Muniziorako Jaurlaritzaren aurrekontua %138 handitu da lau urtean

Ertzaintzak foam jaurtigaien 24.420 kartutxo erosi zituen 2020an, 900.000 eurotan.

(ID_13600651) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-02-13, Villabona. Ertzaintzak Tolosan gazte bat larri zauritu ondoren agerraldi jendets...
Protesta egin zuten asteartean Villabonan, 16 urteko mutil bat jaurtigai batekin zauritu zutela salatzeko. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon olano
2024ko otsailaren 14a
15:00
Entzun

Ertzaintzak jaurtigai bat erabilita adingabe bat zauritu izanak beste behin ekarri du hizpidera poliziek istiluetarako erabiltzen duten materiala. Eta, foam jaurtigaiez harago, datuek erakusten dute nabarmen handitu dela Eusko Jaurlaritzak muniziorako erabilitako diru kopurua. Aurtengo aurrekontuetan 1,4 milioi euroko diru sail bat gorde du Segurtasun Sailak muniziorako —aurrekontuetan ez dira bereizita ageri munizio motak—. Hazkundea nabarmena da 2020ko datuarekin alderatuta; urte horretako aurrekontuan, 620.000 euro gorde zituen Jaurlaritzak, eta, beraz, lau urtean %138 handitu dira bala, foam eta abarretarako sosak.

2020tik 2023ra, Jaurlaritza urtez urte handituz joan zen muniziorako diru saila; 620.000 eurokoa zen 2020an; 894.553 eurokoa 2021ean, eta 1.355.126 eurokoa 2022an. Goia iaz jo zuen: 1.692.101 euro xahutu zituen material horietan, hiru urte lehenagoko gastua baino milioi bat gehiago. %173ko hazkundea da hori. Iaztik aurtengo kontuetara, ordea, %13 murriztu da gastua, 1.476.460ra.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehaztu du diru sail horiek «estimazio bat» direla eta garrantzitsuena aurrekontuetatik benetan gauzatzen dena dela, eta hori urtez urte aldatzen dela arrazoi ugari tarteko. Esaterako, Segurtasun Sailaren esanetan, unitate bakoitzeko ertzain kopurua «asko» alda daiteke urte batetik bestera mailaz igotzeko ikastaroen, Arkautiko akademiatik sartzen diren ikasle kopuruen eta abarren arabera.

24.420 kartutxo 2020an

Foamari dagokionez, Ertzaintzak liskarren kontra erabiltzen duen materialari buruzko informazioa topa daiteke Segurtasun Sailak munizioa erosteko eginiko kontratuetan. Hain justu, Jaurlaritzak 2020ko martxoan gauzatu zuen 40 milimetroko kalibrea duten jaurtigai ez hain hilgarri horiek erosteko prozedura, 2020-2021 aldirako izan zitzaketen beharrak kalkulatuta.

Gobernuak 899.998 euro gastatu zituen erosketa hartan: 24.420 kartutxo erosi zituen —SIR ereduko 16.525 eta SIRX-eko 7.895—. Legeak hala ahalbidetuta, publizitaterik gabe gauzatu zuen prozedura osoa.

Gobernuak 899.998 euro gastatu zituen erosketa hartan: besteak beste, 24.420 kartutxo erosi zituen —SIR ereduko 16.525 eta SIRX-eko 7.895—. Legeak hala ahalbidetuta, publizitaterik gabe gauzatu zuen prozedura osoa, diru kopuru horretako kontratuak normalean lehiaketa publiko bidez banatzen badira ere. Hori horrela egin ahal izateko, 2019ko abenduaren 16ko data duen agiri batean, Josu Bujanda ertzainburuak argudiatu zuen Ertzaintza aurrez ere erabiltzen ari zela B&T enpresako SIR eta SIR-X modeloetako munizioa, erosketa hori aurrez hornitutako materialaren bidalketa osagarriak egiteko zela, eta, beraz, beste munizio bat erosteak ezinezko egingo lukeela Ertzaintzak aurretik zeuzkan jaurtigaiak erabiltzea; areago, poliziek formakuntza jasoa zutela eredu jakin bat erabiltzeko, eta hura aldatzeak ezinezko egingo lukeela arma berriak «segurtasunez eta eraginkortasunez» erabili ahal izatea. Badira elementu gehiago kontratu hori lehiaketa publikorik gabe emateko: adibidez, Eurodis System SL enpresak daukala munizio mota horren banaketarako eskubide esklusiboak.

