Jonathan Powell. Nazioarteko bitartekaria

«Munduan ez ditut sarri aurkitzen hain lider ausartak»

Jonathan Powellek 11 urte egin ditu Euskal Herriko gatazka konpontzeko erraztaile lanetan: 2007tik iaz arte. «Harro» azaldu da prozesuan parte hartu izanaz. Bakegintzarako euskal eragile politikoek eta sozialek egindako lana nabarmendu du.

enekoitz esnaola
2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Ikasketak bukatu eta hedabide batzuetan aritu ostean, Jonathan Powell (Fulbeck, Ingalaterra, Erresuma Batua; 1956) bere herrialdearen zerbitzu diplomatikoan lanean hasi zen, AEBetan. Etxera itzuli, eta 1997tik 2007ra Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroaren kabineteburu izan zen, eta Ipar Irlandako 1998ko bake akordioaren negoziatzaile nagusietakoa bilakatu zen. Munduko hainbat gatazka politiko, armatu edo diplomatikoren konponbide prozesutan bitartekari edo erraztaile ere jardun du —tartean, Kolonbiako azkenekoan—; halakoetarako sortu zuen gobernuz kanpoko erakunde bat: InterMediate.

Euskal gatazkaren irtenbide lanei 2007an ekin zien: Genevan (Suitza) egon zen, Blairrek bidalita, ETA-Espainiako Gobernua eta Batasuna-PSOE azken elkarrizketa saioan. Huts egin zuen Genevakoak, baina Powellek segitu zuen beharrean, eta, kasurako, Euskal Herrira etorrita ere jarraitu zuen ezker abertzalearen estrategia aldaketaren eztabaida. 2010ean Bruselako adierazpenaren sinatzaileetako gisa aurkeztu zuen Brian Currinek, eta 2011n, Henri Dunant Suitzako zentroarekin batera, funtzio inportantea bete zuen Madril-ETA mezu trukaketan. Euskal auzian jendaurrean lehenengo aldiz 2011ko urrian agertu zen: Donostian, Aieteko Nazioarteko Konferentzia zela eta. Aieteko Adierazpenaren (urriak 17) sei sinatzaileen artean, Powell zen sukaldean zebilena. Hiru egunera jakinarazi zuen ETAk bukatu zuela jarduera armatua. Ordutik 2013a hasi artean, Powell ere isilpean saiatu zen ETAk eta Espainiak Norvegian elkarrizketari ekin ziezaioten. Ondoren ere jarraitu zuen euskal eragileekin harremanetan; adibidez, 2014an bilera sail bat egin zuen, Bilbon. Joan den urteko maiatzaren 4an azaldu zen berriro jendaurrean: Kanbon (Lapurdi), ETAren desegitearen biharamunean, nazioarteko topaketan.


2011-10-17: Jonathan Powell —argazkian, eskubitik aurrena—, Donostian, Aieteko nazioarteko konferentzian, Gerry Adams, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern, Kofi Annan, Pierre Joxe eta seiek adierazpenaren berri eman zutenean. RAUL BOGAJO / FOKU

Egun, munduan hamalau gatazkatan dabil lanean, kontatu duenez; batetik bestera beti. Nekez agertzen da jendaurrean, eta gutxitan hizketan. Idatziz erantzun die BERRIAren galderei.

Hamar urte baino gehiago aritu zara euskal gatazka konpontzeko prozesuan. Horretan hasi zinenean, nola zegoen egoera? 2007ko maiatzean Genevako elkarrizketak hautsi ziren…

Elkarrizketaz arduratu zen GKEak 2007an jo zuen nigana lehenbiziko aldiz, ni Downing Streeteko 10 zenbakian lanean ari nintzela oraindik. Prozesua geldirik zegoen, eta kolapsatzeko arriskuan. Eskatu zidaten Genevara eramateko Sinn Feineko kide batzuk, Ipar Irlandako bake prozesuan arituak zirenak. Halaxe egin nuen, eta irudipena izan nuen haiek lagundu egin zietela independentisten ordezkariei. Madrilera joateko ere eskatu zidaten, Barne ministroarekin bildu eta azal niezaion zer ikasi nuen Ipar Irlandako prozesuan. Genevako prozesuak porrot egin zuen bileran ere egon nintzen, eta inpresioa egin zidan ikusteak nolako desilusioa hartu zuten independentisten izenean parte hartutako batzuek prozesuaren bilakaera zela kausa, eta nola guztiz deliberaturik atera ziren, beren oinarrietako jendearengana itzuli eta beste politika mota bat garatzeko, arrakasta biltzeko egokiagoa izango zena.

