Mugimendu feministak mobilizatzera deitu du azaroaren 25erako

'Ez bazara konponbidea, arazoa zara' lelopean egingo dituzte manifestazioak.

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren agerraldia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren agerraldia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko azaroaren 14a
18:09
Entzun

Astebete pasatxo barru izango da, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Horren karietara, gaur agerraldia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, Donostian, eta iragarri dute protesta egingo dutela. Aldarrikatuko dute garaia dela denek ardurak hartzeko; Ez bazara konponbidea, arazoa zara leloaren bueltan elkartuko dira.

Urtero legez, bost hiriburutan egingo dituzte manifestazioak. Gainera, herrietan mobilizazioak antolatzera ere deitu dute.

manifestazioak

  • Gasteiz. San Anton plazatik abiatuta, 19:00etan. 
  • Bilbo. Jesusen Bihotzetik aterako dira, 19:00etan.
  • Iruñea. Gazteluko plazan batuko dira, 20:00etan.
  • Donostia. Bulebarretik aterako dira, 19:00etan.
  • Baiona. Herriko etxearen aurrean elkartuko dira, 18:30ean.

Mugimendu feministako kideek nabarmendu dutenez, bortxa matxista erabat zabalduta dago: «Egunerokoan erabat normalizatuta dauzkagu erasoak, bortxaketak, beldurra, erailketak...». Baina erro bakarra du, eta, gainera, gero eta gehiago ari da hedatzen: «Sistema heteropatriarkal, kapitalista eta kolonial honek forma berriak hartzen ditu bizirauten jarraitzeko».

Aldarrikatu dute denek —bereziki gizonek— ardurak hartzeko garaia dela. Horregatik leloa ere: Ez bazara konponbidea, arazoa zara. Hala azaldu dute: «Gizon gehienek oraindik ez dute konpromisorik hartu konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxista desagerrarazteko eta salatzeko; zuentzako mezua zuzena da: ez bazarete konponbidea, arazoa zarete». Eta adibide batzuk jarri dituzte: «Arazoa zarete eraso bat jasaten dugunean gure hitza zalantzan jartzen duzuenak; arazoa zarete lagunartean txisteak eta iruzkinak mozten ez dituzuenean; arazoa zarete erasoren bat jasan dugunean justifikatzen eta errua guregan jartzen duzuenean; arazoa zarete erasoa seinalatu bai baina zuen joerak zuzentzen ez dituzuenean; arazoa zarete feministok urteetan salatzen gabiltzan indarkeriaren aurrean erantzukizunik hartzen ez duzuenean».

Komunikabideei ere erreparatu diete. Haien esanetan, zenbaitetan, emakumeei botatzen diete errua, eta kasuen «xehetasun morbosoak» aireratzen dituzte. Sare sozialez ere ohartarazi dute: «Babesteko izan daitezkeen arren, mezu faltsuak azkar zabaltzeko, iraintzeko, gorputzak kontrolatzeko bidea ere badira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.