«Mugimendu munizipalista oso bat» islatu nahi dute EH Bilduk eta EHBaik

Konferentzia Munizipalista antolatu dute egun berean indar biek, Azpeitian eta Angelun: martxoaren 22an. Esan dute Euskal Herriko zazpi herrialdeak munizipalismotik lantzeko aukera duen indar politikoa dela ezker subiranismoa.

EH Bildu eta EHBairen agerraldia, gaur. EH BILDU
EH Bildu eta EHBairen agerraldia, gaur. EH BILDU
xabier martin
2025eko urtarrilaren 17a
14:00
Entzun

EH Bilduk eta EHBaik egun berean egingo dituzte euren Konferentzia Munizipalistak, martxoaren 22an: lehenak Azpeitian (Gipuzkoa), eta bigarrenak, Angelun (Lapurdi). Ezkerreko koalizioek esan dute «jauzi bat» egingo dutela modu horretan: «Ezker subiranismoak mugimendu munizipalista oso bat eratzen du. Euskal Herriko zazpi herrialdeak munizipalismotik lantzeko aukera duen indar politiko bakarra da, gure nazioa munizipalismotik marrazteko baliabideak dituen euskal indar politiko bakarra». Hala, «nazio eraikuntzari udalgintzatik egin ahal zaion ekarpena aztertu, eta udal esperientzien trukaketa» egingo dute Azpeitian eta Angelun.

EH Bildu eta EHBaiko kideek azpimarratu dute ezker subiranismoak tradizio munizipalista handia duela mugaren bi aldeetan. Jakinarazi dute asteburu honetan beste alkatetza bat lortu duela EHBaik, Ahetzeko herriko bozak irabazi ondoren. «Euskal Herrian udalgintzak balio estrategiko propioa izan du, Lizarrako Estatutua, 77ko alkateen mugimendua, Udalbiltza... balio horrek hainbat adierazpide ditu», azaldu dute. Egungo testuinguru politikoan ere munizipalismoak garrantzia berezia izango duela uste dute, eta testuinguruari loturik «hiru eremu administratiboetan estatus politikoa gainditzeko irekiko diren prozesuei» erreparatu diete.

Herritarren ongizatea

Datozen urteetan «erronka kolosalak gainditzeko ibilbidearen oinarriak» ezarri behar direla azaldu dute, eta oinarri horiek «ezinbestean» udal politikak bildu behar dituztela. «Ezin izango ditugu gainditu tokian tokiko langintza komunitarioari izkin eginez», erantsi dute. Hori dela eta, «herritarrei ziurtasuna eskaintzeko ardura» hartua dutela nabarmendu dute EH Bilduk eta EHBaik. «Erakutsi dugu udal politika herritarren ongizatea bermatzeko erabiltzen dugula; udalak eta udaleko zerbitzu publikoak herritarren eskubideetan sakontzeko eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko erabiltzen ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.