Gaindegia. 2022ko adierazle galeria nagusia

Munduko batez besteko gas emisioak halako bi isurtzen da Euskal Herrian

Gaindegiak '2022ko adierazle galeria nagusia' txostena osatu du, lan publikoan eten baten ostean. Datu demografikoak, ekonomikoak, sozialak eta ingurumen arlokoak landu ditu behategiak

Munduko batez besteko gas emisioak halako bi isurtzen da Euskal Herrian.
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Biztanleko 8,8 tona CO2 isurtzen dira atmosferara urtean Euskal Herrian, munduko batezbestekoa halako bi ia. Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak emandako datua da. 2022ko adierazle galeria nagusia osatu du behategiak, 2021eko udan kanpora begirako lanak bertan behera utzi ostean argitaratutako lehen lana. Euskal Herri osoko datu sozioekonomikoen berri ematen duen behategi bakarrak lau ardatz jorratu ditu: demografia, ekonomia, gizartea eta ingurua.

Behategia 2004an eratu zen, «Euskal Herriaren nazio garapenari lagungarri zaizkion edukiak landu eta eskaintzeko». Nagusiki, datu demografikoak, ekonomikoak, gizarte arlokoak eta ingurumenarekin zerikusia dutenak jorratu ditu bere lanetan. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta laguntza ekonomikoa ezinbesteko izan du aurrera egiteko. 2021eko udan, baina, lan publikoa eten behar izan zuen, egoera ekonomikoak hala behartuta.



Gaindegia «hibernazio» egoera batean egon da urte pare batean, eta adierazleen galeriaren eguneraketarekin eman dio jarraipena aurrez egindako lanari. Txostenetik abiatuta, gogoeta guneak sortzea du orain helburu, gizartean eragiteko asmoz. Horretarako, egokitu egin da, bai egitura aldetik, bai «egitekoaren dimentsioari» dagokionez. Hala, behategiak lan publikoei ekingo die berriz, eta datorren asteartean aurkezpen ekitaldi bat egingo dute arlo sozioekonomikoko zenbait eragilerekin.

DEMOGRAFIA

2022ko adierazle galeria nagusia-n jorratutako lehen gaia demografia izan da. Gaindegiaren arabera, Euskal Herrian 3.188.691 lagun bizi dira egun. Azaldu dutenez, biztanle kopuruak behera egin du bigarren urtez jarraian, nahiz eta kopuruak gora egin duen Lapurdin eta Nafarroa Beherean. Era berean, azaldu dute biztanleak hiriguneetan gutxitu direla nagusiki, eta landa eremuetako herritar kopuruak, berriz, gora egin duela; esaterako, Arabako Mendialdean, ibarretan eta Trebiñun. Halere, biztanleria dentsitateen arteko aldea areagotu egin da bi eremuen artean: hiriburu nagusietako eskualdeetan bizi dira hamar lagunetik sei.

Biztanle kopuruaren beherakadaren arrazoien artean aipatu dituzte jaiotza tasaren beheranzko joera —2021ean erregistratu zen 1941etik izan den jaiotza kopuru txikiena— eta «osasun larrialdiaren eztandak ekarri zuen heriotza tasa handia». Heriotza tasaren atzean egon daitezkeen bestelako faktoreak ere aipatu dituzte; besteak beste, zaintza sistemen krisia eta klima larrialdia.

Gaindegiaren arabera, euskal herritarren batez besteko adina 45 urte da. Adin tarteei erreparatuz gero, hiru euskal herritarretik bat «boomer-a» da —43 eta 64 urte artean ditu—, %13,7k dituzte 14 urte baino gutxiago, eta %22,4k 65 urtetik gora. Izan ere, 2000. urtean 516.800 lagunek zituzten 65 urte baino gehiago; 2021ean, berriz, 715.750 ziren. Gaindegiaren arabera, gainera, zahartze prozesu horrek «inoiz ez bezalako abiadura» hartuko du datozen urteetan. Hori moteldu dezakete etorkinek, behategiaren esanetan.

EKONOMIA

Arlo ekonomikoan, Gaindegiak ondorioztatu du Ukrainako gerrak pandemia osteko susperraldi ekonomikoa «zapuztu» duela. Izan ere, atzeraldi ekonomikoaren ostean, 2020an %9,2 egin zuen behera barne produktu gordinak; 2021ean, susperraldian zegoen Euskal Herria, behategiaren datuen arabera. 

Egoera horretan, Euskal Herriak «lehiakortasuna galdu» duela ondorioztatu du Gaindegiak. Biztanleko BPGari erreparatu dio horretarako. 2020an, 31.600 eurokoa zen, EBkoa baino 1.700 euro handiagoa. 2010ean, ordea, bien arteko aldea 5.100 eurorena zen. Europako lurraldeen sailkapen bat eginda, 48. postutik 73.era jaitsi da Euskal Herria hamar urtean.

Beste aldaketa bat da lan sektoreen balio erantsiari dagokiona. Herena baino gehiago zerbitzuen sektoreari zegokion 2021ean; 2011n baino %2,3 gehiago, eta 2001ean baino %6,7 gehiago. Industriaren balioak, berriz, bost puntu egin du behera hogei urtean.

