Mugaz gaindiko topaketak eginen dituzte Baionan otsailaren 12an

Euskal Herriko erakunde nagusietako lehendakari eta ordezkariek parte hartuko dute.

Joseba Erremundegi Euskal Hirigune Elkargoko hautetsia, mugaz gaindiko topaketen aurkezpenean. PATXI BELTZAIZ
Joseba Erremundegi Euskal Hirigune Elkargoko hautetsia, mugaz gaindiko topaketak aurkezten. PATXI BELTZAIZ
Erredakzioa
2025eko otsailaren 5a
15:58
Entzun

Mugaz gaindiko topaketak antolatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak hirugarren aldiz. Otsailaren 12an izanen dira, Baionako Michel Portal antzokian. Mugaz gaindiko eremuen «erronkak eta aukerak» aztertzea da ekitaldiaren helburua, eta Euskal Herriko erakunde nagusietako lehendakari eta ordezkariek parte hartuko dute.

Mahai ingurua eginen dute goizean, eta hartan parte hartuko dute Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Horiekin batera izango dira Alain Rousset Akitania Berria eskualdeko presidentea eta Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidentea. Galdera honi erantzun beharko diote: «Mugaz gaindiko lurraldeak herritarrekiko deszentralizazio eta lekukotasun ereduak izan ote daitezke?». Mahai ingurua Alain Lamassourek gidatuko du; Frantziako Europako Gaietarako eta Aurrekontuen Arloko ministro ohia da, diputatu eta Europako Parlamentuko diputatu izana.

Ohorezko gonbidatu bat ere izanen da ekitaldian: Miren Arzalluz, zeina berriki Bilboko Guggenheim museoaren zuzendari hautatu duten. Orain arte Europan izan duen «ibilbide eredugarria» ohoratuko dute.

Mendia eta bestak

Beste bi mahai inguru ere izanen dituzte, arratsaldean. Mendiguneez arituko dira lehenik, eta aztertuko dute zer tresna dauden eremu horietan mugaz gaindi aritzeko. Galdera honi erantzuten saiatuko dira: «Nola indartu herritarren arteko elkarlana garapen orekatua bermatzeko, ingurumenaren zaintza eta erronka ekonomikoak uztarturik?». Berako (Nafarroa) eta Sarako (Lapurdi) auzapezekin batera, hainbat erakundetako goi teknikariek parte hartuko dute eztabaidan.

Horren ondoren, besta ereduaz ere arituko dira. Hego Euskal Herriko hiru hiriburuetako alkateak, Gasteizko alkateordeak  eta Etxegarai Baionako auzapezak parte hartuko dute. Milaka jende bildu ohi dira urtero hiriburu horietako jaietan. Aukera izanen da jakiteko auzapez bakoitzak zer gogoeta dituen besten bilakaerari buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.