«Eusko Legebiltzarraren izenean, Espainiako Gorteetara etorri naiz euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea defendatzera». Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan zituen hitz horiek, 2005eko otsailaren 1ean. Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamena aurkeztera joana zen Madrilera, jakinik hor amaituko zela testu haren ibilbidea. Izan ere, Espainiako Kongresuko gehiengoak Ibarretxeren planteamenduen gaineko eztabaida galarazi zuen. Hau da, ez erabakitzeko eskubiderik, ez «elkartasun askeko» harreman eredu berririk, ezta horien inguruko eztabaida posiblerik ere. Ez, behintzat, «espainiar guztien» onespenik gabe.
«Euskal gatazka politikoaren muina agerian geratu zen», BERRIAk Espainiako Kongresuko bilkuraz egin zuen kronikaren lehen esaldiaren arabera. Mahai gainean, «Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea», «elkartasun askeko estatusa», Espainiako Estatuaren eta EAEren arteko harremanetarako «berme juridikoen araubide bat»... Eduki «ausartak» ziren, eta «apurtzaileak» hein batean, Josune Ariztondo orduko EAJren EBBko idazkariaren esanetan.
Ikusi gehiago
Ariztondo Espainiako Kongresuko gonbidatuen balkoian zen egun «berezi» hartan: «Joan ginen erabat sinetsita gure printzipioak, ideiak eta proposamenak demokratikoak zirela; negoziatzera gindoazela». Uste du Ibarretxek hala adierazi zuela bere diskurtsoan: «Oinarrietan eta edukietan, oso didaktikoa izan zen. Patxada eta ziurtasuna erakutsi zituen».
Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok, baina, azkar kendu zuen gainetik: «Ibarretxe jauna, batera bizi bagara, batera erabaki behar dugu». Eta kito. Memorian iltzatuta geratu da Ibarretxek hitz horiei erantzundakoa ere: «Elkarrekin bizitzea erabakitzeko ahalmena izan behar dugu». Baina ez zen hala izan, Ariztondok gogoratu duenez: «Espero duzu zuk legearen prozedura errespetatzen baduzu beste aldeak ere hala egingo duela, baina ez zen horrelakorik izan».
«Joan ginen erabat sinetsita gure printzipioak, ideiak eta proposamenak demokratikoak zirela; negoziatzera gindoazela»
JOSUNE ARIZTONDOEAJren EBBko idazkari ohia
Ibarretxe ez zen plana babestu zuen bakarra izan. Euskal Herriko diputatu abertzaleek —EAJ, EA eta Nafarroa Bai alderdietakoek—, Kataluniakoek —ERC eta CiU— eta Galiziakoek —BNG— lehendakariaren planteamendua defendatu zuten. Horietako bat izan zen Uxue Barkos, orduan Nafarroa Baiko diputatu zena.
Hark azaldu du bere xedea «nafar abertzaleen ahotsa» helaraztea izan zela, ordura arte lurralde hartako ordezkariek izandako jarrera «kontserbadore eta espainola» hausteko: «Garrantzitsua zen Gasteizko parlamentuak onartutakoa defendatzea, baina, batez ere, garrantzitsua zen kontra egitea Nafarroako jarrera espainolek salatzen zutenari, hau da, Ibarretxe plana ez zela zintzoa Nafarroako nortasun politikoarekin».
Haratago ere jo zuen, baina. PSOEri eta PPri leporatu zien Ibarretxeren elkarrizketa asmoei «errespeturik» gabe erantzutea, eta «gizarte batek bere borondatea adieraztea» ukatu izana.
Ikusi gehiago
Izan ere, Ibarretxek bere plana aurkeztu zuenetik, haren kontra egin zuten gupidarik gabe. PPko Jose Maria Aznarren gobernuak «astakeriatzat» jo, eta Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen, haren tramitazioa eteteko asmoz.
Hori guztia kazetari gisa aztertu zuen Barkosek, «oso gertutik», EITBren korrespontsala baitzen Madrilen. Besteak beste, Alderdien Legea eta giro politikoan nabari zen «tentsioa» ditu gogoan, baita Moncloak abertzaleekiko zuen jarrera gogorra ere: «Abertzaleen kontrako gobernu bat zen».
Iritzi berekoa da Ariztondo ere. Hark gehitu du Espainiako Gobernuaren jarrera «oso bortitza» zela: «Ez zegoen inolako aukerarik elkarrizketarako, nahiz eta elkarrizketaren markoari eutsi zioten hemen».
2004ko martxoaren 11n, baina, atentatua izan zen, «shock hutsa», eta handik hiru egunera, Espainiako Gorteetarako bozak. «Garai berri baten» hasiera zirudiela gogoratzen du Geroa Baiko senatariak, baina ideia horrek ez zuen luze iraun: «Hauteskundeek arnasa hartzeko moduko aldaketa bat ekarri ziguten, baina, hamar hilabete geroago, ikusi genuen gauzak oso gutxi mugitu zirela, ezkerreko nahiz eskuineko espainiarrek ia jarrera berbera daukatela mugimendu abertzaleei dagokienez».
