Euskal Herriko emakume migratzaile feministen erakundeek eta perutar jatorriko herritarren elkarteek deituta, elkarretaratzea egin dute Bilboko udaletxearen aurrean, Yanely Gonzalesen hilketa salatzeko. Bikotekideak hil zuen atzo, Bilboko Santutxu auzoan. Yanelyrentzat justizia exijitzen dugu. Erasorik ez erantzunik gabe leloa idatzita zeraman pankarta bat zabaldu ostean, minutu bateko isilunea egin dute, eta, ondoren, elkarretaratzean batu diren 50 bat emakumeak oihuka hasi dira: «Nazkatuta gaude indarkeria guztiekin», «Nahikoa da, hilketa gehiagorik ez», «Autodefentsa feminista», «Erasorik ez erantzunik gabe» eta abar.
Jarraian, hiru emakumek txandaka irakurri dute agiria: «Yanely, haren erasotzailearen biktima ez ezik, sistema kolonial, patriarkal eta arrazista oso baten biktima ere bada». Elkarretaratzearen antolatzaileek gogorarazi dute indarkeria matxistak hildako emakumeetatik ia erdiak direla migratzaileak: «Minutu bateko isilaldiek eta agintarien adierazpenek ez dute ondoriorik izan gure biziak babesteko. Konpromisoak behar ditugu, emakume migratzaileok aintzat hartu eta subjektu eskubidedun gisa hartuko gaituztenak».
Zenbait neurri eskatu dituzte. Espainiako Atzerritarren Legea bertan behera uztea, esaterako, «muga igaro bezain pronto gu kriminalizatzen baikaitu eta oztopoak jartzen baitizkigu». Baita zaintzan, ostalaritzan eta beste zenbait sektoretan dauden «prekaritate egoerak salatu eta ezabatzea» ere. «Horri ekin ezean, agintariek laguntzen dute gure zaurgarritasun maila handitzen, indarkeria patriarkala uztartzen baita indarkeria arrazistarekin eta indarkeria ekonomikoarekin».
«Euskal Herrira gatozen emakume migratuok ez gara mehatxua», esan dute. «Bizitzari eta zaintzei eusten laguntzen dugu, prekaritate eta zapalkuntza egoerak gorabehera. Benetako mehatxua estatua da, haren instituzio eta legeak, haien joera arrazista eta kolonialen bidez indarkeria matxista areagotzen baitute».
Bukaeran, azken urteotan Euskal Herrian hildako beste zenbait emakume migratzaile ere gogoan hartu dituzte: Rebeca Huayta boliviarra, Maghette Mbeugou senegaldarra, Yenny Sofia Rebollo kolonbiarra eta Maureen Ada Otuya nigeriarra: «Bati eraso eginez gero, denoi egiten digute eraso».
«Jendea ez da konturatzen gure ahaleginaz»
Elkarretaratzean ugariak izan dira perutar jatorriko emakumeak —Gonzales sortzez bertakoa zen—, horietatik asko Peruko futbol selekzioaren elastikoa soinean: «Perutarrok bereziki aztoratu gaitu hilketa honek», esan du Graciela Garciak. «Hain neska gaztea, aurretik bizitza osoa zeukana... Indarkeria matxista ezabatu egin behar da, gizartean, kalean eta lanpostuetan ere, hor indarkeria handia baitago. Gu lan egitera etorri gara, gure bizitza proiektuak aurrera ateratzera, eta jendea ez da konturatzen nolako ahalegin handia egin behar izan dugun: gure familia, kultura eta herrialdea atzean utzi behar izan ditugu. Baina ez gara etorri tratu txarrak jasatera edo umiliatuak izatera, eta are gutxiago erailak izatera».
Kontzentrazio horrez gain, beste hainbat egin dira, oso jendetsuak, Euskal Herriko Mundu Martxak deituta, Eraso sexistarik ez, autodefentsa feminista! lelopean. Mundu Martxak «behingoz» benetako neurriak hartzeko eskatu du «egungo jarrera konplizeak alboratzeko eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko». Indarkeria matxistaren aurka, neurriak hartu eta dagokion dimentsio politikoa eta soziala eman beharrean, erakundeek «pasibotasunez» eta gizarteak «konplizitatez» jokatzen dutela uste du. «Ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoak areagotuz doaz».
Ildo horri jarraituz, Urruñako kontzentrazioan (Lapurdi), Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak salatu du indarkeria matxista ez dela lehen mailako gai politikoa, ezta lehentasunezko gai publikoa ere, «gaur egun dagoen indarkeria masiboena eta larriena bada ere». Uste dute badela garaia «gizarte osoak bere erantzukizuna har dezan». Gogoratu dute ekainean Urruñan bildu zirela, Laure Zacchelloren desagertzea salatzeko.
Indarkeria matxistatik bizirik atera direnen EAEko sareak oharra kaleratu du, Gonzalesen hilketari buruz. Komunikabideek hilketa jorratu duten modua kritikatu dute batez ere, bikotekidearen buruko gaitzak eta aurretik salaketarik ez jarri izana nabarmentzea. «Informazio hutsalaren nahaste horrek bakarrik balio du, beste behin, ideia kolektibo bat sortzeko: hilketa hauek koiunturalak direla, anekdotikoak». Salatu dute albistea emateko modua patriarkala dela: «Une oro ezkutatu egiten da indarkeria matxistaren egiturazko dimentsioa, eta betikotu egiten da».
