Azpiegituretarako inbertsioari eusteko jarrera erakutsi du Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiak. «Murrizketa eta koordainketarik gabe», iruzur fiskalaren aurkako borrokatik, eta zerga sistemaren erreformaren bidez lortuko litzatekeen diruarekin bermatuko luke inbertsio hori Lopezek. Baina ez hori bakarrik, hezkuntza eta osasuna ziurtatzeko ere balioko lukeela esan du. «Beste hautagai batzuek, ordea, aurrekontuek izango lituzketen 1.000 milioi euroak nondik aterako dituzten zehaztu gabe jarraitzen dute», esan du EAJ alderdiari erreferentzia eginez.
Bilboko Errekalde auzoan egin zituen adierazpen horiek atzo Lopezek, eta «bi abiadurako Euskadi» gaitzetsi zuen. Zentzu horretan, «herrialde bateratu» baten aldeko apustua egiten duela azpimarratu zuen, «azpiegitura azkar, seguru eta iraunkorrekin; eta herrialdeak eta batez ere, pertsonak hurbilduz».
Horretarako, «ahalegin eta inplikazioei» eutsi, eta haiek handitzeko jarrera erakutsi zuen lehendakarigaiak. Ohartarazi zuen, gainera, une honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dauden azpiegitura garrantzitsuenak euren gobernuak emandako bultzadaren ondorio direla. «Hauteskunde kanpaina honetara, hautagai asko hitz hutsekin datoz», esan zuen, bere hautagaitza «ekintzekin» aurkeztu duela gaineratuz.
Murrizketarik gabe zerbitzuak manten daitezkeela dio Lopezek
Orain martxan dauden azpiegituren gastuari eutsi ez ezik hura handitu egingo dutela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu