Mugimendu abertzalearen argazki bat

Bagira-ren inkesta erantzun dutenek garrantzi handia eman diote euskarari; gainera, beste urrats instituzional bat egitea nahi dute, eta gizarte sektore zabalekin elkarlana sustatzea. Bozetan parte hartzea eta ekintza erradikalak, biak jo dituzte ontzat.

Aberri Eguna
Aberri Eguna antolatu zuen Bagira prozesuak, apirilean, Itsasun. NAHIA GARAT
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun

2.254 herritarrek eman zuten izena Bagira prozesuaren inkestan parte hartzeko, baina, azkenean, horietarik 1.485ek baizik ez diote erantzun galdetegiari. Erantzunek modua ematen dute Ipar Euskal Herriko mugimenduaren argazki bat egiteko, kontuan hartzekoa bada ere lagin bat besterik ez dela. Hala ere, bultzatzaileek adierazi bezala, «kohesio handia» ikus daiteke plazaratutako iritzietan.

Erradiografia lehenik: inkesta erantzun dutenen erdiak baino gehiago gizonezkoak dira (%53,1), eta nagusiki Lapurdi kostaldekoak. %67,4 lan ordainduan ari dira; %19,4 erretretan daude. Hirutik bik euskaraz ongi ulertzen eta hitz egiten dute, eta %12,6 euskara ikasten ari dira. Haatik, deigarria da ikustea gehiago izan direla inkesta frantsesez erantzun dutenak (%52,1). 0tik 10erako eskalan, euskaltzale (9,1), ezkertiar (8,6), abertzale (8,4), ekologista (8,4) eta feminista (8,2) gisa agertu dira gehienak.

Hamarretik zortzik ezkerreko abertzaleei ematen diete botoa hauteskundeetan. Hamarretik bederatzik erran dute modu batera edo bestera militatzen duela. %49,5 Ipar Euskal Herriko egitura bateko kide dira, %8,7 hautetsiak, eta %7,2 egitura militante bateko langileak. Kultur edo aisialdi elkarteak dira militantzia erregular gehien biltzen dutenak (%30).

Azken urteetako bilakaera

Zerrendatutako 11 borroketatik bederatzitan aitzinamenduak ikusi dituzte inkestatuek, hala nola euskal presoak askatzeko borrokan (%78,3), laborantza iraunkorraren aldekoan (%83,2), tokiko ekonomiaren aldeko lanean (%69,4) eta euskararen aldeko borrokan (%82,7).

Beste borroka batzuei dagokienez, anitzek adierazi dute ez dela aitzinatu edo gibelatu dela: hala nola lur eta bizitegien espekulazioaren kontrako borrokan (%28,8), gatazkaren konponbide politikoan (%25,4) eta Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionalean (%29,3). «Gazteen borroka eta dinamikak» atalean (%40,6) eta desberdintasun sozialei lotutakoan (%61,5) bildu dira erantzun negatibo gehien.

Azken urte hauetan mugimendu abertzalearen sinesgarritasuna indartu ote den neurtzeko eskatuta, 6,6 izan da batezbestekoa, 0tik 10erako eskalan; gazteenek nota apalagoa eman dute, eta 65 urtetik gorakoek handiagoa.

Euskal Hirigune Elkargoa

2017an sortu zen Euskal Hirigune Elkargoa, eta erakunde horren bidez «pixka bat» aitzinatu dela uste dute inkestatuek: «Euskal Herriaren aitortzan eta indar politikoan», «lurralde komun bateko kide izatearen sentimenduan», «zerbitzu eta politika publikoetan» eta «proiektu abertzalearen ikusgarritasunean». Alderdi politikoko militanteek eta hautetsiek onespen handiagoa adierazi dute, oro har.

Haatik, lurraldeen arteko orekari dagokionez, iritzi kontrajarriak ageri dira. Barnealdean bizi diren herritarren %46,7k uste dute egoera ez dela hobetu edo gibelatu dela. Demokraziaren eta gobernantzaren arloan ere, ezkor dira inkestatuen %42,7.

Herenek uste dute egituratze instituzionalean beste urrats bat egiteko aldarrikapenak babes handiagoa duela orain Ipar Euskal Herrian, duela hamar urte baino; haatik, uste dute orduan bezainbat aukera direla hori lortzeko. Batera-ren ekarpena goretsi dute gehienek, eta garrantzitsutzat jo gisa bereko talderen bat sortzea.

