«Murrizketarik» gabeko osasun sistema bat eskatu diote Osakidetzari

Lanpostu guztiak betetzeko eskatu dute. Arazo asko kudeatzaileen «porrotarekin» lotu dituzte

Protesta, atzo, Amara Berriko osasun zentroko atarian. BERRIA.
arantxa iraola
Donostia
2023ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Olatu Txuria eta DOPA plataformek deituta, protesta egin zuten atzo Donostian, Amara Berriko osasun zentroaren parean, lehen mailako arretan Osakidetzan egiten ari diren «murrizketen» kontra. Mobilizaziorako deia egiteko orduan ere adierazi zituzten hainbat datu kezkagarri, eta berritu egin zituzten atzo. Osasun profesionalen gabeziarekin lotuta daude, hein batean: «Ondarretako osasun zentroko arratsaldeko zortzi langileetatik bi aritu dira lanean. Donostialdeko ospitaletik kanpoko larrialdietako zentroetan, Zarautz, Donostia, Hernani eta Errenterian, sendagile askoren jardunak bete gabe geratzen dira, 429 gutxi gorabehera hiru hilabete hauetan; erizaina jartzen dute sendagilearen ordez».

Osasun profesionalen faltaren gaineko kezka aspaldikoa da lehen mailako arretan, baina, zenbait iturriren arabera, egoera bereziki gordindu da Aste Santutik hona, eta bereziki larria da etengabeko arretako guneetan. Osasun zentro horiek etenik gabeko arreta ematen dute, larrialdiei erantzuteko. Mobilizaziora batu zitzaizkien atzo Tolosaldea Osasun Publikoaren Aldeko kideak ere, pankarta batekin.

Larrialdietan, bakarrik

Protestan, etengabeko arretako gune bateko erizain batek hartu zuen hitza, eta agerian utzi zituen zentro horietan eguneroko lanean dituzten nekeak. Sendagile faltak propio erizainei ekartzen dizkien zailtasunak nabarmendu zituen, larrialdiei erantzuteko ere bakarrik geratzen direlako sarri: «Eta guk, erizainok, legez, ezin ditugu sendagileen lanak egin». Arazo horiei aurre egiteko, lantaldeak «osatzeko» eskatu diote Osakidetzari, eta «aurrez aurreko arreta» bermatzeko. «Kalitatezko osasungintza publikoaren alde aritu gara, eta arituko gara: murrizketarik ez».

Arazo horietako asko Osakidetzako kudeatzaileen «porrotaren» ondorioa direla ustedute. Erabiltzaile batek ere hartu zuen hitza. «Nire mediku eta erizainei, osasun langile guztiei, eskertzen diet ni zaintzeko beti erakutsi duten arreta hori, gogo hori». Eginkizun horretan gero eta «estuago» ikusten ditu. Irakasle erretiratua dela azaldu zuen, eta talaia horretatik ere mintzatu nahi izan zuen. «Nik ezagutu ditut murrizketa horiek guztiak nire arloan, irakaskuntzan; badakit zer den hori, eta estimatzen dut egiten duten ahalegin hori, zutik jartzekoa: 'Hemen gaude', esatekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.