Ospitaletik espetxera
Bilboko Emakumeen Aurkako Indarkeriako Lehen Zenbakiko epaitegiak behin-behineko espetxeratze komunikatua eta bermerik gabea ezarri dio Yanely Gonzalesen bikotekideari, ustez Gonzales hiltzeagatik. Epailea gaur goizean joan da gizona ospitaleratuta dagoen osasun zentrora. Gizonak deklaratu du, eta epaileak gero ezarri dio behin-behineko espetxeratzea. Oraingoz ospitalean jarraituko du, aparteko modulu batean, Poliziaren zaintzapean, eta sendagiria jasotzen duenean espetxe batera eramango dute.
Yanely Gonzales atzo goizaldean hil zuten, Bilboko Santutxu auzoko etxebizitza batean, eta, ustez, haren bikotekidea da hiltzailea. Etxean entzuten ziren oihuek ohartarazita deitu zuten bizilagunek larrialdi zerbitzuetara. Zerbitzuok bikotea bizi zen etxera iritsi zirenean, emakumea arma zuriz zaurituta aurkitu zuten, larri. Han bertan hil zen, zauri horien eraginez. 31 urte zituen.
Ertzainak eta Bilboko udaltzainak iritsi zirenean, gizona etxean zegoen, eta atxilotu egin zuten, hiltzailea delakoan. Segurtasun Sailaren arabera, ez zuen genero indarkeriako aurrekaririk eta ez zegoen indarkeria matxistaren zerrendetan. Hainbat hedabidek argitaratu dutenez, emakumeak telefonoz deitu zion atzo gauean bere amari, gizona bere onetik aterata zegoela ohartarazteko.
Lau hilketa matxista
Gonzalesena Euskal Herrian aurten izan den hirugarren hilketa matxista da, eta 2003tik 122.a. Maiatzean 33 urteko emakume bat aurkitu zuten hilda Donibane Lohizuneko Paris hotelean (Lapurdi), eta haren bikotekidea atxilotu zuten. Hamabost bat egun lehenago, emakumea artatu behar izan zuten Ziburuko hotel bateko bosgarren solairutik erori zelako. Maiatzaren 1ean ospitaletik desagertu, eta handik bi egunera atzeman zuten gorpua.
Ekainean, berriz, 43 urteko emakume bat desagertu zen Urruñan (Lapurdi): Laure Zacchello. Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu zuen ustezko hilketagatik. Haren senarra atxilotu, eta behin-behinean preso sartu zuen Frantziako Poliziak.
Ekainean egin zuen agerraldian, prokuradoreak erran zuen hipotesi guziak zabalik zeudela, baina indarkeria matxistako kasu bat zelako ustea lehenetsi zuen. Zacchello senarrak hil zuelakoan, iradoki zuen hura bizirik aurkitzeko aukera urriak zirela. Bi instrukzio epaile izendatu zituzten kasua eramateko. Desagertuaren senarra erreserbako jendarme aitzindari izana da, gerra armak bazituen etxean, eta horiek ere desagertuak zirela jakinarazi zuten orduan.
Miaketak egiten aritu ziren uda aitzineko egunetan. Lekukotasunen biltzeko deia ere zabaldu zuen Poliziak, Zacchelloren argazki batekin eta senarrarena den gorri kolore biziko 4X4 autoaren argazkiarekin. Inguruko oihan eta mendi eremu guziak arakatu zituzten, baina ez zuten emakumearen arrastorik aurkitu. «Senarra biziraupen tekniken zalea da, kirolaria, ehiztaria; Ipar Euskal Herriko barnealdea arras ongi ezagutzen du», zehaztu zuen ordu hartan Baionako polizia judizialeko komisarioak.
Bortizkeria aurrekariak ere bazituen gizonak. Prokuradoreak esplikatu zuen emaztea otsailaren 10ean joan zela polizia etxera, senarra «jazartzen» zitzaiola seinalatzeko, baina salaketarik jarri gabe. Bortizkeria sexisten biktimen elkartekoengana joatea aholkatu zioten.
Aurreko horiez gain, beste emakume bat hil zuten uztailean, Panaman: Eneritz Argintxona Fraile. Costa Rican boluntario zebilen, eta Panamara joan zen egun batzuk igarotzera. Carenero uhartearen inguruan agertu zen haren gorpua, justu familiak haren desagerpena salatu berritan. Poliziak bi gizon atxilotu ditu, eta feminizidio gisa ikertzen ari dira kasua.
Iaz lau emakume eta haur bat hil ziren Euskal Herrian indarkeria matxistarekin lotuta. Hiketa matxista horietako bat Bilbon izan zen, Santutxu auzoan. Ertzaintzak 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, hark bere burua entregatu ostean. Aitortu zuen labana sartuta hil zuela emakumezkoa. Ustezko hiltzailea eta biktima senideak ziren. Gizona espetxeratu egin zuten.