira murrizketak, aurrez aurreko saioak gutxitu dizkiete eta.

Bergarako egoerak jo du goia azken asteetan. Zuzendariak jakinarazpen bat igorri die ikasleei, esanez «murrizketa eran datozen doikuntzak» egin behar izan dituela tutoretzetan. Orain arteko saioen erdiak izango dituzte bigarren lauhilekoan. Patronatuko kideek egindako mozketa aipatu du arrazoi gisa; Gipuzkoako Aldundiarena, Bergarako Udalarena eta Kutxarena. Langileek azaldu dute 140.000 eurokoa izan dela murrizketa. Diputazioak jartzen du diru gehien, eta mozketa handiena hark egin du: 110.000 bat euro.

Aldundiak iragarri du saiatuko dela beste 50.000 euro jartzen, baina nabarmendu du egindako jaitsierak ez duela «justifikatzen» halako «neurri drastikoak» hartzea. Erabakia berriro aztertzeko eskatu dio zuzendariari. Kontuak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari ere, «inongo erantzukizunik ez baitu hartzen UNEDekin». EAJk aldundiaren kontra ekin dio, eskola «arriskuan» jarri duelakoan.

Bilera egin zuten atzo langileek eta zuzendaritzak, baina ez zuten aurrerapausorik eman. Adierazpenik ez du egin nahi zuzendaritzak, «diskrezioz» aritu nahi baitu. Langileek agerraldia egin zuten, eta iragarri zuten «japoniarren gisako greba» egingo dutela: galdutako eskolak ematen segituko dute, nahiz ez kobratu. «Lehenengo eta behin, aurtengo ikasleen aurreratze prozesuak bermatu behar dira, ikasturtea amaitu arte». Iñaki Madariaga irakasleen ordezkariak esan du «lan aldarrikapen bat» ez dela eurena. «Ahulenengan, ikasleengan izango dute eragina neurri horiek, eta horiek babestea da asmoa». Diru kopuruari erreparatuta, arazoa konpontzeko modukoa dela uste dute.

Hegoaldean 12.500 ikasle

Bergarako UNEDen 1.500 ikasle baino gehiago ari dira gaur egun. Hego Euskal Herria osorik hartuta, 12.500 estudiante inguru dira. Beste lau ikastegi bai baitira: Portugaleten (Bizkaia), Gasteizen, Iruñean eta Tuteran (Nafarroa).

Lehertu Bergaran egin da egoera, baina gainerako eskoletan ere larri dira. Gasteizen, irakasleen lanaldia %30 apaldu dute, aurrez aurreko eskolak gutxitzearekin batera. Lanorduak jaistea onartu dute, kaleratzerik ez egiteko. Zuzendaritzak ez du hedabideen aurrean hitz egin nahi, baina aitortu du tira-biratsua dela egoera. Arabako Aldundiak %42 murriztu du unibertsitaterako ekarpena, eta Eusko Jaurlaritzak, %20. Gasteizko Udalak handitu du ekarpena, baina ez jaitsiera orekatzeko lain.

Murrizketarik izan dutela ukatu egin dute, berriz, Iruñeko eskolan. «Azken urteetako egoerari eusten ari gara», azaldu du Jose Luis Martin zuzendariak. Erakundeen mozketarik izan ote den galdetuta, hona erantzuna: «Doikuntzaren bat egon bada, zerbitzuaren kalitateari ez dio eragin».

Bizkaian luze daramate arazoekin. Aurten ere badute mozketa. «Egokitzapenak egin behar izan ditugu. Kaleratzerik ez da izan; lanaldiak aldatu dira. Urtekoak ez, lauhilekorakoak-eta izan dira». Eskolak ere mugatu dituzte. Aurrekontua estua dela aitortu du Miguel Gonzalezek, Portugaleteko eskolako idazkariak. «Iazkoa okerragoa izan zen, edonola ere». Laguntza kendu zioten udal batzuek, eta asko eskastu beste batzuek —Ezkerraldeko eta Meatzaldeko udalek jartzen dute dirua—; Bizkaiko Aldundiak, berriz, erdira jaitsi zuen ekarpena. «Etxea desegiten hasi zitzaigun».

Murrizketa jasanda ere, bideratuago dute egoera aurten: diputazioak iaz baino diru gehiago jarri du, nahiz aurreko urteetan baino gutxiago den; BBK-k bi urterako dirua agindu die, ekarpen txikiagoa izango den arren. «Ikasle asko ditugu, eta hori da gure indargunea, moralki eta ekonomikoki», dio Gonzalezek. UNEDeko matrikulazioak, batez beste, %5 garestitu dituzte aurtengo ikasturtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.