Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du COVID-19ak azken egunetan eragindako egoera «kontrolatuta» dagoela, baina zuhurtziaz jokatu beharra aipatu du: «Zaintza estuari esker, egoera kontrolatu dela dirudi; hala ere, oso zuhurrak izan behar dugu, eta hurrengo egunetan zer gertatuko den ikusi». Halere, atzo eguerdian eskainitako datuen arabera, Basurtuko (Bizkaia) ospitalean birusa dutenen kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta erditze gelak ere husten ari dira kasu bat agertu delako.
PRC probak egin ostean, guztira 32 positibo detektatu zituzten atzo Basurtun, herenegun baino hiru gehiago. Horietatik hamabi langileak dira; beste hamabi, pazienteak; eta zortzi, bisitariak edo ingurukoak. Are gehiago, Basurtuko ospitaleko Iturrizar pabiloiko erditze gelak ere itxi egin behar izan dituzte, koronabirus kasu bat agertu delako. Murgak azaldu du ospitaleratu zutenean emakumeak negatibo eman zuela PRC proban, baina handik egun batzuetara berriro proba egin eta positibo eman duela. Gasteizko Txagorritxu ospitalean ere kasuak erregistratu dituzte azken egunetan, baina, atzo eskainitako datuen arabera, azken orduetan ez da positibo gehiagorik egon, eta, oraingoz, zazpik eman dute positibo.
Donostiako Jesuiten ikastetxean ere ez zen giro izan atzo. Bertan behera utzi zituzten aurrez aurreko eskolak, ikasle batek koronabirusaren sintomak zituelako. Ikastetxeko zuzendaritzak ohar batean zabaldu zuenez, ikaslearen sintomak jakin eta protokoloa martxan jarri zuten, Osakidetzarekin harremanetan hasi ostean. DBH 4. mailako eta batxilergoko lehenengo mailako ikasleek, senitartekoekin batera, hamalau eguneko berrogeialdia egin behar zuten. Hala ere, PRC proban negatibo eman zuen ikasleak, eta, azkenean, berrogeialdia bertan behera uzteko erabakia hartu zuen zuzendaritzak. Dena dela, ikasturtea online bukatzea erabaki dute. Eibarren (Gipuzkoa), udaltzainek bi taberna itxi zituzten atzo, bi ostatuen jabeak COVID-19aren proban positibo eman dutelako. Orion (Gipuzkoa), berriz, adinekoen eguneko zentro bateko erabiltzaileak eman du positibo.
Eguneko datuei dagokienez, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi dute beste hamahiru positibo erregistratu zirela atzo: zortzi Bizkaian, eta bost Nafarroan. Herenegun, 23 izan ziren. Hildakoak lau dira, herenegun baino bat gutxiago. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak oinarri, Murgak adierazi du joera «ona» dela, eta orain «zaintza estua» egiteko momentua dela. Hala ere, gaineratu du beharrezkoa dela maskarak erabiltzea eta segurtasun tartea mantentzea normaltasunera itzuli ahal izateko. «Zenbat eta urrats gehiago egin normaltasunera, orduan eta garrantzitsuagoa izango da gomendioak betetzea; maskara erabiltzea funtsezkoa da; guztion esku dago aurrerantz jarraitzea».
Ikerketa serologikoak
Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak azaldu du ikerketa serologiko propioa egiteko asmoa dutela udazkenean, Nafarroan COVID-19a zenbat pertsonak izan duten jakiteko. Ikerketan, mila pertsona aztertuko dituzte, eta ondorioak sexuaren eta adinaren arabera aterako dituzte. Haren ustez, «beharrezkoa» da egoeraren ebaluazioa egiten jarraitzea.
Espainiako Osasun Ministerioak sustatutako ikerketaren emaitzak dira orain arte argitaratutakoak. Dagoeneko bi neurketa egin dira, eta, azkenaren arabera, Hego Euskal Herriko herritarren %4,3 kutsatuak zituen koronabirusak; guztira, 124.000 biztanle.
Koronabirusa
Murga: «Kontrolatu da egoera, baina zuhur jokatu behar dugu»
Basurtuko ospitalean COVID-19aren hiru kasu gehiago atzeman dituzte. Donostian ikastetxe bat itxi dute, eta Eibarren bi taberna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu