Koronabirusa

Murgak dio Osakidetzak ez duela «baztertu» inoren ekarpenik

Ikerketa zentroetatik jaso dituzten hainbat proposamen ez dituztela aintzat hartu dioten albisteen harira, administrazioa defendatu du: «Halako motiborik ez da egon jendea testik egin gabe geratzeko»

Ikertzaile bat laborategian testak egiten, artxiboko irudi batean. R. WITTEK / EFE.
arantxa iraola
2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Epidemia betean, geroa argitze aldera, ezinbestekoak dira birusa eta haren antigorputzak atzemateko testak, eta horiek egiteko irizpideei buruzko berriak lehen lerroan daude. Hainbat albiste atera dira azkenaldian kontatuz Osakidetzak «bazter utzi dituela» testak egiteko ikerketa zentroetatik heldu zaizkion hainbat proposamen; Osasun sailburu Nekane Murgak atzo gezurtatu egin zituen, ordea, informazio horiek. «Osakidetzak krisi honetan ez du inoren kolaborazioa baztertu». Onartu zuen testak egin ezinik ibili direla hainbatetan, baina erantsi zuen arazo horiek ez direla sortu ikerketa zentroetatik heldu zaizkien proposamenei oraindik onespena eman ez dietelako: «Inor ez da testik gabe geratu laborategirik ez zegoelako horiek egiteko». Testak «berme» guztiz egin behar direla esan zuen, eta horien gaineko kontrol erabatekoa lortzen ez den bitartean ezin direla egin.Azaldu zuen hainbat ikerketa zentrorekin batera ari direla COVID-19aren kontra abian duten «kontingentzia planean», eta erlazio joria dutela horiekin.

Murgak atzo prentsaren aurrean egin zuen agerraldian tarte zabala eskaini zien argibide horiei, eta tonu irmoan jardun zuen. Hala ere, zalantzak daude oraindik argitzeko. EHUko Biokimika Departamentuko ikerketa talde batek, esaterako, asteak daramatza esaten prest dutela test bat. Ugo Mayor ikertzailea da talde horren koordinatzailea, eta hainbatetan adierazi du «ekarpena» egiten hasteko prest daudela; PCR motako testak ondu dituzte, eta EHUn bertan egunean 500-1.000 artean egiteko gaitasuna luketela adierazi izan du. Espainiako Carlos III ikerketa zentroaren onespena badute test horiek. Murgaren aburuz, ordea, oraindik azterketa gehiago egin behar dira horiek erabiltzen hasteko, eta, esaterako, atzo azaldu zuen Gurutzetako erietxetik (Bizkaia) helarazitako lagin batzuen gaineko azterketa era balekoan egiten dutela frogatu behar dutela orain. Testen egokitasunaz harago, gainera, horiek taxuz egin ahal izateko baliabideak ondo «bermatu» behar direla azaldu zuen sailburuak. CIC Biogune ikerketa zentroko talde batek ere esan du prest daudela egunean 800 bat test egiteko, eta hala jakinarazia diotela Osakidetzari. Hedabideetan egindako adierazpenetan salatu dute, ordea, inolako erantzunik ez dietela eman.

Bi egitasmo testak egiteko

Test horiekin zer jazoko den ez dago argi, beraz. Bitartean, hala ere, nabarmen ugarituko dira. Bi bidetatik. Batetik, egitasmo bat martxan jarriko du Osakidetzak igaro asteotan COVID-19aren sintomak eduki arren testik egin ez zieten 4.147ri ingururi test azkarrak egiteko orain; haien bidez, gaixotasun hori izan zuten argitu nahi dute, eta, hain justu, horren kontrako antigorputzak garatuta dauzkaten. Antigorputzak garatu badituzte, gaitzaren kontrako immunitatea ere garatu dutela jakin daiteke, eta datu oso garrantzitsua da hori osasun publikoko arduradunentzat. Birus honen gaineko immunitateak zenbat irauten duen ez dago oraindik argi, hala ere.

Espainiako osasun agintariek sustatutako ikerketa handiago batean ere test ugari egingo dira datozen asteotan Euskal Herrian; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, zehazki, 5.000 laguni jarraipena egingo zaiela azaldu zuen atzo Murgak. Etxez etxeko azterketa bat izango da; bertan bizi diren guztiei inkestak egingo dizkiete, eta azterketak. Prozesuaren hasieran eta handik hiru astera eta sei astera egingo dizkiete testak; horrela birusaren bilakaeraren informazio ahalik eta osoena izatea da helburua: erretratu bat egitea, ahalik eta doiena. Nafarroako osasun agintariek ere adierazia dute parte hartuko dutela ikerketa horretan: 2.000 pertsonaren jarraipena egingo dute.

Test klase horien bidez epidemiari aurre egiteko neurrietan asmatzea gero eta errazagoa dela nabarmendu zuen atzo Murgak.Gero eta «seguruagoak eta eraginkorragoak» diren estrategiak onduko dituzte osasun publikoko politiketan. Testak ez dituzte orokortuko oraindik, ordea; asmoa da sintomak dituztenei egitea, gaizki sentitzen hasi orduko, eta osasun arloan diharduten profesionalen esparruan «beste urrats bat » egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.