Izan ere, PSOE arlo politikora mugatu bazen ere, PPren norabide berean egin zuen aurrera. Hala, otsailaren 1ean, Ibarretxe planaren kontrako 313 boto bildu zituzten Kongresuan. PSOEk, PPk, IUk, Kanariar Koalizioak eta Chunta Aragonesistak aise gainditu zuten gehiengo osoa.
Harritu ez, baina tristura eta haserrea eragin zizkion Izquierda Unidaren jarrerak Oskar Matuteri. Orduan, Ezker Batua-Berdeen eleduna zen Eusko Legebiltzarrean, eta Kongresuan zegoen. «Egun tristea izan zen», gogoratu du: «Egoskorkeria handiz hartu zuten [Ibarretxe], eta PSOEren eta PPren egoskorkeria ez zen ustekabekoa, baina niri min handia egin zidan Izquierda Unidaren jarrerak. Ez zuten eztabaidatzeko aukerarik eman».
Matuteren esanetan, emaitza hark agerian utzi zituen «Espainiako Estatua euren jokaleku duten korronte politikoek zailtasunak dituztela errealitatea ulertzeko». Haren ustez, zaila izan zen jarrera hura ulertzea demokraziari dagokionez: «Euren espainiar subiranotasun nazionala lehenesten zuten, izate unitario bat balitz bezala. Eta guk adibide inozo batekin erantzuten genien: batasun hori defendatzea zera esatearen parekoa zela, 2005ean Espainiako Estatuan bikotekidearen baimena behar zuela norbaitek dibortziatzeko».
Ez zen ezerezetik atera
2005eko otsailera, baina, ez ziren bat-batean iritsi. Ardantza planari erreparatu dio Ariztondok, baita PPren eta PSE-EEren ezezkoek Ajuriaeneko Itunari emandako azken ziztadari ere. Hain justu, hilabete gutxira iritsi zen Lizarra-Garaziko akordioa. «Uste dut hortik hasi zela mugimendua», zehaztu du EBBko idazkari ohiak.
«Ikusi genuen gauzak oso gutxi mugitu zirela, ezkerreko nahiz eskuineko espainiarrek ia jarrera berbera daukatela mugimendu abertzaleei dagokienez»
UXUE BARKOSNafarroa Baiko diputatu ohia
Hain justu, Matutek parte hartu zuen Lizarrako prozesuan, eta uste du han jorratu zirenek izan zutela isla Ibarretxeren planteamenduetan: «Mahai gainean jarri genituen jarrera politikoen zati handi batek bidea egin zuen Ibarretxeren proposamenean».
Besteak beste, erabakitzeko eskubidea agenda politikoan ezartzeko balio izan zuen itun hark. Are gehiago, Xabier Barandiaranek, egun EBBko kide denak, beste bi ondorio plazaratu zituen Jakin aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Batetik, akordioak mahai gainean jarri zuen ezinezkoa zela «nazio eraikuntza agertoki demokratikotik kanpo garatzea»; bestetik, honako ideia hau azaleratu zuen: Gernikako Estatutuaren garapen ezak «tresna hil» bihurtzen du estatutua.
Akordio haren ostean, ezker abertzaleak ordura arteko emaitza onenak eskuratu zituen 1998ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan, eta haren babesa ezinbestekoa izan zuen Ibarretxek Ajuriaeneara iristeko.
Mende aldaketarekin, ordea, «amaiera bortitza» izan zuen auziak, Ariztondok gogoratu duenez. ETAk su etena hautsi zuen, eta, horrekin batera, itunaren amaiera iritsi zen. Ibarretxek bozetara dei egin zuen, eta hauteskunde kanpaina hartan bere asmoen berri eman: «Euskal gizarteari dagokio bere etorkizuna erabakitzea».
EAJren eta EAren arteko koalizioak aise irabazi zituen boz haiek, eta Ezker Batua-Berdeen babesarekin lehendakaritzan mantendu zen Ibarretxe. Hala, 2001eko urriaren 25ean, autogobernuari buruzko eztabaida monografikoa egin zen Eusko Legebiltzarrean, eta «autogobernuan sakontzeko batzordea» sustatu zuten, 1979ko estatutua osorik eta «premiaz» garatzeko asmoz. Hark Jaurlaritzari eskatu zion proposamen bat egiteko jorratutako gaiak kontuan izanik, eta 2003ko urriaren 25ean aurkeztu zuten hura.
Urtebete geroago heldu zen Eusko Legebiltzarrera behin betiko onarpenari buruzko eztabaida: 2004ko abenduaren 30ean.
