Bizi mugimenduak 300 zapata pare jarri ditu Euskal Hirigune Elkargoaren Baionako egoitzaren atarian, haren jarrera «jasanezinak» tokiko 300 enplegu suntsitu ditzakeela salatzeko. Izan ere, plataforma ekologistako kideek adierazi dutenaren arabera, aski frogatua da Elkargoak Enovis enpresari Mugerren (Lapurdi) proposatu dion kokalekua «lehentasunezko» hezegune batean dagoela, eta SAGE Adour Aval-en araudiaren arabera artifizializazio hori debekatua dela.
Bizi mugimenduak behin baino gehiagotan proposatu dizkio aterabide alternatiboak Elkargoari, hezegune horren lau hektarea ez suntsitzeko, baina elkarte ekologistak ez du erantzunik jaso. Bizi taldekoek uste dute posible dela Elkargoaren jarrera dela-eta tokiko 300 lanpostu galtzea. Izan ere, proposatutako alternatiba horri erantzun ezean, eta hezegunea artifizializatzea legearen kontrakoa dela ikusita, baliteke enpresak azkenean proiektuari uko egitea; horregatik uste dute lanpostuak arriskuan daudela.
Elkargoaren proiektuari Bizi taldeak aurkeztutako alternatiba jada artifizializatuta dagoen ingurune batean dago. Uste dute hor arazorik gabe egin daitekeela Envois enpresaren azpiegitura, eta lanpostu horiek ez liratekeela arriskuan egongo. Horrez gain, Mugerreko hezegunea ez litzateke suntsituko, eta ez litzateke galduko egungo biodibertsitatea.
EH Baik bere analisi propioa egin du Mugerreko hezegunearen aferari buruz; alderdiaren ustean, garapen ekonomikoak koherente izan behar du «trantsizio ekologikoaren inguruan kolektiboki» hartu diren erabakiekin. Hori dela eta, adierazi du ez daudela proiektu osoarekin ados, hezegune baten artifizializazioa ekartzen baitu. Hezegune horretan kokatuko den enpresa beste leku batean eraikitzeko ikerketa bat egiteko ere eskatu du.