Koronabirusa

Murga: «Bigarren olatua da»

Positiboen gorakada nabarmena izan da Hego Euskal Herrian: 419 kasu atzeman dituzte azken orduetan, atzo baino 108 gehiago. Fernando Simonek ukatu egin du bigarren olaturik dagoela

Nekane Murga Osasun sailburua, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Iñaki Berraondo Osasun sailburuordea atzoko bileran, Gasteizen. EUSKO JAURLARITZA / EFE.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
COVID-19aren egoera okerrera doa egunez egun. Iragan ostegunetik, 200 kasutik gora atzeman dituzte egunero Hego Euskal Herrian; atzo 300 kasuren langa ere gainditu zen, eta azken orduetan 400era iritsi da. Azken kontaketetan, 419 positibo atzeman dituzte. Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak «bigarren olatua» hau dela, eta birusa egunez egun «tokia hartzen» ari dela adierazi zuen atzo, egoeraren berri emateko eginiko prentsaurrekoan. Aitzitik, Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendaria ez dator bat Murgaren irakurketa horrekin. «Ez nioke bigarren olatu deituko, kontrolik gabeko transmisio komunitarioa ez dagoen bitartean».

Adituen ikuspegi diferentziez harago, Murgak bai nabarmendu zuen martxoko olatuarekin aldea duela egungo egoerak. Orduan, egun gutxitan asko hazi ziren kutsatuen kopuruak, eta ospitaleak bete ziren aste batetik bestera. Oraingoan kasuen igoera apalagoa da, baina birusaren eragina ez dela «gutxietsi» behar gogorarazi zuen Murgak: «Ez da ahulagoa orain, eta ez du gutxiago hiltzen». Are, martxoko indar berbera har dezake oraindik ere. Aldea aztarnarien lanean, bakartze neurrietan eta maskararen erabileran dago, Murgaren esanetan.

Gogor jardun zen sailburua agerraldian, eta argi adierazi zuen harremanak murriztu beharra dagoela: «Hainbeste kasurekin, normaltasun berria ez da posible: ohiturak aldatu behar ditugu, eta jendearengandik urrundu». Hain zuzen ere, gehienak aisialdian kutsatzen direla adierazi zuen Murgak, baina ez soilik gauean, eta «ezinbestekotzat» jo zuen bakoitzak harremanak dituen pertsona kopurua murriztea: «Birusa jendearekin elkartzen garen unean transmititzen da; izan terrazetan, paseoan, familia bazkari batean edo mendira taldean goazenean». Maskara gabe igarotako denbora ere ahalik eta gutxiena izan behar da, haren hitzetan.

Sailburuak ohartarazpen bat helarazi zien herritarrei: aste honetan, edozein jarduera sozialetan jendea kutsatzeko arriskua dago; beraz, ahal dela ez da halakoetan parte hartu behar. «Abuztua izan arren, kontaktuak neurtu behar dira; edo neurri berriak ezarri beharko ditugu ospitaleek gainezka egiten badute». Izan ere, Murgak iragarri zuen datozen egunetan oraindik ere igo egingo direla kutsatzeak, bai eta ospitaleratzeak ere.

98 pertsona ospitaleeetan

Uda hasieran, ospitaleratzeak egonkor mantendu ziren, baina ugaritu egin dira horiek ere, eta, oraintxe, egunero norbait sartzen ari da ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Oraingoz, Osakidetzan kontrolpean dago egoera, baina solairu eta ZIU berriak prestatuko dituzte, etor daitekeenari begira. Oraintxe, 98 pertsona daude Hegoaldeko ospitaleetan, horietatik bederatzi ZIUetan.

EH Bildu «kezkatuta» agertu da pandemia izaten ari den bilakaerarekin eta biltzeko deia luzatu dio Murga sailburuari, «informazioa lehen eskutik jasotzeko». Aztarnarien, kontseilu sanitarioaren eta osasun publikoko zerbitzuen egoera zein den jakin nahi du indar subiranistak.

Azken orduetan, herrialde guztietan ugaritu dira kasuak, Araban izan ezik. Positibo gehienak, beste behin ere eta hamargarren egunez jarraian, Bizkaian detektatu dituzte: 233, atzo baino 78 gehiago. Gipuzkoan bikoiztu egin dira positiboak egun bakar batean: 57 izan dira, 31 gehiago. Nafarroan, 81 izan dira, 11 gehiago; eta Araban, 44. Jaurlaritzak jakinarazi du erkidegotik kanpoko lau kasu atzeman dituztela. Bilbo, Gasteiz eta Barakaldo hirigune handiek «kezka» berezia sortzen diote Osasun Sailari, horietan pilatu baitira azken orduetan atzeman diren kasuen %45. Murgaren esanetan, inguru horietan joan-etorri asko izateak eragina du.

Bilboko kasuek goranzko joera nabarmena izan dute. Azken kontaketetan 126 positibo atzeman dituzte, atzo baino 35 gehiago. Azken hiru egunetan dagoeneko 286 kasu pilatu dira hirian, Hegoaldean detektatu dituzten kutsatzeen %29. Hainbat agerraldi izan dira Bilbon, eta proba masiboak egiten aritu dira osasun langileak. Fever diskotekan izandako agerraldiarekin lotuta, 111 pertsonari egin diete PCR proba, eta horietatik hemezortzik positibo eman dute. Gasteizen, atzo baino gutxiago izan dira detektatu dituzten kasuak, baina Arabako kasu ia guztiak hirian pilatzen dira: azken hiru egunetan, positiboen %83. Barakaldon 28 kasu atzeman dituzte, atzo detektatutakoen bikoitza (hamabi).

Agintariek behin eta berriz nabarmendu dute kutsatzeen kopuru handiak lotura zuzena duela egiten diren PCR proben kopuruarekin. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 175,9 test egin dituzte 1.000 biztanleko, eta Nafarroan, 169,3. Atzo, Nafarroan, 84 PCR test egin zizkieten Tuterara fruta biltzera etorritako langileei, eta negatibo eman dute guztiek. Nafarroako Gobernuak sasoikako langile guztiei testak egiteko konpromisoa hartu du, eta horiek izan dira lehenak. Urdulizko ospitalean (Bizkaia), 523 test egin dituzte orain arte, Erandioko Goikoa batzokian izandako agerraldiarekin lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.