Munduko herrialde garatuenen pare

Pisa ebaluazio txostenaren arabera, OCDEren batez bestekoaren parean daude Hegoaldeko ikasleak

Asier Iturriagaetxebarria.
2007ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko ikasleek munduko herrialde garatuenen pareko emaitzak lortu dituzte Pisa ebaluazio txostenean. Hiru urterik behin egiten da Pisa azterketa, eta bertan parte hartu dute munduko 57 herrialdetako 15 urteko 400.000 ikaslek. OCDEk (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) antolatzen du proba, eta bertan daude munduko 30 herrialde garatuenak.

Hego Euskal Herriko 5.519 ikaslek egin zuten proba iaz, baina aurreko astean jakinarazi zituzten emaitzak. Bi orduko azterketa egin zuten, eta zientzia, matematikak eta irakurmenean dituzten gaitasunak neurtu zituzten.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek orain hiru urte parte hartu zuten lehenengo aldiz Pisa ebaluazio txostenean. Oro har, aurreko ebaluazioko emaitzak errepikatu dituzte. Zientzietan izan dute hobekuntzarik nabarmenena (11 puntu gehiago lortu dituzte); irakurmenean, ordea, behera egin dute (beste 11 puntu). Nafarroak, aldiz, lehenengo Pisa ebaluazio txostena izan du. Irakurmenean izan ezik, OCDEren batez bestekotik gorako emaitzak lortu dituzte ikasle nafarrek.

Zientziak

Zientzien arloa izan da aurtengo Pisa txostenak zehaztuen ebaluatu duen arloa. Nafarroako ikasleak izan dira emaitzarik onenak lortu dituzten Hego Euskal Herriko ikasleak. OCDEren bataz besteko maila 500 puntuan dago, eta Nafarroakoek 511 puntu lortu dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek maila baxuagoa eman dute zientzien arloan, eta OCDEren bataz bestekotik behera geratu dira, 495 puntu lortu baitituzte. Dena dela, Pisa txostenean 5 puntuko aldea ez da esanguratsutzat hartzen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek aurreko ebaluazioan baino 11 puntu gehiago lortu dituzte.

Bai Nafarroan eta bai Araba, Bizkai eta Gipuzkoan parekotasuna da ezaugarri nagusia. Ez dago ikasle bikain askorik, baina, era berean, gutxieneko mailara iristen ez den ikasle gutxi dago. Nafarroan, esaterako, ikasleen %9 dira bikainak. Gutxieneko mailara iristen ez direnak, aldiz, %19 dira. Antzeko zerbait gertatzen da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: ikasleen %80 maila ertainekoak dira.

Emaitzetan eragin dezaketen aldagaien artean, ikasleen familien maila sozio-ekonomikoa esanguratsua da arlo guztietan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aldagai horren eragina alde batera uzten badugu desberdintasun horietako batzuk desagertu egiten dira. Gauza bera gertatzen da zentroari dagokion indize sozial, ekonomiko eta kulturala kontuan hartzen bada.

Hizkuntz ereduen artean egon daitezkeen aldeei dagokienez, ikasleen gurasoen maila sozio-ekonomiko eta kulturalak eragin zuzen-zuzena izaten du. D ereduko ikasleek emaitza onak lortu dituzte. Sare kontzertatuko D ereduko ikasleek lortu dituzte emaitzarik onenak zientzietan: 513 puntu bildu dituzte. D publikoa batez bestekotik behera geratu da, 486 punturekin. Sare publikoko A ereduan izan dira emaitzarik eskasenak. Dena dela, kontuan izan behar da sare publikoko A ereduko ikasleen familiek dutela maila sozio-ekonomiko eta kultural apalena.

Matematikak

Matematiketan bakarrik lortu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek OCDEko mailatik gora egotea. 501 puntu lortu dituzte, OCDEko batez bestekoa baino hiru puntu gehiago. Gainera, orain 3 urteko emaitzen parekoak lortu dituzte. Nafarroako ikasleek aise gainditu dute OCDEko batez besteko maila, 515 lortu baitituzte.

Matematiken arloan ere nabarmena da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren ekitate maila. Ikasleen %80 inguru daude maila ertainean. Horren arabera, maila ertain kopuru handienetakoa duen laugarren ingurua dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Batez besteko mailara iristen ez direnak, aldiz, %16 izan dira.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nesken eta mutilen emaitzen artean ez da alde handirik egon. Mutilek neskek baino 3 puntu emaitza hobeak lortu dituzte, baina alde hori ez da esanguratsua. Ez da gauza bera gertatzen OCDEko herrialde gehienetan, mutilek neskek baino emaitza hobeak lortzen dituztelako matematiketan.

