Egun batetik bestera «gorabeherak» dauden arren, azkeneko egunetako joera orokorra «argia» da, eta erakusten du COVID-19 pandemiaren egoera hobera egiten ari dela, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak adierazi duenez. Horregatik, udalerriz udalerri mugitzeko debekua kendu du Jaurlaritzak, eta, bihartik aurrera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek norbere herrialdearen barruan joan-etorriak egin ahal izango dituzte, orain arte ez bezala.
Nafarroan joan den astelehenetik dago herrialdean mugitzeko aukera. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ez dago herri batetik bestera mugitzeko oztoporik; soilki Pirinio Atlantikoetako departamentutik atera nahi izanez gero ehun kilometroko muga dago. Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga zeharkatzeko eragozpenek, berriz, bere horretan diraute.
Murgak dei egin die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei bihartik aurrera zabalduko zaien aukera «arduraz» erabil dezaten eta «soilki beharrezkoak diren joan-etorriak» egin ditzaten: «Ez dezagun alferrik gal orain arte lortutakoa».
Osasun sailburuak Eusko Jaurlaritzaren neurri berriaren puntu batzuk argitu ditu. Esan duenez, herritarrek aukera izango dute bigarren etxebizitzara joateko, probintziaren barruan baldin badago. Ordutegiei dagokienez, gogorarazi du horiek Espainiako Gobernuak ezartzen dituela, eta indarrean dirautela.
5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan ez dago ordutegiei eutsi beharrik pasieran ibili, kirolean aritu eta antzeko jardueretarako, baina litekeena da herri txiki horietako zenbaitetan kanpotik jende asko iristea Murgak Bakio (Bizkaia) eta Deba (Gipuzkoa) aipatu ditu adibide gisa. Osasun sailburuak gogorarazi du ordutegiak ezartzeko irizpidea erroldatutako herritar kopurua dela, eta, hortaz, horrelako herrietan araua ez dela aldatuko kanpotik jende asko iritsiagatik ere. Hori bai, «zentzuz» jokatzeko eskatu die Murgak herritarrei, horrelako herrietan jende pilaketarik ez sortzeko.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «bigarren faserako bidean» daudela oroitarazi du Murgak, eta «tentuz» jokatzeko deia egin du: «Oraingo kontaktu desegokiak datozen egunetako kutsatze berriak izango dira».
Positibo gutxiago
Azkeneko orduetan 37 kutsatu berri atzeman dituzte PCR proben bidez Hego Euskal Herrian, bezperan baino bost gutxiago. Horrek baieztatzen du kutsatu berrien kopuruaren beheranzko joera. Horietatik 21 Nafarroan detektatu dituzte, 13 Bizkaian, eta kasu bakarra atzeman dute Araban. Gipuzkoan ez da beste kutsaturik izan azkeneko 24 orduetan. Beste bi positibo izan dira Osakidetzako zentroetan, «EAEtik kanpokoak», Murgak azaldu duenez.
Hildakoak, berriz, bost izan dira azkeneko orduetan. Datuen azken bolada honetako apaltzea baieztatzen du horrek, baina bezperan baino bi hildako gehiago dira.
Koronabirusa
Murgak dio bilakaera «argia» dela, gorabeherak dauden arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu