«Ezin da esan hau animalien aldeko lege bat denik». Euskal Herriko mugimendu antiespezistak ez du begi onez ikusi EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Lagun Egiteko Animaliak Babesteko Lege Proposamena. Animaliak babestu beharrean arauak «animalien %95 kanpoan» utziko dituela salatu dute Inurri Antiespezista, Zaunk, Tafalla Antiespezista, Piztiak, Erladi Antiespezista eta Nor Euskal Herria Antiespezista taldeek, ohar batean: «Animaliak nola esplotatu definitzen du, eta erailketa sistematikoak bidezko egiten ditu».
Lagun Egiteko Animaliak Babesteari buruzko legeak 1993. urteko beste bat ordezkatuko du: Animaliak Babesteko 6/1993 legea. Horretan ez bezala, legebiltzarrean eztabaidagai den legeak debekatu egiten du txakurtegietan dauden animaliak sakrifikatzea, eta zigor gogorragoak ezartzen ditu animalien aurkako tratu txarrengatik.
Talde antiespezisten ustez, ordea, EAJren eta PSE-EEren proposamenak «ongizatearen banaketa selektiboa» egiten du, animalia asko bazter utzita: «Badirudi etxekotu eta dominatutako katuak eta txakurrak bakarrik hartu dituztela kontuan, horiek direla ongizatea merezi duten bakarrak». Zehazki, lege proposamenetik kanpo daude ehiza, arrantza, tauromakia eta haragiaren industria, besteak beste: «Hasieratik, lege honek kanpo utzi ditu kontsumorako esplotatutako animaliak, eta hori onartezina da antiespezistontzat». Hori dela eta, «gizaki batzuen interesen mesedetan» eta «animalien ustiapenaren alde» eginiko legea dela nabarmendu dute antiespezistek.
Borroka egiteko deia
Oharraren sinatzaileek nabarmendu dute legea «sistema esplotatzaile baten eta ideia espezistetan oinarritutako jendarte baten barruan» ondua dagoela. Horregatik, ez diote eskaerarik egin Eusko Jaurlaritzari. Horren ordez, herritarrei dei egin diete «sistema espezistan arrakalak egitera», «txerriek, izokinek eta oiloek ere ongizatea behar dutelako».
Mugimendu antiespezistak etxeko animalien lege proposamena txarretsi du
Salatu dute arauak ontzat jotzen duela animaliak ustiatzea. Animalia guztien ongizatea aldarrikatu dute, «ez soilik txakurrena eta katuena»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu