Mundu osoko hizkuntza gutxituetako hiztun gazteak Gasteizen elkartuko dira

Higa topaketaren laugarren aldia uztailaren 17tik 21era egingo dute. Belaunaldi berriek euren jatorrizko hizkuntzak biziberritzea izango du helburu.

HIGA topaketaren aurkezpena, gaur, Oihaneder Euskararen Etxean. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2023ko martxoaren 6a
13:52
Entzun

Higa hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketaren laugarren edizioa aurkeztu dute gaur Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean. Uztailaren 17tik 21era egingo dute, Arabako hiriburuan. Hizkuntza gutxituak dituzten mundu osoko 75 gazte akademiko, ekintzaile eta artista biltzeko asmoa dute, «hizkuntza gutxituen eta hizkuntzen biziberritze prozesuaz hausnartzeko eta esperientziak partekatzeko». Topaketen helburu nagusia laburtu du Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Euskara zinegotziak: «Belaunaldi berriek euren jatorrizko hizkuntzak biziberritzea nahi dugu». Gaineratu du topaketaren bitartez Gasteiz bilakatu nahi dutela «hizkuntza gutxituak berreskuratzeko» mundu mailako hiriburu erreferentea. «Topaketarako, gogoetarako, aktibismorako, lanerako eta hizkuntza horien guztien erabilera eta berreskuratzea bultzatzeko proposamenak eta informazioa partekatzeko gunea izango da».

2020ean egin zituzten azken aldiz topaketak, COVID-19aren pandemia betean, formatu birtualean. Oraingo honetan, ohiko formatua berreskuratuko dute. Aurreko edizioekin alderatuta, aurtengoak izango du berritasunik, Beñat Garaio HIGAko zuzendariak eta Morgan Lincy Fercot topaketako kideek azaldu dutenez. Izan ere, hizkuntza gutxituetako hiztunen «topaketa hutsa» zena «elkarlan sarea» bihurtzea nahi dute. Hartarako, bi esparrutan eragin nahi dute: alde batetik, gazteen parte hartzea eta elkarlana bultzatzeko baliabide gehiago martxan jarriko dituzte. Besteak beste, Higa Plaza izeneko ekinbidea martxan jarriko dute, ikusentzunezko film labur sorta interaktiboa. Beste alde batetik, nabarmendu dute inoiz baino eragile gehiagoren babesarekin antolatu dituztela aurtengo topaketak. Babes horren erakusgarri da Unescok Higa aukeratu izana Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkada barruko ekitaldi ofizial gisa.

Topaketetan hainbat gai jorratuko dituzte: tartean, hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak, hizkuntza aktibismoa, hizkuntza gutxituen «intersekzionalitatea» eta teknologia berriek zabaltzen dituzten aukerak. Hitzaldiak, mahai inguruak, lantegiak eta aisialdi ekintzak programatu dituzte bost egunez.

Topaketan izena emateko epea apirilaren 16ra arte zabalik egongo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.