Ezker abertzaleak barne eztabaidari ekin zion, politikaren eta armen estrategia bitarikoa baztertzeko eta soilik molde politikoan lan egiteko, indarkeriarik gabe. Zer iruditu zitzaizun aldaketarako pauso hura?

Iruditu zitzaidan ezker independentistako liderrek ikuspegia aldatu zutela Genevakoak porrot egin zuenean. Oinarrietan bertan eztabaidatzen hasi ziren aurrera zuzen joateko, eta estrategia politiko bat landu zuten; Sinn Feinek 1990eko urteetan nola aldatu zuen bere estrategia, bada, antzera. Lortu zuten planteamendu hori nagusitzea beren jarraitzaileen artean, eta harrezkero ez dute berriro atzera begiratu gerora arrakastatsu gertatu den bake prozesu horretan. Nire ustez, estrategia aldaketa hori funtsezkoa izan da gatazka bukatuko zela segurtatzeko.


2011-10-17: Aieteko konferentzian, jauregian, besteak beste Iñigo Urkullu EAJren EBBko orduko presidentearekin. ANDONI CANELLADA / FOKU

Nazioarteko komunitateak lagundu egin al zion ezker abertzaleari estrategia aldatzeko?

Uste dut etxean egosi zela estrategia berria. Luze eta sakon eztabaidatu behar izan zen Euskal Herrian bertan. Nazioarteko komunitatea prest zegoen sostengua emateko; batetik, beste toki batzuetako bake prozesuetan ikasitakoa kontatuz, eta, bestetik, bi aldeak adoretuz aurrerapausoak eman zitzaten; baina sostengua besterik ez zen izan. Barrenean gertatu zen zinezko bultzada.

2011ko urriaren 17n, bake konferentzia izan zen Aieten, Donostian. Behin betiko adierazpena sinatu zutenetako bat izan zinen. 2011ko urriaren 20an, ETAk iragarri zuen amaitua zuela jarduera armatua. Egun haietaz oroitzean, zer datorkizu gogora? Zer espero zenuen aurrera begira?

2011ko Aieteko konferentzia garrantzizkoa izan zen: orduan mamitu zen urteetan eta gordean egindako lan ikaragarria, eta lan hori egin zutenei ez zaie behar bezala aitortu meritua. Gogoan dut nola joan nintzen Donostiara bilera bat eta prentsaurreko bat egiteko, konferentzia izan baino lehenago. Galdetu zidaten nork irabaziko zuen eta nork galduko prozesuan. Erantzun nuen inork ez zuela ez irabazi eta ez galdu behar. Hitzarmen batek iraun dezan, sobran daude halako ariketak, non batek irabazten duena besteak galtzen baitu; denek sentitu behar dute onura dakarkiela. Pentsatu nuen ezin eztabaidatuzkoa zela esan nuen hura, baina hurrengo egunean gogor kritikatu ninduten Espainiako prentsa eskuindarrean: behin eta berriz esaten zuen gobernuak izan behar zuela irabazlea, eta terroristek galtzaileak. Iruditu zitzaidan ez zela oinarri ona luzaroko akordio bat lortzeko.

2012-3-29: Bruselan, Europako Legebiltzarrean, Aieteko konferentzia, Euskal Herrian bakea lortzeko bide orria? jardunaldian / FREDERIC SIERAKOWSKI / EFE

Gogoan dut elkarrengana bildu nituela ekitaldian egotekoak ziren nazioarteko partaideak. Nazioarteko pertsonalitate asko ez zeuden prest parte hartzeko, bai baitzekiten nola larrutuko zituzten parte hartzeagatik. Oraindik astintzen nau gogoratzeak nolako kemenez aritu ziren azaltzea erabaki eta bakearen alde egin zutenak, batez ere Kofi Annan, zoritxarrez hil berria: latz kritikatu zuten gero, baita haren adiskide espainiarrek ere.

Konferentziako eguna bera manifestuen zirriborroen nahas-mahas bat izan zen, jende guztia antolatzeko saioa, iragarri beharrekoa iragar zedin. Baina egun pozgarria ere izan zen, gatazkaren bukaera markatu zuen mugarria, ETAk bere deklarazioa egin baitzuen handik gutxira, espero bezala.

Espero nuen prozesua handik aurrera leun samar joango zela. Azken batean, nor egongo zen armak uztearen kontra eta gatazkaren ondorioak konpontzearen kontra? Gobernua aldatzean, ordea, PSOE joan eta PP heldu zen, eta horrek berekin ekarri zuen pausoak behar baino askoz motelagoak eta mingarriagoak izatea.

