«Mundu ekologiko eta jasangarri baten aldeko» Alternatiba Itzulia Baionara iritsi da

Dozenaka lagunek harrera egin diote gaur bizikletaz Baionara heldu den Alternatiba Itzuliari. Eskuin muturrari eta klimaren erronkari nola buru egin gogoetatuko dute asteburuan. Bihar, ekintza bat egingo dute Miarritzen, bigarren etxebizitzen kontra.

Alternatiba Itzulia 2024 Baionan
Alternatiba Itzulia Baionan, gaur. PATXI BELTZAIZ
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2024ko abuztuaren 17a
18:00
Entzun

Alternatiba Itzulia Naonedetik (Bretainia) abiatu zen ekainaren 2an, eta Marseillan (Okzitania) bururatuko da urriaren 4an. «Justizia sozialaren eta metamorfosi ekologikoaren» aldeko bizikleta bidezko mobilizazioa da, Alternatiba sareak antolaturik. Larunbat arratsalde honetan, Baionara iritsi da asteburua bertan iragateko.

Bizi mugimenduko kideek harrera egin diete Alternatiba Itzuliko txirrindulariei. Itzuli horren helburua desafio klimatikoaren aitzinean ezker-eskuin plantan eman diren eginmolde alternatiboen agerian ematea dela oroitarazi dute: «Mundu ekologiko eta jasangarri baterako alternatiba zuzen eta bidezkoak eraikitzen dituzten pertsonak nabarmentzen ditu» itzuli horrek, «ezinbestekoak direlako desafio izugarri horri buru egiteko», erran dute Bizi-koek.

Asteburu osoan, Ipar Euskal Herriko gisa horretako zenbait ekinaldi aurkeztuko dizkietela jakinarazi diete Bizi-koek parte hartzaileei, baina, dinamika horiek izanagatik, «deus ez da konpondua», diotenez. Horren adierazlea zaio Ipar Euskal Herrian harat-honat mugitzeko arazoa, autoaren nagusitasunagatik berotegi efektuko gas isurien iturri nagusietarik bigarrena baita.

Erakunde publikoen politikak seinalatu ditu Bizi-k: «Auto indibidualaren kultura errotua da, eta hartarik askatzea aski laguntzen ez duten politika publikoek indartzen dute». Politika publikoen gabezia hori bizikletaren erabilpenari jartzen zaizkion trabek erakusten dutela dio Bizi-k. Baiona, Angelu eta Miarritze hiru hiri nagusietan errepide batzuetan bizikleta debekatua dela eta, askotan, bizikletaz ibiltzea arriskutsua dela oroitarazi du. Baionako Santizpiritu zubia horren lekuko zaio, bizikletak espaloira «baztertuak» direlako oinezkoekin gatazkak sortzeraino. «Hori guzia bidaiatzeko molde kario eta kutsagarri baten lehentasunari [autoarenari] aldaketarik ez ekartzeko», salatu du Bizi-k.

Hitzalditik landa, bizikleta bidezko manifestazioa abiatu dute Baionako merkatutik gaztetxeraino, aipatutako errepide problematikoetarik iraganez. Ondotik, Zer estrategia eskuin muturrari eta klimaren erronkari buru egiteko? deitu duten hitzaldia egin dute gaztetxean bertan.

Bihar, ekintza Miarritzen

Bihar, eskuin muturraren kontrako borrokaren gaiarekin jarraituko dute Patxa plazan, 11:00etan. Alda eta Bizi mugimenduek Eskuin muturrari buru egiteko, nola eraiki herri mugimendua? hitzaldia emanen dute. Bazkari partekatuaren ondoren, Alternatiba Itzulikoak Miarritzera buruz abiatuko dira «tokiko arazo handia den bigarren etxebizitzen ugaritzea» salatzeko, ekintza bat egiteko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.