Mugimendu abertzalea

XXI. mendeko euskal abertzaletasunaren oinarriak definitzeko orduan, proposatutako zortzi aukeretatik euskarak izan du nota hoberena, 10en gain (9,4). Ondoren datoz burujabetza politikoa (8,7), Euskal Herriarekiko atxikimendu sentimentala (8,6), «burujabetza energetikoa, elikadurakoa, hedabideetakoa...» (8,5), «euskal nazioa, zazpiak bat» (8,3), ekologismoa (8,2), feminismoa (8) eta sozialismoa (7,7).

Deigarria da ikustea burujabetza politikoaren aldarrikapenekin zenbateko adostasuna erakutsi duten ere: autodeterminazio eskubidearekin bat egin dute inkestatuen %87,5ek, autonomiarekin %87,5ek, eta independentziarekin %68,4k bakarrik; independentziaren kontra direnak %10,5 dira. 65 urtetik gorakoak eta BAM eremukoak bereizita, independentziaren aldeko jarrera are apalagoa da: %60ra jausten da.

Xuti Gazte-ren ekintza iazko uztailaren 14ean, Irun eta Hendaia arteko nazioarteko zubian. PATXI BELTZAIZ
Xuti Gazte-ren ekintza iazko uztailaren 14an, Irun eta Hendaia arteko nazioarteko zubian. PATXI BELTZAIZ

Mugimendu abertzaleari eremu sozial zabaletan eragiteko gaitasun mugatua ikusten diote anitzek, baina uste dute indargune bat dela borroka eta gizarte sektore zabaletan inplikatuak diren militanteak izatea. Horrez gain, hamarretik lauk iritzi diote belaunaldi haustura bat badela.

Gehienek uste dute mugimendu abertzalearen dinamika militanteek indarrak bateratu beharko lituzketela, eta agenda bateratu bat izan, haien artean koordinatzeko. Bateragunea EH Bai izan litekeela uste dute anitzek, baina tresna eta molde berriak asmatzeko beharra ere azpimarratu dute galdekatuen herenek.

Helburuak

Lehentasunezko erronketan, euskara hautatu dute gehienek. Ondotik heldu dira etxe eskubidea, ingurumenaren babesa eta klima aldaketaren kontrako borroka, burujabetza eta eskubide sozialak.

Horrez gain, instituzionalki urrats gehiago egiteko beharra ere azpimarratu dute. Ez zaie nahikoa gaur egun Euskal Hirigune Elkargoak duen hori: gehienek uste dute berriz lehen lerroan ezarri behar dela eskumen bereziko lurralde kolektibitatearen aldeko dinamika, eta Udalbiltzaren gisako instituzio nazional baterako urratsak berriz abiatu beharko liratekeela. Anitz agertu dira autonomiaren aldarrikapenaren alde, baita lehentasunez Euskal Hirigune Elkargoaren etapa indartu eta hobetzearen alde ere.

Borroka moldeak

Ipar Euskal Herrian egoera aldatzeko, tresna zehatzak eraikitzea da helduleku funtsezkoena, gehienen ustez. Gizarteko sektore zabalekin elkarlan dinamikak eratzea ere funtsezkotzat jo dute, eta ez dute uste horrek abertzaleen ahots propioa urtzea eta aldarrikapenen apaltzea dakarrenik. Horrez gain, inportantea zaie ahalik eta hautetsi gehien eskuratzea, erabakietan eragiteko eta eraldaketa soziala bultzatzeko. Bestalde, gehiengoak erran du ekintza erradikalek dituztela gauzak mugiarazten, nahiz eta herritarren parte handi batek ez onartu.

Azkenik, inkestatu gehien-gehienen aburuz biziki garrantzitsua da hauteskundeetan ezkerreko hautagai abertzaleak izatea. Gehienek hauteskunde guzietan bozkatzen dute.

Bagira prozesua

2022ko abenduan aurkeztu zuten Bagira prozesua, Itsasuko Agiria sinatu eta ia 60 urtera, Ipar Euskal Herriko abertzaleen oinarriak eguneratu, helburu eta etapa bateratuak zehaztu, eta mugimendu gisa artikulatzeko. Udaberrian inkesta bat egin ondotik, emaitzak gizarteratzen ari dira orain. Urtarrilean jardunaldiak antolatuko dituzte mugimendu abertzalearen bide orria osatzeko, eta martxoaren 31n emanen diote bukaera prozesuari, Uztaritzen (Lapurdi) eginen duten Aberri Egunean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.