Aietekoaren ondoren, ez zen osatu Norvegiako mahaia, Espainiako Gobernuaren eta ETAren artekoa, gatazkaren ondorioez hitz egiteko. Aukera galdu bat izan al zen?

Bai, eta haren hurrengo urratsak ez ziren egin aurreikusi bezala. Eta hori, aurre egin beharreko zailtasunen seinale izan zen.

2014-7-15: Martin McGuinnes nazioarteko bitartekariarekin eta Paul Rios Lokarri-ko koordinatzailearekin, Loiuko (Bizkaia) aireportuan, Euskal Herriko bake eta konponbide prozesuaz beste bilera sail bat egitera etorri zenean. LUIS TEJIDO / EFE

Norvegiakoak huts egin ostean, ETAk armagabetzeari lehentasuna eman zion, eta 2017ko apirilaren 8an bukatu zuen prozesu hori. Desarmatzea «irakasgai aparta» izan zela zioen handik egun batzuetara. Zer azpimarratuko zenuke armagabetze prozesutik? Esateko moduan al gaude prozesu hori eredu berri bat izan litekeela munduarentzat?

Armak gatazkatik kanpo uzteak beste sei urte eskatu zituen; eskatu behar izango lukeen baino askoz denbora gehiago. Hain zuzen ere, aldebakarreko prozesu bat izanik, jokabide gaitzagokoa zen aldebiko prozesuak baino, zeinetan zilegi baita lege berme batzuk ematea eta estatuko indarrekin elkarlanean aritzea. Horrek erakusten du, alabaina, halako prozesu bat zilegi dela aurrera eramatea, baita jarrera politiko blokeatzaile bati aurre egin behar izanez gero ere.

Zer iritzi duzu Ipar Euskal Herriko gizarte zibilak ETAren armagabetzean izandako inplikazioaz eta egindako lanaz? Eta zer iritzi daukazu Frantziako Gobernuaren jokamoldeaz?

Argi geratu da burutazio ona izan zela hurrengo urratsetan gizarte zibila inplikaraztea, gobernuak ez parte hartzea erabaki zuen hartan. Alderdi politikoak eta gizarte zibileko ordezkariak gai izan ziren behar besteko babesa eta eztabaidabidea eskaintzeko, azken urratsak egitea posible izan zedin. Horrek ataka zailean jarri zuen Frantziako Gobernua. Ez zuten uxatu nahi hurbileko auzo eta aliatua, eta beren burua behartu zuten ea zer egin zezaketen.

ETA desegin den arren, zure ustez Espainiak aurrera segituko al du garaileen eta garaituen estrategiarekin? Eskema horren aurka azaldu izan zara adierazpen publiko batzuetan. Zer arazo edo arrisku dakartza eskema horrek?

Negoziazio bat irabazten ahalegintzea beti da hutsegite bat; arantzak zokoratu baino ez ditu egiten, harik eta aurreragoko gatazka batean berriro ere ziztatzaileago agertzen diren arte. Inork ez zuen irabazi. Onuragarria izan zen alderdi guztientzat. Uste dut, hala ere, independentisten ezkerreko estrategia politikoak Euskal Herrian arrakasta izateak hein handi batean garrantzirik gabeko bihurtzen duela Espainiako aurreko gobernuak harturiko jarrera. Orain, Euskal Herriko alderdi politikoek posible izango dute elkarrekin lan egitea etorkizun berri baten alde.

2016-4-25: Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiarekin, Londresen. Aste batzuk lehenago geratu zen libre Otegi, Bateragune auzian zigorra osorik beteta. BERRIA

Gobernu aldaketa gertatu da Espainian: PSOE dago orain, PPren partez. Zer espero duzu: gobernu berri horrek zer-nolako aldaketak egingo ditu gatazkaren ondorioei dagokienez? Zure ustez, harremana hobea izango al da gobernu sozialistarekin, Alderdi Popularren gobernuarekin baino? Zu lehendik ere lan egina zara Espainiako gobernu sozialistarekin, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente zen garaian. Nolakoa izan zen lan hori, harreman hori?

Madrilgo gobernu berriak ez du gehiengorik; nekez egingo dute urrats ausartik Katalunian edo Euskal Herrian. Bestetik, nire ikuspegitik, atzeneko gobernu sozialistari [2004-2011] ez zitzaion nahikoa aitortu bakea ekartzeko egindako lana.

Ia hirurehun euskal preso daude oraindik. Gaur egungo espetxe politikak bere hartan irauten badu, azkeneko euskal presoa 2050 aldera utziko dute libre. Bake justu eta iraunkor bat lortzeko, zer pauso eman behar litzateke espetxe politikaren esparruan? Lege kontua da bakarrik, ala beste zerbait?

