Mugikortasun Jasangarriaren Legea onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak. Helburua da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mugikortasuna ahal bezain jasangarria izatea: «Karbono aztarna murriztea eta garraio intermodaleko sistema baterantz aurrera egitea, zeinak lehenetsiko duen herritarrek garraio publikoa eskura izatea». Horretarako, aurreikusi du garraio publikoaren erabilera sustatzea, bai eta oinez edo bizikletan egiten den mugikortasun aktiboa bultzatzea ere. Hala, foru aldundiak eta udalak erdigunean jarriko dituzte, eta politika ekonomiko eta fiskaleko tresnak jarri ahal izanen dituzte martxan. EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek bozkatu dute legea onartzearen alde; EH Bildu abstenitu egin da; eta Elkarrekin Podemosek kontra bozkatu du.
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuaren arabera, garrantzi handiko araua da, «Euskadi osoko gizartea egituratzera bideratuko» baitu. Ildo horretatik, gogoratu du garraio sektorearen jasangarritasunean sakontzeko garrantzitsua dela udalek eta foru aldundiek egin dezaketen lana. Legean jasota dago erakunde horiek aukera dutela mugikortasun jasangarriaren aurkakoak diren jarduerei aurre egiteko neurri fiskalak eta finantzarioak ezartzeko: tasak, kanonak, zergak eta murrizketak. Horrez gain, «ingurumenari kalte egiten ez dioten garraiobideetarako hobariak edo salbuespenak» ere eskain ditzakete.
Legeria berriak planteatzen duen mugikortasun aktiboa sustatze aldera, tokiko administrazioek mugatu ahal izanen dute autoen erabilera hiriguneetan. Horrez gain, hirien eta herrien diseinuan, martxan jarri beharko dituzte trafikoa mantsotzeko neurriak edo oinez ibiltzea lehenestekoak. Modu horretan, oinez edo bizikletan mugitzea bultzatuko dute. Zehazki, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriek aplikatu beharko dituzte neurri horiek.
Horrez gain, eraikin publikoek eta geltokiek bizikletak aparkatzeko lekuak izan beharko dituzte. Eta eraikitzen dituzten etxebizitza berriek, berriz, bizikletak babestuta edukitzeko eremuak prestatu beharko dituzte, derrigorrean.
Hiru lurraldeetan erabilgarri
Garraio publikoari dagokionez, Arriolak azaldu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden garraio txartelek hiru lurraldeetan erabiltzeko modukoak izan beharko dutela bi urte igaro baino lehen. Hau da, Bizkaiko Barik, Gipuzkoako Mugi eta Arabako BAT beren lurraldeetan ez ezik, bertze bietan ere erabiltzen ahalko dira. «Etorkizunari begira, legeak behartzen du, garraio txartel berriak sortuz gero, txartel horiek hasiera-hasieratik konfiguratu beharko direla garraio publikoko zerbitzu guztietan erabili ahal izateko moduan», erran du Arriolak.
EH Bilduren iritziz, «legeak ez du elementu negatiborik, eta zaila da esaten duenaren kontra egotea». Hala ere, Mikel Otero parlamentariak adierazi du legeak mugikortasuna bere osotasunean ez duela erregulatzen, garraio publikoa bakarrik. Haren ustez, egoera zein den kontuan hartuta, gehiago egiten duen arau bat behar da: «Energia kontsumoaren %42 mugikortasunari dagokio, CO2 isurien heren bat garraiotik dator eta mugikortasunaren %35 autoan egiten da».
Iñigo Martinezen (Elkarrekin Podemos-IU) ustez, berriz, legeak ez ditu klima aldaketaari aurre egiteko erreminta guztiak biltzen: «Lurralde politika aldatu behar da lekualdaketak saihesteko, zerbitzu publikoak eta lantegiak hurbilduz».