Eusko Jaurlaritza osatzen zuten hiru alderdiak, EAJ, EA eta Ezker Batua-Berdeak, proposamenaren alde zeuden, baina haien botoak ez ziren nahikoak aurrera egiteko, eta 17:05 arte uste zen han etengo zela bidea —09:00etan hasi zen bilkura—. Orduan, baina, Sozialista Abertzaleak taldeko eledun eta EH Bilduko egungo koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik ezker abertzalearen jarrera zein zen azaldu zuen. Hiru baiezko —«Bai Euskal Herriari, bai autodeterminazioari eta herri kontsultari, eta bai denen arteko akordio zabal bati»—, eta hiru ezezko «duela 25 urte egindako akatsei, interes eta proiektu alderdikoiei eta estatutu berri bati». Hala, proposamenak gehiengo osoa zuen.
Garaiko kazetaritza kronikek «ezusteko» gisa kalifikatu zuten erabaki hura. Ezustean harrapatu zuen Matute bera ere; hark plana defendatu zuen legebiltzarrean, Ezker-Batuaren izenean. Oroitzapen ona du, baina: «Egun ona izan zen; uste dut oraindik ere erantzuteke daudela estatus politiko berri baterako proposamenean ageri ziren afera ugari, euskal herritar askoren eskaerak eta gogoak; azken hauteskundeei erreparatzen badiegu, badirudi gehiengoarenak».
Ariztondok, baina, ez du irakurketa hain positiboa egin: «Ez nuen espero hain momentu larrian ezker abertzaleak taktizismo hutsez jokatzea». Izan ere, honela interpretatu zuen hark Sozialista Abertzaleen erabakia: «Badaukazu [Madrilera] joateko beste, baina segi eta hor konpon».
Bidea, baina, ez zen erraza izan EAJ barruan ere. Barandiaranek azaldu zuenez, prozesuak eztabaida bat ireki zuen alderdian: «Zenbaiten ustetan, Ibarretxeren proposamenak adostasunean oinarrituriko jeltzaleen kultura politikoarekin hautsi zuen, ordura arte zuen zentraltasun politikoa arriskuan jarriz». Halere, Ariztondok ez dio hainbesteko garrantzia eman nahi horri: «Kanpoan entzuten genituen kontuak eta guk barruan bizi genuena ezberdinak ziren. Elkarrizketa luzeak izaten genituen, bai, baina zalantzan jarri izan balitz, Ibarretxe ez zitekeen gure hautagaia izango 2005eko hauteskundeetan, ezta horien ostekoetan ere».
Hain justu, Madrildik itzuli berritan deitu zituen bozak Ibarretxek.
Bi hamarkadaren ostean
Prozesu hark, baina, eman al du irakaspenik estatus politikoaren auzia mahai gainean den honetan? Orduko hartan, Ibarretxek adierazi zuen «aukera historiko bat» galdu zela Kongresuaren ezezko harekin, baina Matute ez da hain ezkorra: «Aukera bat galdu zen, bai, baina nazio aitortzaren aldeko borrokak zeharkatzen du herri honen historia». Eta uste du hori agerian dela gaur egun ere.
«Egoskorkeria handiz hartu zuten [Ibarretxe], eta PSOErena eta PPrena ez zen ustekabekoa, baina niri min handia egin zidan Izquierda Unidaren jarrerak»
OSKAR MATUTEEzker Batua-Berdeen legebiltzarkide ohia
Madrilera begira, berriz, Matutek uste du inkestek erakusten duten alternatiba —PPren eta Voxen gehiengoa— baino hobea dela Kongresuaren egitura halako auzi bati heltzeko, eta gehitu du gehiengoa osatzeko formulari erreparatzea besterik ez dagoela horretarako. Halere, «78ko erregimeneko alderdia» izanik, ez du erraza ikusten PSOE mugiaraztea, nahiz eta uste duen indar egiten jarraitu beharra dagoela: «Gobernuan mantentzeak, hein batean, badu zerikusia bide honi erantzun bat topatzearekin».
Barkosek ez du uste egun aukerarik denik Madrilen Ibarretxe planaren moduko proposamen bat onartzeko. Haren esanetan, Espainiako Gorteetan eragile berriak daude, baina testuingurua ez da hainbeste aldatu. Gogoratu du amnistia legea sustatu zuen PSOE bera dela aurrez 155. artikulua ezartzen lagundu zuena, eta gehiengoa eskuratzeko beharra dela bataren eta bestearen arteko aldea. Halere, aurrera egin ahal izateko, beharrezkotzat jo du behin eta berriz indar egitea.
Kongresura, baina, etxeko lanak eginda iritsi beharko litzateke, eta horri erreparatu dio Ariztondok. Uste du bakoitzak bere ondorioak atera behar dituela iraganean gertatutakoez, eta horiek baliatu «tradizio politiko ezberdinen» arteko elkargune bat topatzeko. Izan ere, defendatu du gehiengo zabalak garrantzitsuak direla halako prozesu bat garatzeko: «Gehiengo estuak aldakorrak dira, eta ez da ona gizarte batentzat funtsezko oinarriak unean uneko gobernuaren pentsamenduaren arabera aldatzea».
Hori bai, adierazi du ezin dela zalantzan jarri Euskal Herriaren nazio izaera, eta hortik abiatu behar dela garapena: «Eztabaida hori ekidin ezina da hamarkada honetan».