Ezaugarri batzuk ere zehazten dira kontratuan: materiala Ertzaintzari eman baino hamabi hilabete lehenago egon behar zuen fabrikatua, eta bi motatakoak erosi zituzten, jaurti beharreko distantziaren araberakoak: 50 metrorainokoak edo 70 metrorainokoak. Aurrenekoek 70 gramo inguruko pisua dute, eta besteek, 80 bat gramokoa. Kanoiaren energian dago aldea: 116 julio ditu lehenbizikoak eta 176 bigarrenak. Batez besteko abiadura ere ezberdina da: segundoko 85 metroko abiadura hartzen dute distantzia motzekoek, eta segundoko 105 metrokoa luzekoek.

foam jaurtigaiak
 

Material horiek eragin dezaketen arriskuaz, ordea, eztabaida dago. Katalunian, polizia ereduari buruzko eztabaidaren testuinguruan, erabaki dute SIRX modeloko jaurtigaiak erretiratzea ekaina baino lehen. Han, 2021eko apiriletik da publiko mossoek liskarren kontrako materiala erabiltzeko protokoloa. BERRIAk bildutako argazkiek erakusten dute Ertzaintzak bi modeloetakoak erabili zituela Tolosan.

Ertzaintzaren jardunbideak, sekretupean

Istiluen aurkako materialaz Ertzaintzak egiten duen erabilera ezin da ulertu Iñigo Cabacas zenaren hilketa aintzat hartu gabe. 2012ko apirilaren 5ean Ertzaintzak pilotakada batez Athleticeko zalea hil izana mugarri bat izan zen liskarren aurkako armen erabileran, haren ondotik taxutu baitziren gaur egun Ertzaintzaren jarduera arautzen duten protokoloak.

Gomazko piloten erabilera 1997ko agindu batek zedarritzen zuen, baina, Cabacas hil eta hilabete eskasera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak —orduan oraindik PSE Jaurlaritzan zela— 73. instrukzioa eman zuen, armamentu, munizio eta liskarren aurkako beste elementu batzuen erabilera eta kontrola arautzeko. Jaurlaritzak helburu gisa jarri zuen gomazko pilotarik gehiago ez erabiltzea 2013ko urtarriletik aurrera. Jaurlaritzak 74. instrukzioarekin osatu zuen arau hori 2013ko apirilaren 16an, EAJ jada gobernuan zela, eta, hala, pilota jaurtigailuak nola erabili arautu zuen. Testu horrek jasotzen du foam jaurtigailuak nola erabili.

Zer diote bi instrukzioek? Zaila da jakitea, Jaurlaritzak sekretupean dauzkalako, segurtasun arrazoiak argudiatuta. 2014an, adibidez, Cabacasen auziaren ikerketa aldian, Jaurlaritzak uko egin zion 6. eta 73. instrukzioak epailearen esku uzteari, eta eduki jakin batzuk baino ez zituen ezagutarazi, dokumentuak osorik epailearen esku jarri gabe. Orduko Segurtasun sailburuak, Estefania Beltran de Herediak, Eusko Legebiltzarrean azaldu zuen gobernuaren lankidetza «erabatekoa» zela ikerketarekin, baina agiri horiek sekretupekoak zirela. 2019an eta 2021ean, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak 74. instrukzioa eskatu zion Segurtasun Sailari, baina orduan ere ezetz erantzun zuen Lakuak. BERRIAk bi arauak eskatu dizkio Ertzaintzari, baina hark erantzun du ezin duela informazio hori helarazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.