EAJren Euzkadi Buru Batzarreko idazkari Maitane Ipiñazarrek eta Lurralde Antolamenduko burukide Javi Ollok gaur goizean aurkeztu dituzte Aberri Egunari begira ondutako adierazpena. Bilbon ospatuko dute jeltzaleek Aberri Eguna, igandean, Euskadi gara, Mundialak gara! lelopean, eta, manifestu batean azaldu dutenez, nabarmendu nahi dute, nazioarteko testuinguru «nahasi» honetan, Euskal Herria gainerako nazioen artean «ikusgarri» bihurtzeko lan egingo dutela jeltzaleek: «Geure gain hartzen dugu datozen urteotan gure herria itsaso ezezagunetan arrakastaz gidatzeko erronka».
Ipiñazarren esanetan, Aberri Eguna da «edozein abertzalek bere egutegian gorriz markatuta daukan eguna, zer garen eta nor garen gogoratzeko eta ozen adieraztekoa». Hain justu, «Euskadi» nazio bat dela eta «aske eta burujabea» izan nahi duela aldarrikatuko du EAJk igandean.
Helburu hori lortzeko bidean, Euskal Herriaren banaketa administratiboa zailtasun gehigarri bat da nazio gisa berriz lotzeko, haien iritziz: «Zailtasunez jositako laberintoa da, baina, aldi berean, aukeraz betetakoa».
Zailtasunei «inoren laguntzarik gabe» aurre egiten jakin izana ere azpimarratu dute, ordea, eta horren adierazletzat jo dituzte EAEko Ekonomia Ituna eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa. Eta hor sakontzera jo dute: «Errealitate autonomikoa eta foru esparrua indartzea dagokigu, eta muga irekiak dituen Europan oraindik erabat arakatu ez diren dinamikak lantzea, Euskal Herriak egokitzat jotzen dituen tresna politiko eta ekonomikoak sortzeko».
«Argi eta garbi esan nahi dugu hementxe jarraitzen dugula, herri gisa, nazio gisa, hamarkadak daramatzagulako aberrigintzan, eta hemendik aurrera berdin jarraituko dugulako»
JAVI OLLOEAJren EBBko Lurralde antolamenduko arduraduna
Aberri Egunerako hautatutako leloari heldu dio Ollok, eta azaldu du mundu osoari bidali nahi diotela mezua: «Ez dugulako bizi nahi gure inguruan gertatzen denari bizkarra emanda». Mundu osoko gertakari kezkagarriak ikusirik, Ollok zera azpimarratu du: «Argi eta garbi esan nahi dugu hementxe jarraitzen dugula, herri gisa, nazio gisa, hamarkadak daramatzagulako aberrigintzan, eta hemendik aurrera berdin jarraituko dugulako».
«Mugaz gaindiko nazioa»
Euskadi gara. Mundialak gara! izenburua du alderdiak Aberri Egunerako ondu duen adierazpenak, eta, hain justu ere, testuinguru globalizatuan Euskal Herriak bere tokia izan behar duela azpimarratu nahi dute lelo horrekin.
Egoeraren analisia egitean, jeltzaleek nabarmendu dute nazioarteko egoera «gero eta konplexuagoa eta arinagoa» dela, eta polo geopolitikoak, gero eta «aldakorragoak». AEBek azken hilabeteetan hartutako erabakiak jo dituzte «hauskortasun» horren adierazletzat, eta gehitu dute prest egon behar dela zer gerta ere. Horri lotuta, Europari ere erreparatu diote, eta hura «berrasmatu» beharra azaldu. Hain zuzen, hor eragiteko asmoa dute: «Europa, dagoeneko, barne politika baita».
EAJk agirian azaldu duenez, Euskal Herriaren azken helmuga «herri erabat aske eta burujabea» izatea da, eta, horretarako, ezinbesteko iritzi dio «urrats sendoak» egiteari herri nortasunak eta hizkuntzak bizirik iraun dezaten, baina baita «bikaintasuna» eta erreferentzialtasuna bilatzeko ere. Ia zortzi hamarkada atzera eginda, gogora ekarri dituzte 36ko gerra betean Agirre lehendakariak 1937an egindako hitzak: «Lurraldea menperatua izango zen, baina Euskal Herriaren arima ez, ez da inoiz menperatua izango».
Hain zuzen, jeltzaleek defendatu dute Aberri Egunean «arima» horren parte izatea ospatzen dela. «Gizatalde bateko kide gara, zeinak bere buruari nazio deitura emanez aske izateko borondate menderaezinari eusten baitio», zehaztu du EBBk manifestuan.
EAJren esanetan, «gizarte integratu eta berdintzaleago» baten aldeko apustua egin behar da. Hala, etorkin berriak «integratzeko» erronkari eta erronka demografikoari heldu, eta «gizarte kohesioan» sakondu nahi du. «Beldurrak urrundu baino ez gaitu egingo, txikiago bihurtu», zehaztu dute, auzi horri dagokionez. Izan ere, uste dute errespetuak, tolerantziak eta askatasunak izan behar dutela aberriaren nortasunaren ezaugarriak.
Horrez gain, jeltzaleek Euskal Herriko belaunaldirik gazteenak ere munduko beste toki batzuetara joan direla, eta «mugaz gaindiko nazio» izaera aldarrikatu dute hala. «Mundialak gara. Herri bidaiaria izan gara, kanpoaldean bere nortasun ezaugarriak harrotasun osoz erakusten zituena. Aberri Eguna bada ospakizun eguna Argentinan, Ameriketako Estatu Batuetan, Mexiko eta Txilen». Euskal Herritik kanpo eta mundu zabalean diren euskal herritar orori dei egin diete Aberri Eguna ospatzeko: «XXI. mende nahasi honetan, Euskal Herria hementxe dago, eta etorkizun distiratsua du zain».