Ez du aurrera egin. Mugituko kideek aurkeztutako helegitea atzera bota du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak tartakaden auziagatik jarritako sententzia berretsi du: bi urteko espetxe zigorra Mugituko kide Julio Villanueva, Gorka Ovejero eta Ibon Garciari, 2011ko urrian Okzitaniako Tolosan Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari tarta bana jaurtitzeagatik; eta urte batekoa, berriz, Mikel Alvarezi, konplize izateagatik. Ezarritako isunak ere berretsi ditu oraingo epaiak: 900 euro Villanueva, Garcia eta Ovejerorentzat; eta 300 euro, berriz, Alvarezentzat. Gainera, Barcinaren akusazio partikularreko gastuak ordaindu beharko dituzte Mugituko kideek.
Auzitegi Gorenaren epaiak dio Mugituko kideen errugabetasun presuntzioa ez zela urratu haien kontrako epaiketan. Iazko azaroan egin zuten, Madrilen. Erakunde horrek erabaki du, halaber, auzia Okzitanian ikertu izanak ez duela Auzitegi Nazionalean egindako prozesua baliogabetzen.
«Epaia politikoa eta neurrigabea da», salatu zuen Mugituk, atzo, Auzitegi Gorenaren erabakiaren berri izan eta gero. «Epaiketa politikoa izan zen, eta sententzia ere bada». Herritarrak abiadura handiko trenaren aurka lanean jarraitzera deitu zituen Mugituk.
Aralarrek ere kritikatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, eta «protesta kriminalizatzeko saioa» salatu zuen. Barcinari tartak jaurti zizkiotenen aurkako sententzia «neurrigabea» dela erantsi zuen.
Mugituko kideen kontrako zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak, tartakadengatik
Ebazpena «politikoa» dela salatu du abiadura handiko trenaren kontrako taldeak.AHTaren aurka lanean jarraitzera deitu ditu herritarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu