Ez ordutegi mugarik, ez tabernetan gehienez hamarnaka eseri beharrik, ez edukiera murrizturik. Labik atzo hala erabaki zuen: aurrerantzean bertan behera geratuko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19ari aurre egiteko neurri guztiak. Eta Eusko Jaurlaritzak amaitutzat jo du osasun larrialdi egoera. Horren ondorioz, Labi bera ere desegingo dute. Bihar argitaratuko dute neurriak arintzea aginduko duen dekretua, eta astelehenetik aurrera egongo da indarrean. Madrilen esku dauden arauak soilik mantenduko dira ordutik aurrera: kirol estadioetako edukierak eta maskararen derrigortasuna kasu batzuetan.
Orain arte establezimenduek 01:00erako itxita egon behar zuten, tabernetan gehienez hamarreko taldeetan eta eserita kontsumitu behar zen eta edukiera muga zenbait indarrean zeuden. Aurrerantzean ez da halakorik izango Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Txertaketa, datuen hobekuntza eta joera, omikron aldaera onberagoa izatea eta inguruko herrialdeek eta Europakoek antzera jokatzea. Hainbat arrazoi eman ditu Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak neurriak bertan behera uzteko. Osasun sailburu Gotzone Sagarduirekin batera prentsaren aurrera atera da Labiren bileraren ostean, eta hartutako erabakia defendatu du: «Une honetan, erabaki hauek hartzeko baldintzak betetzen dira».
Aldi berean, herritarrentzat nahiz jarduera sozioekonomikoarentzat mesedegarri izango delakoan dago: «Gaur egun dakigunaren arabera hartu behar ditugu erabakiak, gizartearen egoera kontuan izanda. Horregatik, ahal den neurrian, pertsonei eta gizarteari bizitza pertsonalean, familiarrean eta sozialean mugak arindu nahi dizkiegu, baita jarduera sozioekonomikoaren garapena erraztu ere».
Datu batzuk eman ditu erabakia berresteko: besteak beste, esan du azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 1.956 kasura jaitsi dela, eta kutsatutako bakoitzak beste zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten duen R0a 0,68koa dela, 2020an konfinamendu estua amaitu zenetik txikiena. Gainera, goraipatu du adierazle guztiek beheranzko joera dutela, eta omikron aldaerak proportzioan hildako eta ospitaleratze gutxiago eragiten dituela.
Txertaketari ere erreparatu dio. Jakinarazi du txerta daitezkeen guztietatik %93k txertoa jasoa dutela, eta horren garrantzia nabarmendu du, larri gaixotzeko arriskua murrizten duelako. Urkulluren hitzetan, positibo eman duen txertatu gabeko pertsona batek lau aldiz arrisku handiagoa du ospitaleratzeko txertatuta dagoen batek baino. Datuok ikusita, irizten dio ez dagoela «aparteko baliabideen beharrik»: «Fase berri honetan, pandemiaren kudeaketa ezohiko baliabideetara jo beharrik gabe gara daiteke, hala nola osasun larrialdira edo Labira jo gabe».
Halere, «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu die Urkulluk herritarrei, birusaren aldaera berriak ager daitezkeelako eta munduan zehar txertoa zabaltzeke dagoelako. Hori horrela, prebentzio neurriak betetzen jarraitzera deitu du: distantzia errespetatzeko, maskara janzteko, leku itxiak aireztatzeko eta jende pilaketak ekiditeko eskatu du. Izan ere, esan du pandemia ez dela amaitu: «Pandemian jarraitzen dugu, eta hildakoak eta gaixotasun larriak eragiten ditu». Erantsi du ezin dela ziurtatu oraingo olatua azkena izango den edo ez, eta atzera egiteko aukera ere mahai gainean jarri du: «Ezin dugu ziurtatu etorkizunean berriro osasun larrialdia edo neurri murriztaileak ezartzea beharrezkoa izango ez denik. Zientziak ez du gaitasunik hemendik urte amaierara birusaren bilakaera zein izango den behar bezain ziur aurreratzeko». Aldi berean, ordea, «susperraldia» ere izan du ahotan, eta «oreka emozionala, ekonomikoa eta soziala nahiz osasunarena» mantendu behar dela:«Prest gaude susperraldirako, prest osasuna berreskuratzeko eta gizartearen neke pandemikoa gainditzeko».
Labik hartutako erabakiez harago, beste neurri bat ere arinduko dutela iragarri zuen atzo goizean Eusko Jaurlaritzak: aurrerantzean haurrek ez dute maskararik jantzi beharko patioan daudenean.Horrez gain, eskolaz kanpoko ekintzetan zenbait burbuilatako ikasleak elkartuko dira.
Datuak hobetzen
Urkulluk esan bezala, COVID-19aren datuak hobetzen ari dira, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bezala, Nafarroan. Egun, 634 gaixok behar dute erietxeetako arta, daturik onena abenduaren 28tik. Kopurua etengabe ari da behera egiten: duela astebete baino %26 gutxiago dira, eta duela bi aste baino %37 gutxiago.
Halere, horietako batzuek sintoma larriak dituzte, eta ZIUetan daude. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herriko ospitaleetan 104 pertsona daude COVID-19ak jota unitate horietan. Abenduaren 11tik erregistratutako daturik onena da. Eta etengabe ari da beherantz: joan den astean baino %10 eri gutxiago daude, eta duela bi aste baino %19 gutxiago.
Gero eta herritar gutxiago ari dira positibo ematen ere, baina datuak ez dira osoak, Osakidetzak eta Osasunbideak proba gutxiago egiten baitituzte. 2.323 positibo atzeman zituzten haien bidez; hau da, egindako proben %22,4k eman zuten positibo.
Koronabirusa
Murrizketak eta osasun larrialdia bertan behera utzi ditu Jaurlaritzak
Astelehenetik aurrera ez da egongo ordutegi eta edukiera mugarik. COVID-19aren datuak hobetzeak eta txertaketak ekarri dute erabakia, Urkulluren arabera. Labi batzordea ere bertan behera utziko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu