Mouguerre Cadre de Vie, Cade eta Bizi ingurumen elkarteek salatu dute, ostiral goiz honetan partetako gunean berean egin agerraldian, Mugerreko (Lapurdi) auzapez Roland Hirigoienek Enovis enpresari Mugerreko pleitagune gibelean eraikitzeko eman dion baimena legez kontrakoa dela, lehentasunezko hezegunearengatik. 2024ko urtarrilaren 30ean izenpetu zuen auzapezak eraikitzeko baimena, eta hiru hilabete ditu gibel egiteko, sekula beharra ikusten balu. Mouguerre Cadre de Vie elkarteak errekurtso administratibo bat ezarria du auzapezaren erabakiaren kontra, eta Cade elkarteak auzibidea irekiko du auzitegi administratiboan.
Baionako ateetan, Mugerre eta Lehuntze (Lapurdi) artean, Aturri ibai bazterreko eremu zabalak dira partak. Horretan kokatua da pleitagunea. Mugerreko auzapezak hamabi hektareatan eman dio eraikin berriak egiteko baimena medikuntza materialaren ekoizle Enovis enpresari. Hezeguneak dira eremu horiek.
Baimena eman aitzin, 2023ko abenduan, herritarrek tarte bat zeukaten beren ikusmoldea emateko molde elektronikoan. Ingurumen elkarteek salatu dute oso zaila zela herritarrentzat kontsulta horren berri jakitea, eta Mouguerre Cadre de Vie elkarteko kide Martine Bouchetek adierazi du trumilka dokumentu administratibo bazeudela aztertzeko: «Sekulako dokumentu andana behar izan ditugu irakurri, digeritu, ikusmolde bat zabaltzeko». Baina dokumentu bat eskas zela dio, «informazio kapitala» zekarrena: SAGE erakundearen mapa eta oharra gune horri buruz.
SAGE hori Uren Kudeatzeko eta Antolatzeko Eskema da. Ur eremuen eskumena duten erakundeak eta herritar ordezkariak biltzen ditu, eta ur eremuei buruzko arauak finkatzen ditu. «SAGEn, mapetan ohartu gara bazela lehentasunezko hezegune bat, zeinen suntsiketa debekatua baita, sinpleki», erran du Bouchetek. Lehentasunezko hezegune horientzat, gainera, ez da beste eraikuntza egitasmo batzuen gisan konpentsazio neurririk. Hain dira lehentasunezkoak, legez, non ez baita beste nonbait konpentsatzen ahal horien balio ekologikoa. «Informazio hori ez da emana izan publikoak parte har zezakeenean».
Ingurumen elkarteek erran dute «biziki harrituak» zirela egoera horretaz, ezen Hirigoien «auzapezak lur bat hitzeman baitio Enovisi, ezin erabili dezakeena». Elkarteek auzapezari eraikitzeko baimena erretira dezala eskatu diote errekurtso bidez, eta urtarrilaren 30ean hasi zitzaion hori egiteko hiru hilabeteko epea.
Auzapeza, baieztatu zain
Hirigoien auzapezak BERRIAri erantzun dio ez duela ikusten nondik izan daitekeen arazorik, eremu hori eraikigarri zekarren hirigintza plana onartua izan baita Euskal Hirigune Elkargoan, eta administrazioak ez baitzuen ezer esan orduan. Halere, Euskal Elkargoko zerbitzuekin kontrastatu nahi du ingurumen elkarteek diotena zerbait komunikatu aitzin.
SAGE egituran gaiaz arduratzen den Marie Bareillek, bere aldetik, esplikatu du Mugerreko kasua, 2000. urtean emandako antolaketa baimen baten pean dagoela, hogeita hamar urterako emana izan zena; 2030 arte, beraz. «Baimen horrek beti balio du», erran du Bareillek.
Alta, SAGE egiturak berak 2012an, lehentasunezko heze gune izendatu du Mugerreko eremu horretako zati bat Bareillek aitortu duenez. «Ingurumen elkarteak etorri dira guregana» jarraitu du Bareillek «eta esplikatu diegu errekurtso bakarra gelditzen dela», legez: «arazoa administrazio auzitegira eramatea». Epaile batek bakarrik geldiaraz dezake eraikitze baimena, hots. «Baina ezin erran epaile batek zer erabaki dezakeen».
Ikusi beharko da Mugerreko udaletxeak 2015ean abiatu zuen hirigintza planaren moldaketaren epeek eraginik izan dezaketen erabaki horretan. 2015a, 2012aren ondotik heldu baita, hau da SAGEn sailkatze berrien ondotik. Gehiago dena, hirigintza planak xeheki aztertzen dituen Euskal Hirigune Elkargoak ere Mugerreko hirigintza plan moldaketaren alde bozkatu zuen 2022an.
Gaia barnatzeko, ikus Joanes Etxebarriak, gaurko Ipar Euskal Herriko Hitzan egin erreportajea.