Murgiltzea eskatu dute ikastolek

Ikasle guzien euskalduntzea ziurtatzeko ezinbestekoa da Ikastolen Elkartearen iritziz. Ikastolen Elkarteko lehendakariak egingarritzat jo du hezkuntza sistema propio baten eraikuntza. Ikasturtearen hasiera ekitaldia egin dute Mungian.

Ikastolen ekitaldian parte hartu dute ordezkariak, gaur goizean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko irailaren 25a
16:19
Entzun

Ikastolen Elkarteko 2021-2022 ikasturtearen hasiera ekitaldia egin dute, gaur goizean, Mungian (Bizkaia). Koldo Tellitu ikastolen lehendakariaren ondoan, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak eta Ager Izagirre Mungiako alkateak hartu dute parte. Azken urteetan ikasleen euskararen ezagutzak eta kalitateak «behera» egin duela berretsi du Tellituk ISEIren ebaluazio diagnostikoen proben emaitzak oinarri hartuta, eta murgiltze eredua orokortzeko eskatu du ikastolen izenean, «ikasle guzien euskalduntzea ziurtatzeko». Tellituk adierazi du Euskal Herriko hezkuntza sistema propioa egungo errealitatetik «egingarri» dela, eta ongietorria egin die hezkuntza hitzarmenerako adostasuna lortzeko abian diren ekimen guziei.

Urteak daramatzate ikastolek euskara mailaren apaltzeari buruz abisua ematen, eta azken urteetan egiten ari diren lanak gogoratu ditu Tellituk. Ikastolen Hizkuntza Proiektua berraztertzea da horietako bat, hainbat eragilerekin elkarlanean daramatena. Ohartarazi du, dena den, hezkuntzarik bakarrik ere ezin dutela eragin, eta «euskalgintzak eta kulturgintzak ere» esku hartu behar dutela, erakundeek bezala.

Joan den otsailean ikastolek aurkeztu zuten Euskal Herrirako Hezkuntza Sistemarako oinarrien Endekalogoan idatzitako gogoratu du: «Euskara eta euskal kultura ardatz dituen sistema behar dugu. Benetako murgiltze eredua gauzatuko duena, oraingo Hizkuntza-ereduek ezartzen dituzten desberdintasunak gaindituta. Ikasle guztiei bermatuko diena euskaraz osotasunean bizi ahal izateko maila, duten abiapuntua dutela, eta bizi diren errealitate soziolinguistikoan bizi direla».

Ekitaldia omenaldirako ere baliatu dute, ohi bezala. Aurten, ikastolen komunitatea osatzen duten guziei egin nahi izan diete aitortza. Era berean, ongietorria egin diote Ikastolen Elkarteko 112. ikastola izanen den Bardozeko (Lapurdi) Xarnegu ikastolari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.