Mugimendu Sozialistak lehenbailehen konpondu nahi du Gasteizko eta Bilboko jaietako txosnetan parte hartzearen inguruan sortutako arazoa. Uste du posible dela «elkarlanean» aritzea eta elkarrizketak abiatzeko «espazio egokiak» sortzea, eta, hargatik, «elkarrizketaren eta adostasunaren bideari» ekitera deitu ditu Bilboko konpartsak eta Gasteizko txosnak.
Gasteizko GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak, eta Bilboko Luberri konpartsak agerraldia egin dute gaur Gasteizen, eta agiri bateratu bat irakurri dute, Gasteizko eta Bilboko jaietan parte hartzen uzteko eskaria berretsiz. Azpimarratu dute auzia bideratzeko «borondatea» dutela eta prest daudela «konfiantzak eraikitzeko» egoera konpondu dadin.
Duela aste pare bat Euskal Herriko 150 kulturgilek jai herrikoiei buruz idatzitako gutuna gogora ekarri dute agerraldian. Hartan, GKS Gazte Koordinakunde Sozialistari, Etxebizitza Sindikatuari eta Luberri konpartsari Gasteizko eta Bilboko jaietan parte hartzen uzteko exijitu zuten. Haatik, gaur salatu dute Bilboko Konpartsen Federazioak eta Gasteizko Txosna Batzordeak ez dituztela aintzat hartu eskari horiek, eta euren jarrerari eutsi diotela.
Gasteizko Txosna Batzordeak kaleratutako oharrari erantzunez, Mugimendu Sozialistako kideek ukatu egin dute gainontzeko eragileak errespetatzen ez dituztenik eta ados jartzeko prest ez daudenik. «Guk Euskal Herriko hamaika herri eta auzotan partekatzen ditugu txosnaguneak beste eragile askorekin, eta horrek erakusten du gutxiengoen arteko elkarlana gauzatu daitekeela», adierazi dute. Gogora ekarri dute Gasteizko txosnetan Ikasle Abertzaleak taldeak parte hartzen duela, eta galdetu dute haiekin «elkarlanean» aritzea posible bada zer dela-eta ez den posible berdin aritzea GKSrekin eta Etxebizitza Sindikatuarekin. Bi mugimendu horiek ere txosnetan parte hartzeko «oinarriak» betetzen dituztela eta «elkarlanerako gutxiengoak ere» beteko dituztela azpimarratu dute.
Bestetik, Bilboko konpartsek esandakoari erantzunez, adierazi dute Luberri konpartsa kanpoan uzteko erabakia ez datorrela bat konpartsen «izaera parte-hartzaile eta herrikoiarekin». Gogoratu dute Bilboko konpartsek eta Gasteizko Txosna Batzordeak «izaera zabala» izan dutela urte luzez, eta GKSk, Etxebizitza Sindikatuak eta Luberri konpartsak ere nahi dutela horren parte izan, horretarako baldintzak betetzen baitituzte. «Uste dugu gure oinarriek eta eguneroko jardunak erakusten dutela toki bat merezi dugula».
Mugimendu Sozialistako kideek uste dute ez dutela zentzurik auzia «iraunarazteak», ezta debekuari eusteko «interes alderdikoek eta itxitasunak» ere, eta elkarlanerako aukera badela azpimarratu dute. Hala, begi onez hartu dute Gasteizko Txosna Batzordeak borondatea agertu izana urritik aurrera gatazka konpontzeko, baina uste dute berandu gabe eman beharko litzatekeela pauso hori; ahal dela, «gaurdanik». Adierazi dutenez, aurtengo jaiak «testuinguru aproposa dira» elkarlanerako oinarriak jartzen hasteko, eta datozen hilabeteak elkarrizketarako eta adostasunak lortzeko baliatzeko eskatu dute.