Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hirugarren fasea ezarri eta astebetera, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du COVID-19ak eragindako pandemiaren aurkako egoera «oso ona» dela, eta baita hirugarren fasean izan duen bilakaera ere. Hain zuzen, jakinarazi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari uste horren berri emango diola, eta horrek eragina izan dezake alarma egoeraren deuseztatzean. Europa Press berri agentziak azaldu duenez, Jaurlaritzako iturrien arabera, baliteke gaur bertan hartzea erabaki bat, Osasun Sailaren datuak eta txostenak ikertu ostean, besteak beste. Oraingoz, bi aukera daude mahai gainean: normaltasun berrian sartzea ala hirugarren fasean mantentzea hilaren 21era arte. «Oso pozik gaude, kasu gutxi ditugulako eta fokuak kontrolpean daudela uste dugulako», nabarmendu du Murga Osasun sailburuak.
Hain zuzen, kutsatze foku berriak atzeman ziren orain dela ia astebete Basurtuko eta Txagorritxuko ospitaleetan, eta, egunek aurrera egin ahala, positibo gehiago erregistratu dira langileen, pazienteen eta ingurukoen eta bisitarien artean. Murgak atzo egindako agerraldian emandako datuen arabera, guztira 4.281 PRC proba egin dituzte Bilboko Basurtuko erietxean, eta, oraingoz, 41 kasu erregistratu dituzte, herenegun baino hiru gehiago. Gasteizko Txagorritxuko ospitalean 240 PRC proba baino gehiago egin dituzte, eta horietatik hamahiruk eman dute positibo. Murgak adierazi du bi ospitaleetako egoera «kontrolpean» dagoela, baina egon daitezkeela kutsatze gehiago. Hala ere, gaineratu du «detekzio goiztiarrak eta bakartze neurriek» eten egin dutela transmisioa.
Arrasateko (Gipuzkoa) Aita Menni ospitalean ez da beste kasurik erregistratu, joan den larunbatean bost kasu atzeman baitzituzten langile batzuen artean. Hango zuzendaritzak ohar bat kaleratu du, eta jakinarazi du langile horiek norbere etxean bakartuta daudela, sintomarik gabe. Hain zuzen, langileetako lau administrazioan aritzen dira, eta PRC probak egiten ari dira sail bereko lankideei eta baita kutsatuen ingurukoei ere. Bosgarren behargina buruko gaitzak artatzeko etxebizitza babestu batean aritzen da lanean, eta pisu hartan zeuden bederatzi pazienteei ere proba egin diete. Oraingoz, guztiek eman dute negatibo. Hala ere, prebentzio neurriak gogoan izan, eta bertan behera gelditu dira familien eta ingurukoen bisitak. Beraz, harremanak era telematikora mugatzen direla gehitu dute.
Nafarroan, kasurik ez
Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, bigarren egunez jarraian ez da PRC proba bidezko positiborik erregistratu azken orduetan. Eusko Jaurlaritzako datuek, aldiz, ez dute gauza bera islatzen, guztira zortzi kasu atzeman baitzituzten: hiru Araban, lau Bizkaian eta bat Gipuzkoan. Herenegun bederatzi izan ziren. COVID-19aren ondorioz hildakoak, berriz, lau pertsona izan dira, herenegun baino bat gehiago. Zainketa intentsiboetako unitateetan 24 pertsona daude Hego Euskal Herrian.
Murgaren arabera, birusaren datu orokorrak «onak» dira, baina aitortu du identifikatu diren kutsatze foku berriek errealitatea «distortsionatu» dutela. Haren ustez, datuak emateko erak eragina izan du interpretazio publikoan: «Hainbeste informazio horren azkar emateak urgentzia edo larritasun sentsazio bat eragin dezake, eta, ondorioz, gertaerak handitu daitezke». Jaurlaritzako osasun sailburuak adierazi du foku berri horiek «arreta dei bat» izan direla, eta orain beharrezkoa dela neurriak hartzea eta erne egotea: «Birusa gurekin bizi da; hurbiltasuna aurkitzen badu, transmititu egiten da». Besteak beste, bainu denboraldia hasi dela eta, bete beharreko neurri sorta baten berri eman du.
Koronabirusa
Murgak Urkulluri esan dio egoera «ona» dela, alarmaz erabaki dezan
Basurtuko eta Txagorritxuko ospitaleetan ugaritu egin dira positiboak, baina Murgak azaldu du «kontrolpean» dagoela egoera. Nafarroan ez da egon ez positiborik eta ez hildakorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu