Mundu bat Idiazabalgo gaztaren bueltan

Jon Maia bertsolariak zuzendutako 'Gazta zati bat' film dokumentala estreinatu dute Viktoria Eugenian

Karmele Aierbe, Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia  eta Pello Urizar, atzo, film dokumentalaren aurkezpenean. CONNY BEYREUTHER / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Pozik zegoen jendea, ikusminarekin. Sarrerak hartu, eta ilaran. Bata besterekin hizketan, handik datorren politikariari begira, eta bestaldeko hura nor den kontrolatu nahian. Alfonbra gorririk ez, foku eta flash apurrak, bildutako politikarientzat. Eta haien artean, Paul Riosi sarrerak ematen, etortzen direnei ongietorria egiten eta anabasa hura gobernatzen, Nazioen Mundua ekimeneko jendea. Idiazabalgo eta Goierriko herritarrak. Film dokumentaleko protagonistak. Urduri eta pozik, aldi berean. Autodeterminazioaren inguruan pentsamolde askotako jendea batzea helburu, otutako guztia grinaz egiteko prest dauden herritarrak.

Lortu zuten pentsamolde mordoxkatako jendea batzea. EAJko Markel Olano zegoen, esate baterako, eta ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia, Karmelo Landa eta beste hainbat, Aralarreko Jon Iñarritu, EAko Pello Urizar, Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun nagusia, Juan Carlos Izagirre Donostiako alkatea, CCOOko Jesus Uzkudun, Lokarriko koordinatzaile Paul Rios, Ken 7ko abeslari Eñaut Elorrieta, Xabier Amuriza, Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze bertsolariak, Iñaki Egaña historialaria eta Karlos Argiñano sukaldaria.

Gazta zati bat film dokumentalaren estreinua zen, Giza Eskubideen zinema jaialdiaren barruan. Leporaino bete zuten Viktoria Eugeniako aretoa, eta pare bat ordu beranduago, pozik atera ziren aretotik, filmarekin barre eta negar egin ostean.Eskuak bero, hiru txalo zaparrada luzea jo ostean.

Gaur berriz emango dute filma Donostian, eta maiatzaren amaieratik aurrera, herriz herri zabaltzeko asmoa dute. Hasteko, pentsamolde ugaritako jendea zinema aretoetan bildu nahi dute, eta gero horri segida ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.