Leonorrek, iragan ostiralean bikotekide ohiak Pasai Antxon (Gipuzkoa) hil zuen emakumeak, gizonaren kontrako salaketa jarri zuen 2020an, indarkeria matxistagatik. Hark jarritako espedientea bi urte geroago itxi zuten, 2022an.
Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak auzitan jarri dute salaketak izan zuen jarraipena eta ibilbidea. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ez ditu batere prezatu Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestaren hitzak, esan baitu protokoloak ondo funtzionatu duela. «Zerk funtzionatu du ondo?», galdetu dute: «Leonorrek salaketa jarria zuen, eta indarkeria matxistaren espedientea zabalik izan zuen urte batzuetan. Horren ondoren gizon horrek berak erail du Leonor; nola egin dezake Emakundeko zuzendariak balorazio hori?».
EAEko Arartekoak, berriz, uste du hilketa matxista horrek azalpenak eskatzen dizkiola gizarte osoari. Ez hori bakarrik: erakundeei, kasurako, «kasu hori eta horren inguruabarrak zorrotz berrikustea» galdegiten diela. Arartekoaren arabera, erakundeei galdera zuzen bat egina zaie, Leonorren kasuan gertatu dena ulertzeko: «Zergatik, Leonorrek salaketak egin arren, ezin izan duten emakume hori babestu, eta zergatik ezin izan duten galarazi emakume horrek orain urte batzuk salatu zuen erasotzaileak azkenean bera hiltzea».
Arartekoak samin eta atsekabe handiz gaitzetsi du emakumearen hilketa matxista, haren bikotekide ohiak tiroka bizia kendu baitzion ostiralean, Pasai Antxoko bere bizilekuan. «Matxismoaren ondoriozko krimen horrek azalpenak eskatzen dizkigu gizarte gisa. Arartekoak bat egiten du Leonorren seme-alaben, senideen eta lagunen saminarekin. Haiek, hemendik aurrera, erakundeek eman diezaieketen laguntza guztia jaso beharko dute, batez ere krimen horrek beren bizitzan sortutako kaltea ahal den neurrian konpontzeko».
Aurten Euskal Herrian gizonak hildako seigarren emakumea da Leonor, eta nahikoa dela erran du mugimendu feministak. Indarkeria matxista «sistema oso batek babesten» duela salatu du, eta «sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria» dela. Emakumeei bizitzako alor guztietan eragiten diela gehitu du: «Emakumeak soilik emakume izateagatik erailtzen gaituzte».
Emakumeen Mundu Martxak gaur antolatu ditu Pasaiako (Gipuzkoa) larunbateko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean: Bilbon, 19:30ean, Arriaga plazan; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan, ordu berean; eta Iruñean, 20:00etan, Udal plazan. Ohar bidez, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak «elkartasun osoa» adierazi die Leonorren senideei, lagunei eta gertukoei.
Azkenik, autodefentsarako deia zabaldu du. «Badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresnarik eraginkorrenak». Elkarretaratzeetara deitzeaz gain, indarkeria matxistari aurre egiteko, «lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzea ere» eskatu du.
Ikusi gehiago
EAEko Arartekoak ere «samin eta atsekabe handiz» gaitzetsi du Pasaiako hilketa. Erakundeei eskatu die eman diezaietela ahal duten laguntza guztia Leonorren haur, senide eta ingurukoei. Ondoko beste eskaera ere egin du: «Euskal gizarte osoari eta bere erakundeei, irmoki konprometi daitezela egiturazko gaitz horren kontra eta ideologia eta balio matxisten kontra borrokatzeko».
Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu kontseilua ezohiko bilkuran elkartu da eguerdian, eta ondoren elkarretaratzea eta adierazpenak egin ditu. Pasaian gertatutako «krimen matxista horren errefusa eta gaitzespenik handiena» adierazi ditu.
Emakumeek pairatzen duten bortizkeria «emakumeen gaineko kontrola eta nagusitasuna betikotzea helburu duen egiturazko arazo baten ondorio» dela adierazi du aldundiak. Gehitu du pertsona ororen bizi eta askatasun errespetua «oinarrizko eskubidea» dela, «gizarte gisa, irmo defendatu» behar dena; baita «beharrezkoa dela emakumeen eta gizonen berdintasunerantz aurrera egitea» ere, «indarkeria matxistarik gabeko lurraldea eraiki ahal izateko, emakumeak berdintasunean eta askatasunean erabat bizi ahal izateko». Aldundiak ahalegin horretan jarraituko duela zehaztu du, «emakumeen aurkako indarkeria behin betiko desagerraraztea lortu arte».