Konpondu gabe daude oraindik presoen eta iheslarien inguruko arazoak. Gai hori oso zaila izan zen guretzat Ipar Irlandan ere. Bi urte baino ez zirela pasatu, preso guztiei utzi genien irteten, edozein zela ere haien krimena, eta kritikatu egin gintuzten horregatik. Iheslariena ere, bestalde, pil-pilean dagoen gai polemiko bat da oraindik, Ostiral Santuko Hitzarmenetik hogei urte pasatu diren arren. Kolonbiako bake prozesuari erreparatuta ere, ikusten da gai hori ez dela sekula izaten samurra.

Gatazkaren zer beste ondorio dago konpondu gabe? ETAk apirilean (2018), bere ibilbide armatuan eragindako kaltea zinez sentitzen duela jakinarazi zuen, eta gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten biktimei barkamena eskatu zien. Nahikotzat jo al daiteke ETAren adierazpena?

Iragana amaitutzat jotzea da egitekorik zailena edozein bake prozesutan. Ez baduzu hala egiten, etengabe erortzen zara berriz iraganean. Ipar Irlandan, oraindik ez dugu lortu iragana amaitutzat jotzea, eta, horren ondorioz, tarteka-tarteka, iraganeko gaitz batzuek berriz mehatxatzen dute hango politika. ETAk damua adierazi zuenean, argi eta garbi ez zen nahikoa izan haren biktima guztientzat. Baina nik sinesten dut bi aldeetan sufritu zutenen arteko lanak sendatu egin dezakeela, pixkana-pixkana, gatazkak eragindako mina.

Urte hauetan harremana izan duzu Eusko Jaurlaritzarekin ere. Zer deritzozu hark bakegintzan egindako lanari?

Eusko Jaurlaritzak ere ekarpena egin dio bake prozesuari. Ataka zailean zeuden, Madrilgo agintearen eta bake prozesuan laguntzeko desiraren artean. Ahalegindu ziren zenbait gauzatan laguntzen, hala nola presoen gaian, baina beti ez zuten lortu.

ETA jadanik desegina dela, esan al daiteke bake prozesuan lagundu duten nazioarteko taldeek eta gizabanakoek bukatua dutela beren lana, ala badute zereginik oraindik? Zenbaterainoko garrantzia izan du zure moduko nazioarteko norbanakoek eta taldeek egindako lanak?

Ez litzateke esajeratu behar nazioarteko eragileek Euskal Herriko bakegintzan izandako rola. Hango buruzagi politikoek egin dute lanik astunena. Haiek behar zuten ausardia, haiek hartu behar zituzten arriskuak, eta batzuek garesti ordaindu dute. Nire ustez, nazioarteko komunitatea prest egongo da, jakina, bake prozesuaren ezarpena babesteko, eta badira zenbait gauza oraindik egiteko daudenak.


2018-5-4: Kanboko (Lapurdi) topaketan hizketan, ETAren desegitearen biharamunean. Naziarteko eragileek haren desegitea onetsi zuten, eta elkarrizketa beharrezkotzat jo konponbiderako zein adiskidetzerako. BOB EDME

2011n, Aieteko Adierazpenaren 4. puntuan, honela esan zenuten: «Eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako». Gatazka politikoaren konponbidearen helburuari jarraituz, zuk uste aitortu behar dela Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea edo autodeterminazio eskubidea?

Bake prozesuaren ondorioz, adostu zen bazegoela modua ados ez egoteko. Euskal Herrian askok erabili nahi dute oraindik autodeterminazio eskubidea, eta beste batzuek, aldiz, ez dute nahi; baina alde guztiak bat etorri dira gauza batean: bide soilik politiko eta baketsuak baliatuko dituztela beren helburuak lortzeko. Horrek bakea ekarri du Euskal Herrira, eta askoz etorkizun hobea guztientzat, baina horrek ez du esan nahi desadostasun politiko guztiak mirariz konponduko direnik.

Gustura bukatu al duzu Euskal Herriko esperientzia? Zer aipatuko zenuke?

Harro nago hein txiki batean bada ere Euskal Herriko bake prozesuan parte hartu izanaz, eta gorazarre egin nahi diet ezagutu ditudan lider ausartei, alde guztietakoei. Haiei esker izan da posible bakea, eta haiei egin behar zaie aitortza. Ni, oraintxe, mundu osoko hamalau gatazkatan ari naiz lanean, eta askotan gogoan izaten ditut Euskal Herrian ikasitako lezioak, baina ez ditut hain sarri aurkitzen hain lider ausartak, Euskal Herrikoen gisan gatazkak bukatzeko gai direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.