Frantziako Hezkuntza Ministerioak Eskualdeko Hizkuntzen eta Kulturen Irakaskuntzari Buruzko Zirkularra publikatu du aldizkari ofizialean. 2017ko zirkularra ordezkatzen du, eta hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza arautzen du. Dokumentu administratiboak ikastetxeen esku uzten du ikasitako hizkuntza bakoitzari eskainitako denbora, eta dio «posible» dela «murgiltze metodoa» erabiltzea. Frantsesaren eta hizkuntza gutxituaren «maila bereko ezagutza» jarri du baldintza gisa, eta «ebaluazio osagarriak» eginen dituztela iragarri du. Baxoan ikasgai batzuk euskaraz pasatzeko aukera ere aipatu du. Publikoan eta pribatu katolikoan egiten ziren esperimentazioak koadro orokorrean sartuko dira orain, eta, luzera begira, litekeena da aukera egotea euskara hutsezko irakaskuntza maila guzietara hedatzeko. Frantziako Konstituzio Kontseiluak joan den maiatzean hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren kontra hartutako ebazpenari erantzuten dio dokumentuak, baina ez du konponduko erabakiak sortutako ziurgabetasun juridikoa.
Honela dio Frantziako Hezkuntza Ministerioak publikatu duen dokumentuak: «Murgiltzearen bidezko irakaskuntza ikasketa-estrategia aukera bat da irakaskuntza elebidunean». Aitzitik, zehazten du irakaskuntza elebidunaren helburua dela frantsesa eta hizkuntza gutxitua maila berean jakitea. Ebaluazio osagarri batzuk sortuko dituzte ikasleen hizkuntza mailak neurtzeko.
Dokumentuak azpimarratzen du murgiltze eredua erabiltzea «baitezpada hautazkoa» izan behar dela ikaslearentzat, eta gurasoei dagokiela erabakitzea metodo hori proposatzen duen egitura batean haurraren izena ematea. Zehazten du frantsesera jo daitekeela «beharraren arabera» eta «proiektu pedagogikoaren barruan», haurraren «adierazpena eta ulermena sostengatzeko». Baina dio ikasitako hizkuntza bakoitzari eskainiko zaion denbora ikastetxeen eta ikasgelen proiektu pedagogikoari «egokitua» izanen dela.
Ikastetxeetan zer hizkuntzatan funtzionatu behar duten zehazteko irizpideak ere ematen ditu: frantsesa izan behar da. «Behar balitz, eta testuinguruaren arabera, eskualdeko hizkuntza ere erabil daiteke, frantsesarekin batera», argitu dute, hala ere.
Hasieran uste bazen ere ez zutela sartuko, azkenean azterketei ere egin die aipamena zirkularrak: «Ibilbide elebidun hori egin duten ikasleek baxoko proba batzuk eskualdeetako hizkuntzetan pasatzen ahal dituzte». Eragileen eskaera bat zen hori; besteak beste, Seaskarena. Azken hilabeteetan mobilizazio andana antolatu dute ikasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko, baina ez diete jaramonik egin. Abenduaren 10ean protesta egitekoa zuten Bordeleko (Okzitania) errektoretzaren aitzinean, baina bertan behera utzi zuten, denboralearengatik. Zirkularrean ez da zehaztua zer ikasgai pasatzen ahalko dituzten euskaraz; Bordeleko errektoretzarekin negoziatu beharko du Seaskak.
Laburbilduz, oreka joko batean oinarritzen da testua, eta elebitasunaren esparruan sartzen du murgiltze eredua, Frantziako Konstituzio Kontseiluak finkatutako koadroan sar dadin. Ikastolen eredua baimentzeaz gain, publikoan eta pribatuan euskara hutsean aritzeko aukera berresten du. Funtsean, Frantziako Gobernuaren borondate politikoa erakusten du zirkularrak, eta luze gabe oztopo administratiboak kentzeko balio lezake. Baina Damoclesen ezpata gainean dutela segitu beharko dute hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntzan dihardutenek.
Esperimentazioen bukaera
EEP Euskararen Erakunde Publikoak biltzar nagusia izan zuen atzo arratsaldean. Murgiltze ikasgela berrien irekitze egutegia zuten, besteak beste, aipagaien artean. «Zirkularrak aitzinatzeko manera ematen digu», adierazi du Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak. «Guretzat biziki berri ona da. Molac legeak proposatzen zuen murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea. Zirkularrean kontortsio ariketa bat egin dute errateko murgiltzea elebitasunaren metodo bat dela». Zehaztu du horren ondorioz sare guziak «berdin» tratatuko dituztela. Horrez gain, esperimentazioak desagertuko dira, eta sare publikoan eta pribatu katolikoan diren euskara hutsezko ikasgelak koadro orokorrean sartuko dira. Era berean, Kurutxarrik uste du litekeena dela aukera egotea luzera begira ama eskoletatik harago ere euskara hutsezko irakaskuntza orokortzeko: «Zirkularrak ez du debekatzen».
Dokumentu administratiboak duen «ñabardura» azpimarratu du, hala ere: juridikoki zirkularra da maila apalenekoa. «Espero dugu ez dela atakatua izanen. Guk nahi duguna da juridikoki segurtasuna lortzea». Adierazi du bai EEPn eta baita Euskal Hirigune Elkargoan ere konstituzio aldaketa eskatzen segituko dutela horretarako.
Euskal Konfederazioak ohar batean erran du zirkularra «maila apalekoa» bada ere «aitzinamendu» konkretuak ekarriko dituela. Erakundeei, hautetsiei eta hezkuntza arloko eragileei dei egin die heldu den urte hasieratik aitzina euskarazko irakaskuntzaren karta osatzeko ekimenak har ditzaten, «eskola elebidunetan murgiltze eredua lehen mailako azken urteraino garatzeko, eta euskara batere present ez den eskoletan oren parekotasunezko eredua plantan ezartzeko».
Hizkuntzen Kontseilua
Frantziako Hezkuntza Ministerioaren barruan sortuko duten Hizkuntzen Kontseilu Nagusia da zirkularrak dakarren beste berritasun bat. «Atzerriko, eskualdeetako eta antzinako hizkuntzen irakaskuntzari buruzko gogoeta, kontsulta eta bultzada» izanen ditu helburu, dokumentuaren arabera. Besteak beste, kontseilu horrek gidatuko du «eskualdeko hizkuntzen aldeko politika» Frantzian eta akademietan.
Euskara hezkuntzan. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren zirkularra
Murgiltzea arautu du Frantziak
Konstituzio Kontseiluaren ekaineko erabakitik espero zen zirkularra publikatu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza «posible» dela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu