Hizkuntza gutxituak. Murgiltze eredua

MURGILTZEN IKASI ITO GABE

Murgiltze eredua legez kanpo ezartzeak piztu duen kolerak Baionako karrikak bete ditu: 10.000 lagunetik goiti bertaratu baita. Denek aho batez aldarrikatu dute euskarazko irakaskuntza, bai eta kondenatu ere Frantziako konstituzio Kontseiluaren erabakia. Deialdia oso zabala izan da eta protestan segituko dute.

Jendeketa. Antolatzaileek 10.000tik gora lagun kontatu dituzte. BOB EDME.
Ainize Madariaga
Baiona
2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun

B ehaztopatu da jendea bidea hain den tinko. Luzaz beha egon da manifestazioa abiatu aitzin, Lauga kiroldegitik. Luzaz, trumilka eta kexu bildu den jendea antolatzeak eskatzen baitu bere denbora. 10.000tik gora izan ziren «Euskarak murgiltzea behar du» leloaren oihukatzen, atzo, Baionan. Ikasle, guraso, irakasle, hautetsi eta euskal eragileek beztitu zituzten karrikak oro, euskarazko irakaskuntza egiten duten hiru sareen deiari erantzunez: pribatua, publikoa eta Seaska.

 

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak galdetu du: «Seaskan 37 ikastola badira, hemeretzi ama eskola sail katolikoan eta hogei publikoan. Orotara 5.000tik gora haur ari dira murgiltze ereduan Iparraldean. Ikastetxe horiek guziak legez kanpo lirateke?». Izan ere, Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituko murgiltze ereduak legeztatuko lituzkeen Molac legea partez gibelerat bota du joan den astean. Alabaina, legez kanpo bilakatu ditu murgiltze ereduan irakasten dituzten guziak.

Joaldunek dute ireki bidea. Protestaren burua herriko etxetik iragaitean, buztana partitu berria zen abiapuntutik, kopuru kolosalaren adierazle. Pandemiak protagonismoa amiñi bat galdu du.

Aiherrako (Lapurdi) eskola pribatuak traktore erraldoien burrunbaz adierazi du bere kolera: «Nahi genuen murgiltze eredura pasa, guraso eta irakasleak alde gara, ez da arrazoirik eza ukaiteko, alta ez digute baimenik eman nahi Molac legea ez deino pasatua», adierazi du Maitena Irigaraik. Horiez gain, Bardoze (Lapurdi), Idauze Mendi, Larraine (Zuberoa) eta Ortzaize-Arrosako (Nafarroa Beherea) eskola publikoetako guraso eta herritarrek heldu den ikasturtean murgiltze ereduaren irekitzea nahi dutela aldarrikatu dute. Jean Dominique Iriarte Larraineko auzapezak ozen erakutsi du kexu dela: «Euskara gure hizkuntza, atzo zanpatua, mespretxatua, Errepublikako hussard beltzek zanpatua. Zugan murgiltzen garen bezala zugan murgildu nahi ditugu gure haurrak. Nehongo konstituziok ez du hizkuntza bat erailtzeko edo goxoki hiltzen laguntzeko eskubiderik. Euskaraz bizitzeko eskubidea ez da negoziatzen, ez erosten, eta are gutxiago saltzen!».

Marie Andree Ouret Biga Baiko bozeramaileak lazki deskribatu du Molac legearen errefusatzea: «Kolpea izugarria da. Gure hizkuntzak heriotza segurura kondenatu nahi dituzte».

Izan ere, murgiltze eredua garatzen duten egiturak arriskuan ezartzen ditu Parisen ebazpenak. Seaska itunpeko elkartea izanik ere, arranguraturik agertu dira ordezkariak. «Ez dugu erabakia onartzen. Kosta ahala kosta murgiltzeko ereduarekin segituko dugu», erran du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Bestalde, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hala adierazi zuen, ebazpenaren harira: «Frantziako Gobernuari eta Parlamentuari eskatu diet bitartekoak atzeman ditzatela aniztasun linguistiko hori bermatzeko». Macronek errandakoari honela erantzun dio Gorostiagak: «Euskarak bermeak behar ditu». Ildo beretik, Antton Kurutxarri Euskararen Erakunde Publikoko zuzendariak, beste herrialdeetako hizkuntzen erakunde publikoekin batera, gutun bat helarazi dio Macroni, aste honetan; «aterabide indartsu bat» eskatu diote, «eta fite».

