Munduko seigarren superordenagailu kuantikoa hartuko du Ikerbasquek

Eusko Jaurlaritzaren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien eta IBMren arteko Basque Quantum proiektua aurkeztu dute Donostian.

Iñigo Urkullu, Tabakaleran, Basque Quantum proiektuaren aurkezpenean. IREKIA
2023ko martxoaren 24a
13:11
Entzun

Basque Quantum izeneko aliantza aurkeztu dute gaur Donostian. Eusko Jaurlaritzaren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien eta IBM enpresa teknologikoaren arteko proiektua da, eta horren bidez, munduko seigarren superordenagailu kuantikoa jarriko dute IBM-Euskadi Quantum Computational Center izeneko zentroan. Ikerbasqueren egoitza berrian egonen da zentro kuantiko hori, Donostian.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk parte hartu du aurkezpen ekitaldian. «Oraindik ez dakigu zehazki ordenagailu kuantikoak zer etorkizun ekarriko digun, baina prest egon nahi dugu; horregatik segitu behar dugu etorkizuneko proiektuetan inbertitzen», esan du. Urkullurekin batera, Basque Quantum aliantzaren aurkezpen ekitaldian izan dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputatu nagusiak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta IBMko ordezkariak.

Basque Quantum proiektuaren lehen urratsetako bat izanen da «teknologia kuantikoen ikerketarako zentro bat» sortzea, IBM Quantum System One ordenagailu kuantikoa hartzeko. Munduko seigarren superordenagailu kuantikoa izanen da, IBMk bultzatutako nazioarteko sare bati atxikia: aurretik, AEBetan, Alemanian, Japonian, Kanadan eta Hego Korean jarri dituzte.

Ekitaldian, IBMren eta Euskal Herriko erakundeen arteko akordioaren garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek, «aukera ematen baitu mundu osoan aitzindari izateko zientzia alor estrategikoenetako bateko ikerketan».

Joan den astean sinatu zuten hitzarmena IBMk eta Ikerbasque Fundazioak: 50,8 milioi euroko inbertsioa jasotzen da bertan. Zenbateko hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren bitartez eman zaio Ikerbasqueri. Inbertsio horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek ere ekarpenak eginen dituzte, ikerketa proiektuak laguntzeko deialdien bitartez. Ekitaldian azaldu dutenez, erakundeek 120 milioi euroren inbertsioa eginen dute Basque Quantum proiektuan, 2028ra arte.

Europako Batasunaren bikaintasun izendapena

Eusko Jaurlaritzaren arabera, IBMrekin sinatutako akordioak eraginen du «Euskadik nazioarteko panorama zientifikoan duen prestigioa sendotzea». Horren adibidetzat jo du Europako Batasunak EAE Euskal Autonomia Erkidegoa izendatu duela Berrikuntza Handiko Eskualde eta Bikaintasun Polo, «bertako zientzialarien goi kualifikazio esker, bazkide sendo eta balio handikoa da Euskadi». Gaur aurkeztutako Basque Quantum proiektuak «ospe hori sendotuko» duela uste du Jaurlaritzak. «Gainera, teknologia kuantikoen bultzadari esker, ikerketako profesionalen harrobi bat sortu ahal izango da».

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, proiektu zientifikoak xedetzat izanen du «aberastasuna sortzea», «bai ezagutzari dagokionez, bai berton industriak sortu eta bultzatzeari dagokionez ere. Lehentasunezko helburua da sektore publiko eta pribatuen ahaleginak koordinatu ahal izatea, aukera leiho berriak sortzeko, gizarte osoaren onerako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.