Igandean hasiko dira Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak, eta mugimendu feministak eta Lumagorri kolektiboak berriro ere aktibatuko dituzte festa giroan ohikoak izaten diren telefonoak indarkeria matxistari aurre egiteko. Urtero bezala, jai giroan izan ohi diren erasoak salatzeko modua emango dute bi mugimenduek, telefonoz. Jaiek dirauten bitartean, edozein eraso matxista edo LGTBIfobiko salatzeko bi telefono zenbaki eskura jarriko dituzte: mugimendu feministak 747-41 48 34 telefonoa jarriko du martxan, eta Lumagorri elkarteak, 633 30 96 53. Eguneko 24 orduetan aktibo egongo dira zenbakiok.
Gasteizko Mugimendu Feministak eta Lumagorri elkarteak modu koordinatuan jardungo dute jai guneetan gerta litezkeen erasoen aurka; gainera, mugimendu feministak protokolo bat abiatuko du eraso matxistei aurre egiteko. Besteak beste, erasoa jasan duen biktimari laguntza eskainiko diote, eta, erasoak publikoki salatzeko, elkarretaratzeetara deituko dute erasoa izan eta biharamunean—betiere egoerak kasuan-kasuan aztertu ondotik—.
«Maskulinitatearen goraipamena eta alkohola batzen direnean, bazterretan bizi garen emakumeen, arrazializatuen eta LGTBI pertsonen kontrako osagai arriskutsuak nahasten dira»
CLAUDIA UGARTE Lumagorri elkartea
Lumagorri elkarteak, berriz, telefono bidez ez ezik, salaketak Internet bidez egiteko aukera ere emango du. Sexu orientazioagatik, genero adierazpenagatik eta identitateagatik egindako irain, diskriminazio edota erasoren bat sufritu edo ikusi duen edonork erabili ditzake bide horiek salaketa egiteko, Claudia Ugarte Lumagorri elkarteko kideak azaldu duenez. Gogoratu duenez, Ikusguneren urteroko txostenek agerian uzten dute toki publikoetan izaten direla kolektiboaren kontrako eraso gehienak, eta jai giroan ere ohikoak izaten direla: «Maskulinitatearen goraipamena eta alkohola batzen direnean, bazterretan bizi garen emakumeen, arrazializatuen eta LGTBI pertsonen kontrako osagai arriskutsuak nahasten dira».
Protokolo «irekia»
Mugimendu feministaren protokoloak helburu hirukoitza izango du—«pedagogikoa, prebentiboa eta erantzunari begirakoa»—, eta «moldagarria» izango da egoeraren eta testuinguruaren arabera, Aitziber Romero eta Alejandra Codesal kideek jakinarazi dutenez. Ikaskuntza eta hausnarketa kolektibotik sortua da tresna, eta «irekia» izango da, hau da, tokian tokiko egoeren araberako erantzunak egituratzeko modua emango du. Gainera, mugimendu feministatik harago doan erreminta bat izatea nahi dute, iritzita jaietan parte hartzen duten guztien ardura dela eraso matxistei aurre egitea.
«Ikaskuntza eta hausnarketa kolektibotik sortu da protokoloa, eta irekia izango da: tokian tokiko egoeren araberako erantzunak egituratzeko modua emango du»
AITZIBER ROMEROGasteizko Mugimendu Feminista
Mugimendu feministako kideek azpimarratu dutenez, bortxa matxista ororen gaineko gogoeta sustatzea, eta prebentzio eta disuasio lana egitea lortu nahi dute jaietako protokoloarekin. Hala, komunitatearen babesa ziurtatu nahi dute eraso bat salatzean edo hari aurre egitekoan, bai eta indarkeriarik gabeko espazioak eta jai guneak lortzeko bidean «erantzun kolektiboa» egituratzeko baliabideak sortzea ere.
Eraso matxisten aurkako protokoloa herri mugimenduekin, GEU elkartearekin eta erdiguneko hainbat tabernarekin batera landuko da, helburua baita «parranda eta txosnagunea espazio seguru, plural eta feminista» izatea, eta prest daude beste edozein eragilerekin eta saltokirekin partekatzeko. Nolanahi ere, argi utzi dute guztiena dela jaietako espazioak zaintzeko ardura, eta ez soilik «sexu disidente eta emakumeena».