Hizkuntz ereduei dagokienez, sare kontzertatuko D eredua izan da emaitzarik onena lortu dituena matematiketan. 517 puntu eskuratu dituzte, OCDEko batez bestekotik nabarmen gora. Sare publikoan D eredua izan da emaitzarik onena lortu dituena (496), ia-ia OCDEren batez bestekoetan.

Irakurketa

Testuak ulertzeko gaitasunean Nafarroakoak ez dira OCDEko batez bestekora iritsi: 481 puntu lortu dituzte, batez bestekoa baino 11 puntu gutxiago. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek 487 puntu eskuratu dituzte, orain dela hiru urte baino emaitza eskasagoa.

Irakurtzeko gaitasunean alde nabarmena dago nesken eta mutilen artean: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako neskek mutilek baino 37 puntu gehiago eskuratu dituzte. Mendebaldeko herrialdeetan errepikatzen den joera da neskek mutilek baino emaitza hobeak eskuratzea irakurketan.

Hizkuntza ereduei dagokienez, irakurtzeko gaitasuna neurtzeko azterketetan ere sare kontzertatuko D ereduak lortu ditu emaitzarik onenak. 507 puntu eskuratu dituzte, OCDEko batez bestekotik gora. Sare publikoko D ereduko ikasleak 478 puntu eskuratu dituzte, OCDEko batez bestekoa baino 14 puntu gutxiago.





############



«Ondo samar gaude, baina hobetzeko asko daukagu»

JOSU SIERRA Jaurlaritzako ISEI erakundeko zuzendaria
Sierraren iritziz, emaitzak «on samarrak»baina hobetzeko modukoak izan dira,eta hurrengo urteetan zientzietan hobetuko dela aurreratu du.
a. iturriagaetxebarria

Bilbo

«Ondo samar gaude. Herrialde garatuenen batez bestekoetan gaude, baina hobetzeko asko daukagu». Josu Sierra Eusko Jaurlaritzako Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko (ISEI) zuzendaria gustura dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 15 urteko ikasleek nazioarteko Pisa ebaluazio txostenean lortu dituzten emaitzekin. Oro har, orain hiru urteko ebaluazioko emaitzak errepikatu dituzte, zientzien arloan hobetu duten arren.

Orain hiru urte hartu zuen parte lehenengoz Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Pisa ebaluazio txostenean. 15 urteko ikasleen zientzia, matematika eta irakurmena neurtzen du azterketa horrek. Orain hiru urtekoan, irakurtzeko gaitasunean sakondu zen gehiago, eta aurtengoan gehiago begiratu dute ikasleek zientzietan duten ezagutza. Lehen ebaluazio horretan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek zientzien arloan hutsunea zutela agerian geratu zen. Aurten, 11 puntuko hobekuntza izan dute, eta ia neurketa egiten duen OCDEren (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) batez bestekoetan jarri dira.

Orain hiru urteko emaitzak ikusita, zientziak eta matematikak ikasten ikasleek ordu gehiago eman behar zituztela erabaki zuen Hezkuntza Sailak. Curriculum berria prestatzen ari dira, eta helburua horixe izango da. «Ez dakigu ikasleak hobeak direlako lortu dugun puntuazio hobea edo horrela mantenduko den joera. Hiru ebaluazio behar izaten dira joera zein den jakiteko. Baina hemendik aurrera ikastordu gehiago eskainiko dizkio zientziari. Beraz, hemendik aurrera gehiago hobetzeko itxaropena daukagu».

Sierrak azaldu duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan ikastorduen %6 eskaintzen zaio zientzien arloaren irakaskuntzari. OCDEren batez bestekoa horren bikoitza da: %12. «Hain ordu gutxi eskainita mirariak egitea oso zaila da».

Testuak ulertzeko gaitasunean 11 puntu behera egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek. Dena den, OCDEren batez bestekoetan daude. Sierra ez dago arduratuta emaitza horrekin. «Ez da kezkatzekoa. Ikus daiteke botila erdi hutsik edo erdi beterik, baina gu batez bestekoetan gaude». Kezkatuta egon ez arren, hobetzeko premia dagoela azpimarratu du. «Ezin gara autokonplazienteak izan. Batez bestekoetan egotea ez da nahikoa». Hori bai, argi utzi du irakurmenean asko hobetzea ez dela erraza izango. «Gure maila sozio-ekonomiko eta kulturala kontuan hartuta, ezin dugu pentsatu urte betean Kanada edo Finlandia izango garenik. Adierazle sozio-ekonomikoak aldatzen diren heinean hobetuko dugu».