Paristik ez datorrena

Frederique Espagnac eta Max Brisson senatariak manifestazioaren gidarietarikoak ziren, banderolaren eramaile: «Hemen naiz arduragabeko bahiketa salatzeko. Ez dugu utziko birrintzen duela mende erdi martxan den murgiltze eredua; elkarlan hori. Murgiltze eredua da manera bakarra euskarak bere lekua hartzeko. Eskualdeetako hizkuntzendako umiliazioa da», erran du Brissonek. Hari beretik, Espagnacek gogoan ukan ditu egunotan Macron frantses presidenteak eta Blanquer hezkuntza ministroek adierazi dituzten «ele goxoak»: «Parlamentari gisa ekintzak behar dira; hitzekin ez da gehiago aski. Beraz sinple da, edo konstituzioa berrikusten da, edo gobernuaren lehentasunezko lege testu zalu bat egiten da».

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Hiri Elkargoko lehendakariak ere bere kolera adierazi du eta gogorki kritikatu ditu bien jarrerak: «Blanquerek azpiz eraso du Molac diputatuaren legea, hots, gure eskualdeetako hizkuntzek koadro juridikoa ukaitea». Larritzat du: «Gibelatze handia da duela kasik 50 urte egiten dugunarekiko. Gure eskualdeak errefusatzen du eta garbiki erresistentzian gaude. Macronek dio altxor nazionalak direla hizkuntzak, ongi da, baina legearen promulgatzea saihesteko parada ukan duelarik, zergatik ez du egin? Bere esku da orain berrikuspen konstituzionala edo lege berri bat proposatzea».

EH Baiko Anita Lopepe ere Parisi so dago: «Hasi beharko dugu gogoetatzen Paristik heldu ez den hori, Euskal Herritik beretik nola bermatzen ahalko dugun». Haren ustez, Baionan bilduriko jendearen aniztasunak erakusten du euskararen aurkako erasoa izateaz gain «kultur aniztasunaren kontrakoa ere» badela.

Marines etorbidea jende uholdeak aldarrikapenez ito du. Ama haurraren gibeletik ari da, izerditan, matelak gorri-gorri. Bidea laburtu du, Hiriburuko ikastolara doan semearen zango laburren mesedetan. Irriñoa ezpainetan, ez ditu bere arrangurak kukutu: «Murgiltze eredua aterabide bakarra da euskara menperatzeko ikusiz nola tipituak garen. Euskarak behar ditu arnasgune batzuk. Seaskarentzat bada arrisku gutxiago, aldiz eskola publikoetan bazen dinamika azkar bat murgiltze ereduaren alde, eta lege horrek dena blokeatzen du».

Badoa aitzina manifestazioa, tarteka animatuagoa da, gazteek orroaz aldarrikatzen baitute Baxoa eta Brebeta azterketak euskaraz egitea. Xuban Oltzomendi, Ana Pujos eta Katixa Fagoaga libertitzen dira oihuen artean. Argi dute zertarako etorri diren: «Biziki kexu gara ikasketak eta bizia ez baitizkigute euskaraz egiten uzten, euskara lanjerrean da». Preseski, Koldo Tellitu Ikastolen Federazioko bozeramailea, Paul Bilbao Kontseilukoa eta Kike Amonarriz Topagunekoa sostengua adieraztera etorri dira.

Xaho kaiaren zabala toki eskasiak bahitu du. Hasi bezala, behaztopatuz bururatu dute protesta, Mixel Etxekopar musikariaren lirikak ferekaturik: «Nola kanta, nola hitzeman, Euskal Herrian euskaraz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.