Militarismoa Euskal Herrian

Munduko gastu militarrak bi bilioi euroko langa gainditu du lehen aldiz

AEBei, Txinari, Indiari, Errusiari eta Erresuma Batuari dagokie gastuaren %62. Inbertsioa handitzea proposatu du NATOk

Ion Orzaiz.
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun

Urtetik urtera, gora. Mundu osoko gastu militarra %6,1 hazi zen 2021. urtean, eta bi bilioi eurotik gorakoa da egun, SIPRI Stockholmgo Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuak urtero argitaratzen duen txostenaren arabera. Kopuru horren bi heren [1,24 bilioi, gastuaren %62], gainera, bost herrialderi dagozkie soilik: AEB Amerikako Estatu Batuak, Txina, India, Erresuma Batua eta Errusia dira gerraren negozioan gehien inbertitzen dutenak.

Prezioen inflazioa aintzat hartuta, gastu militarraren hazkunde erreala apalagoa da [%0,7], baina datu horrek ere erakusten du herrialdeek ez diotela gerran gero eta gehiago inbertitzeari utzi, ezta pandemia garai betean ere.

Herrialdeka, AEBak dira industria militarrean gehien gastatzen dutenak, alde handiz: 762.200 milioi euro 2021ean. Herrialde horren BPG Barne Produktu Gordinaren %3,5 da hori. Bestalde, Washingtonen gastu militarrak azken urteetan izan duen bilakaerak «ezaugarri propioak» dituela nabarmendu dute SIPRIko ikerlariek. Hala, armen erosketa %6,4 murriztu da 2012 eta 2021 arteko hamarkadan; ikerketa eta garapen militarrean eginiko inbertsioa, berriz, %25 hazi da garai berean.

Ukrainako gerra, giltzarri

Errusia da gastu militarrik handiena duten potentzietan bigarrena: 619.256 milioi euro 2021ean. SIPRIren txostenean irakur daitekeenez, gastu hori nabarmen hazi da urtebetean, Kremlinek Ukrainako mugara gero eta tropa gehiago eraman ahala: %2,9ko hazkundea urtebetean, herrialdeko BPGaren %4,1eraino. 2016. eta 2019. urteen artean, apaltzera jo zuen Errusiako gastu militarrak, gasaren eta petrolioaren prezioen beherakadak zamatuta, eta, batez ere, 2014an Krimea Errusiari batu ostean, Mendebaldeko potentziek ezarritako zigor ekonomikoen ondorioz. Azken hiru urteetan, baina, gora egin du berriz.

Ukrainako aurrekontu militarra ere, Errusiakoa baino dezente apalagoa izanagatik, nabarmen hazi da 2014ko gerra hasi zenetik: 2021ean, 5.608 milioi euro gastatu zituzten industria militarrean, baina 2014tik %72 handitu da kopuru hori. Edonola ere, datuok Errusiaren inbasioaren aurrekoak dira, eta uste izatekoa da gastua askoz handiagoa izanen dela uneotan, Mendebaldeko herrialdeen laguntza militarrak hauspotuta.

Barne Produktu Gordinaren %2tik gora gastatzeko xedea ezarria du NATOk. Oraingoz, Europako Batasuneko zortzi herrialde iritsi dira ehuneko horretara: Grezia, Portugal, Kroazia, Estonia, Letonia, Lituania, Polonia eta Errumania. Hala ere, Erresuma Batua, Frantzia eta Alemania dira kontinenteko gastu militar handiena dutenak: Londresek 65.054 milioi euro gastatu zituen 2021ean; eta Frantziak eta Alemaniak, berriz, 56.000 milioitik gora. Espainiak, berriz, 18.593 milioi euro ordaindu zizkion industria militarrari iaz, 2020an baino 2.000 milioi gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.