Bizi mugimenduak protesta ekintza egin du gaur Mugerreko herriko etxeko atarian, herriko hezegunearen egoera salatzeko. Horrez gain, martxoaren 30erako antolatu duten egitarauaren berri eman dute, eta herritarrei parte hartzeko deia zabaldu. «Mehatxatuak diren hezeguneen defentsan» elkartuko dira 12:30ean hasita. Piknika egingo dute lehenengo, eta, horren ondoren, hainbat jarduera: hezegunearen aldeko argazki kolektiboa, hezegunea ezagutzeko ibilaldia, artifizializazio proiektuaren eta alternatiben aurkezpena, eta haurrentzako jolasak, besteak beste.
Erlazionatuta
Envois enpresari baimena eman diote Mugerreko pleitagunea hezegunean handitzeko, eta, orain dela hiru aste, hainbat elkartek salatu zuten proiektu hori lehentasunezko hezegune gisa sailkatua dagoen eremuan egingo dela. Hori dela eta, hautetsiei horren ardura hartzeko eskatu diete, eta herriko etxea legez kanpo dabilela salatu dute, pankarta batekin.
Ekipamendu medikoen enpresa bat da Envois, eta hezegunea artifizializatzearen aurka dauden elkarteek salatu dute haren proiektuak ez dituela betetzen salbuespenezko irizpideak. Biziren esanetan, lortu dute lehentasunezko hezegunea dela zehazten duen mapa, eta horregatik eskatu diote herriko etxeari alternatibak bilatzeko.