MAILA EKONOMIKO ETA KULTURALA. Ikasleen gurasoen maila sozio-ekonomiko eta kulturala ikasleek lortzen dituzten emaitzetan eragin handiena duen adierazlea dela argi geratu da beste behin Pisa txostenean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere horrela gertatu da. «Maila sozial eta ekonomiko baxuena daukatenak emaitza txarragoak ateratzen dituzte. Horren arabera gauza asko mugitzen dira».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasle bikain gutxi daudela agerian geratu da Pisa ebaluazio txostenean. Ikasle bikain gutxi, baina maila txikiegia ematen dutenak ere oso gutxi dira. Hau da, ekitate maila handikoa da hezkuntza sistema. «Filosofiaz horrela da gure hezkuntza sistema. Baliabide asko metatu ditugu horretarako, eta horretan sinesten dugu». Eskola porrota indizea txikia izatea etorkin gutxiago izatearekin lotzen dute askok, baina Sierra ez da erabat ados horrekin. «Beste erkidego autonomo batzuetan gu bezain etorkin gutxi dituzte, eta eskola porrota askoz handiagoa da. Horretan bakarrik ezin dira oinarritu gure datuak».

Eusko Jaurlaritzak ez ditu Pisako emaitzak eman sareen eta hizkuntz ereduen arabera. Sareez hitz egitea ez zaiola gustatzen azpimarratu du, sare eta eredu guztiak berdinak ez direlako. «Adibidez, D publikoa maila ertainekoa da eta A publikoa maila baxukoa da». Gizarte estratuak adierazle baliagarriagotzat jotzen ditu Sierrak. Dena dela, sareen artean alde handirik ez dagoela esan du.

Hizkuntza ereduei dagokienez, D ereduak emaitza onenetarikoak lortu ditu sare batean zein bestean. Baina hor ere gizarte estratuen adierazlea dagoela nabarmendu du. «Logikoa da, maila sozio-ekonomiko eta kultural handiena delako sare publikoko D ereduan eta handienetarikoa sare kontzertatuan. Argi dagoena da ikasle elebidunek lortzen dituztela puntuaziorik altuenak Pisa ebaluazioan».





############



Ikasleen %86k gaztelaniaz egin dute azterketa

Ikasketak euskaraz egin arren Pisa ebaluazioaama hizkuntzan egitea nahiago izan du Jaurlaritzak
A.I.

Bilbo

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 15 urteko 4.000 neska-mutikok egin zuten 2006. urtean nazioarteko ebaluazio txostena. Sare eta hizkuntz eredu guztietakoak ziren. Horietako asko eta asko B eta D ereduetakoak. Euskaraz egin zezaketen azterketa, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak nahiago izan du beren ama hizkuntzan egitea azterketa, emaitzak hobeak izateko. Azkenean, Pisa ebaluazioko azterketa egin duten ikasleen %86k gaztelaniaz erantzun zien galderei.

PSE-EE eta PP alderdi politikoek eta CCOO sindikatuak gogor kritikatu dute Hezkuntza Sailak hartutako jarrera. «Eskandalagarritzat» jo dute Jaurlaritzaren neurria, eta hezkuntza sisteman konfiantzarik ez izatea leporatu diete.

Oposizioko alderdiek eta hezkuntza sistemako sindikatu nagusiak izan duten jarrerarekin oso haserre azaldu da Josu Sierra Irakas-Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko Erakundeko (ISEI) zuzendaria, eta egunotan erreplika gutuna igorri du komunikabideetara, azalpenak emateko. Besteak beste, euskararen kontra aritzea leporatu die PSE-EEri, PPri eta CCOOri.

Gutunean emandako azalpenak zehaztu dizkio BERRIAri. Esan duenez, horrelako neurriak «salbuespenezkoak» dira. Nazioarteko probak direnean bakarrik egiten dute hori. Zergatik hartzen duten erabaki hori ere azaldu du. «Nazioarteko probak hizkuntzaz kargatuak direlako. Pisa, adibidez, hizkuntza proba bat da. Berdin da zientziak, matematikak edo irakurmena izan. Hau da, hizkuntza ez baduzu erabat menperatzen puntuazioa okerragoa izango da».

ISEI berak azken urteotan egin dituen azterketen arabera, 16 urteko ikasleen heren batek bakarrik menperatzen du euskara erabat. «Gure arazoa da gaur egun D eta B ereduetan lortzen den euskara maila baxuegia dela. Inolaz ere ezin da pentsatu pertsona horiek jatorrizko euskaldun baten konpetentzia dutenik euskaraz».

Josu Sierrak nabarmendu duenez, euskaraz diharduten ikasleek azterketa gaztelaniaz egin arren emaitza onak lortu dituzte. «Horrekin demostratzen dugu ezin hobeto ikasten dituztela zientziak euskaraz, baina hori erakuskerakoan, Pisa proba berezia delako, hobe dela gaztelaniaz egitea, ondoena menderatzen duten hizkuntzan».





############



«Argi dago ikasle elebidunek lortzen dituztela puntuaziorik onenakPisa ebaluazioan»

josu sierra
isei-ko zuzendaria



############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.