Langileen lansariek BPGan duten pisuak ere behera egin du 2009tik. Hala, EBko batezbestekoaren azpitik geratu dira 2019tik aurrera: 2021ean, %47,4koa zen. Kapital Finkoaren Eraketa Gordinaren pisuak ere behera egin du, %23,1era. Indize horrek enpresa inbertsioa neurtzen du, eta 2009ko krisi ekonomikoaren aurretik Euskal Herriko BPGaren ia herena hartzen zuen. Hala, Gaindegiak azaldu du Euskal Herriak «abangoardia» izateari utzi diola Europan.

Inportazio eta esportazio datuak, berriz, sare zabal baten erakusle dira. Euskal Herriak inportatu baino gehiago esportatzen du, batez ere ekipo ondasunetan, autogintzan eta erdi manufakturetan esportatzen denari esker. Horiek hartzen dute esportazioen %82,1. Nagusiki, Espainia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, AEBak eta Txina dituzte helmuga. Inportazioen jatorrizko eremu nagusiak, berriz, Espainia eta Frantzia dira; haien atzetik daude Alemania, Italia eta Herbehereak. Nagusiki erdi manufakturak (%27,1), ekipo ondasunak (%23,4) eta produktu energetikoak (%17,5) inportatzen dira.

GIZARTEA

Gizarte gaien artean, hezkuntza eta lana dira jorratutako gai nagusiak. Hezkuntzari dagokionez, azaldu du 25-64 urte bitarteko herritarren erdiek baino gehiagok (%53,1) goi mailako formakuntza dutela, Europako Batasuneko batezbestekotik urrun (%33,4). Ehunekoak nabarmen egin du gora hamarkada hasieratik, batez ere emakumeen artean. 

Lan munduan, COVID-19ak eragindako larrialdiaren aurreko egoerara itzuli zen jarduera tasa 2021ean; %73,3koa izan zen. Emakumeen eta, oro har, 55 urtetik gorakoen kasuan, 2010eko datuen parera ere iritsi zen; egoera bestelakoa da, ordea, gazteen artean. Era berean, lanaldi partzialek behera egin dute, azken hamarkadetako gorakadaren ostean. 2021ean lanaldi guztien %15 ziren; emakumeen artean, hamar puntu gehiago. Halere, ehuneko horrek ere behera egin du.

Pobrezia arriskuak gora egin du Euskal Herrian. 2021eko datuen arabera, herritarren %12 daude arriskuan; urtebete lehenago baino 50.000 herritar gehiago dira. «Ezbairik gabe, bizitzaren garestitzeak zerikusi handia izan du pobreziaren handitzean», baieztatu du Gaindegiak.

Gizarte babesera bideratutako inbertsioei erreparatuta, Gaindegiak ondorioztatu du Euskal Herriko datuak gertuago daudela Europa hegoaldeko herrialdeetatik iparraldekoetatik baino. Izan ere, babes sozialeko gastu maila ez da Europako batezbestekora iristen zenbait arlotan; nagusiki, seme-alabak sostengatzeko esku hartze publikoari eta etxebizitza politika publikoei dagokienez. Gainera, bi errealitate bereizten dira Hegoaldean eta Iparraldean. Lehen kasuan, BPGaren %24 bideratzen da gizarte babesa garatzeko inbertsioetara, eta bigarrenean %33.

INGURUMENA

Gaindegiaren arabera, Euskal Herrian 27.626 kilotona CO2 isuri ziren 2019an; biztanleko 8,8 tona. Kopuruak goranzko joera izan zuen 2014tik aurrera, baina 2020an behera egin zuela uste du; besteak beste, pandemiak eragindako murrizketengatik.

Tenperaturei dagokienez, berriz, azken zortzi urteak izan dira erregistroak daudenetik beroenak. Horren eraginez, berotze sistemen beharrak behera egin du, eta hozte sistemenak gora. Era berean, txostenak azaltzen du uraren eskuragarritasunaren gaineko ziurgabetasuna handitu dezakeela egoerak.

Euskal Herrian, energia kontsumoa murriztu egin da pixkanaka; 2020an, %9,2. Energia jatorriari erreparatuz gero, ordea, berriztagarriak ez direnen mendekotasuna handia da: petroliotik eratorria da kontsumitzen den energiaren %43, gas naturaletatik %22, eta ikatzetik %2. Energia berriztagarriek, berriz, kontsumoaren %9 besterik ez dute osatzen.

Ukrainako gerrari ere erreparatu dio txostenak, energiaren inportazioetan izandako eragina jomugan jartzeko. Hego Euskal Herriko energia inportazioen %25 Errusiatik iritsi ziren 2021ean, eta, 2022ko urtarriletik abuztura bitartean, %7 ziren. Leku hori AEBek hartu dute nagusiki.

Elikagaien kontsumoari ere erreparatu diote. Urteko 111 kilo fruta, 70 kilo barazki fresko, 51 kilo haragi, 28 kilo arrain eta 86 litro esne kontsumitzen ditu herritar bakoitzak. Kontsumo ohitura horiei eusteko, herritar bakoitzeko 435 metro karratuko eremua beharko litzateke ekoizpen ez-intentsiboko eredu batean. Hau da, euskal herritarren elikadura behar horiek asetzeko Nafarroa Beherea osoa beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.